Jendetza bildu da kaleetan Osakidetzaren «egoera larria» salatzeko

Milaka pertsona bildu dira Donostiako, Gasteizko eta Bilboko manifestazioetan. Gotzone Sagardui jo dute egoeraren «erantzule», eta haren dimisioa eskatu dute

Bilboko manifestazioan Lehen Arretaren heriotza irudikatu zuten. M. R. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Jendea esnatzen ari da. Bere begiekin ikusten du Osakidetzan gertatzen ari dena, eta bere azalean nozitzen arreta okertzen ari dela. Horregatik bildu da jendetza hau». Esaldia Mireia Saiz Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformako (OPA) bozeramailearena da. Elkarte horrek atzoko antolatuak zituen Bilboko, Donostiako eta Gasteizko erdiguneko kaleak gurutzatu zituzten manifestazio jendetsu horiek, eta amaieran pozik zen gizartearen erantzunarekin. Bildutakoek, besteak beste, Osakidetzaren «egoera larria» salatu zuten, eta Gotzone Sagardui osasun sailburuaren dimisioa eskatu.

Bilbokoa aspaldian antolaturiko mobilizaziorik jendetsuenetakoa izan zen. Jauzi bat, osasun sistema publikoaren egoeraren inguruan deituriko aurreko protesten aldean. Udalaren arabera, 13.000 pertsona bildu ziren. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin zuen, eta, hark mobilizaturiko jende multzoa martxan sartu zenean, argi ikusi zen parte hartzaileak milaka zenbatu beharko zirela.

Manifestazioaren buruak Plaza Eliptikoa igaro zuenean atzeko muturra Jesusen Bihotza plazako irteera puntuan zegoen oraindik. Protesta koloretsua izan zen, tokian tokiko eskaeradun pankarta ugarirekin. Gehien errepikaturiko oihuak hauek izan ziren: «Ez, ez, ez, murrizketarik ez!», «Publikoa dena ez da saltzen, defendatu baizik!», «Kalitatezko osasun publiko baten alde» eta «Ez dira agintariak, gaizkileak baizik». Gasteizen eta Donostian antzeko aldarriak entzun ziren.

Amaierako hiru ekitaldiak berdinak izan ziren, eta OPAko kideek hartu zuten hitza. Bilbon, Saizek salatu zuenez, «saldu ziguten Osakidetza» irudipen hutsa zen, «ilusio optiko bat», eta egungoa osasun sistema pribatizatu, azpikontratatu eta prekarioa da, «kapitalaren eta bere negozioen interesen neurrira egituratua». Kritika horren eredu gisa jarri zuen Osakidetzak Durangon (Bizkaia) ireki nahi duen zentro logistikoa;haren ustez, enpresa pribatuei «oparituko» zaiena.

OPAk Osakidetzan sumatu dituen atzerapausoak izendatu zituen: ordutegien murrizketak, soilik erizainekin eta medikurik gabe kudeaturiko zentroak, amaigabeko itxaronaldiak telefonoz artatua izateko, Lehen Arretaren kolapsoa eta hark eragindako larrialdietako saturazioa, itxaron epeak... Saizek salatu zuen urrats horiek «Osakidetzaren desegite prozesu programatu» baten zati direla, eta osasun pribatua gizentzea dutela helburu.

Plataformaren ustez, Gotzone Sagardui Jaurlaritzako osasun sailburua da «utzikeria» horren erantzule nagusia. «Gezurretan» aritzea leporatu zioten, eta horregatik eskatu zuten haren dimisioa. «Eusko Jaurlaritzari, EAJri eta PSEri» ere gin diote dei, murrizketa eta pribatizazio politikak geldiaraz ditzaten.

«Pultsua berreskuratzen»

Sagardui sailburuak ohar bidez erantzun zien manifestazioei, eta, haren arabera, «Osakidetzaren ustezko desegitearen inguruko edozein teoria» gezurra da. Sailburuak azaldu zuen pandemiaren ondoren Osakidetza «pultsua berreskuratzen» ari dela, eta inoiz ez dela egun adina inbertitu osasun sistema publikoan. Halaber, Osasun Publikoaren Defentsaren Elkarteen Federazioen ikerketa bat aipatu zuen, eta, haren arabera, EAE «osasun zerbitzu onenak eskaintzen dituen erkidegoetan bigarrena da».

OPAk mobilizazio gehiago iragarri zituen; aurretik, baina, sindikatuen deialdiak iritsiko dira. Ostegunean ELAk lanuztera du deitua Arabako landaguneko osasun etxeetan. Maiatzaren 19rako eta 20rako, sindikatu guztiek deitu dute grebara Osakidetza osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.