Albert Batet. Junts per Catalunyako eleduna Kataluniako Parlamentuan

«Konfrontazio burutsua ahal handiko bidea da independentismoaren oinarria zabaltzeko»

Batetek uste du Espainiako Estatuarekiko aurrez aurrekoa saihestu ezinezkoa dela, hori delako Generalitateak beharrezko dituen tresnak eskuratzeko modu bakarra. Bide horretan, oinarrizkotzat jo du independentisten arteko estrategia adostea.

DANI CODINA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak PDeCATeko kide izateari utzi zion joan den astean, eta, modu horretara, baieztatu egin zuen JxCren eta orain arte bere alderdia izan denaren arteko haustura. Puigdemonten «zeharkako mugimendu politikoa» sustatzearen alde egin du Albert Batetek (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1979), JxCk Kataluniako Parlamentuan duen ordezkari taldearen presidenteak. Haustura parlamentuan ere islatu da. Asteazkenean, alokairuen prezioa arautzeko legearen alde bozkatu zuten Juntsekoek, eta kontra PDeCATekoek. Bateten iritziz, oraindik garaiz da akordio bat lortzeko.

Aurtengoa ez da azken urteotako Diada izan, koronabirusaren eraginez.

Argi dago pandemiak aurtengo Diada baldintzatu duela, bai ekitaldiei dagokienez, bai aldarrikapenei dagokienez. Horrek ez du esan nahi sentimendua ez denik beste urteetako bera izan. Gure borondate nazionala adierazi dugu etengabe, baita aurten ere, nahiz eta Espainiako Estatuaren errepresioak ez duen etenik.

Pandemiaren eraginez, nabarmen zaildu da prozesu independentistaren bereizgarri izan den herri mobilizazioa. Nola egin dakioke aurre zailtasun horri?

Uztartzeko zaila den binomio bat da, neurri batzuk arduraz bete behar ditugulako, ikasturtea hasi, kutsatze ratioa zaindu... Generalitateak egindako lan onari esker, ratioa batetik jaistea lortu da. Beraz, bi elementu uztartu behar ditugu: pandemia eta manifestaziorako eskubidea, oinarrizko eskubidea dena eta errespetatu behar dena. Baina, Kataluniako gizarteak lehenengo manifestaziotik gaur arte zerbait frogatu badu, baita pandemia garaian ere, haren zibismoa eta kontzientzia soziala da. Ziur nago jokaera hori islatuko dela hurrengo mobilizazioetan ere.

Nola deskribatuko zenuke Kataluniako independentismoak egun duen barne egoera? Agerikoa da alderdi independentisten arteko desadostasun estrategikoa.

Gu eustearen aldekoak gara; konfrontazio burutsuarekin jarraitu nahi dugu, independentisten kopurua handitzeko. Egiaz, konfrontazioa eta kudeaketa, eraginkortasuna eta independentzia, txanpon beraren bi aurpegi dira.

Zergatik diozu txanpon beraren bi aurpegi direla?

Kataluniarren interesak ongi babestu nahi badituzu, epe motz, ertain edo luzean beti amaituko duzu Espainiako Estatuarekin gatazkan. Gaur izan daiteke udaletako altxortegien soberakina kenduko dizutela; izan daiteke Europako funtsak ez dituelako banatzen bakoitzari dagokion moduan, edo eskumenak kentzen dizkizulako itxialdian ikusi genuen bezala, ez dituelako Kataluniari dagozkion inbertsioak egiten, edo ez dituelako beharrezko neurriak hartzen; esaterako, seme-alabak berrogeialdian izan behar dituzten gurasoentzako laguntzak onartzea. Beraz, Generalitatearen eta zerbitzu publikoen kudeaketa on bat egin nahi baduzu eta kataluniarren interesak babestu nahi badituzu, estatuari aurre egin beharrean egongo zara.

Hain justu, independentzia nahi dugu baliabide guztiak eskuratu nahi ditugulako egunerokoa hobeto kudeatu ahal izateko. Koronabirusaren pandemiak argi utzi du Generalitateak ez dituela behar dituen baliabide eta erremintak. Aldiz, frogatuta gelditu da zer muga dituen Kataluniaren autonomiak.

Zenbateraino dira sakonak ala bateraezinak indar independentisten arteko desadostasun horiek?

Galdera honek ERCrentzat izan beharko luke, guretzat baino gehiago. Gu beti agertu gara konfrontazio burutsuaren alde. Hau da, erbestea. Hor dago, esaterako, Europako hauteskundeetako borroka. Horren ondorioz, Puigdemont Europako diputatu da orain. Bestalde, Alemanian eta Belgikan lortu dituzten epaiekin, [Lluis] Puig kontseilariak eta Puigdemont presidenteak frogatu dutekonfrontazio burutsuarekin Espainiako Estatuaren errepresioa azaleratzen dela. Urriaren 1arekin gertatu zen bezala, bide hori oso argia da, eta ahal handikoa da independentismoaren oinarria handitzeko. Irtenbidea autodeterminazio eskubidearen errespetua da.

Uste duzu ERCk uko egiten diola Espainiako Gobernuarekin «konfrontazio burutsu» hori bilatzeari?

Guk gure proiektua daukagu, ERCk berea du, eta JxCkook gehiago begiratzen diogu batzen gaituenari banatzen gaituenari baino. Uste dugu adostasun puntu oso garrantzitsuak ditugula, eta ahaleginduko gara desberdintasun estrategikoetan ez sakontzen.

ERCko hainbat ordezkarik adierazi dute ez diotela uko egiten konfrontazioaren bideari.

Batzuek gauza bat esan dute, beste batzuek beste bat... Herritarrek badakite gutariko bakoitza non dagoen. Badakite zer gertatu zen Puigdemonten inbestiduran; badakite zer gertatu zen Torra presidentearen diputatu aktarekin eta pankartarekin; badakite nola egin diogun aurre estatuari Generalitatearen eskumenak defendatzeko pandemia hobeto kudeatze aldera; eta badakite guk ez dugula Espainiako Gobernuarekin negoziatuko ezeren truke.

Astelehenean, Torrari deitu zion Sanchezek elkarrizketa mahaia biltzeko. Gai ordena bat negoziatzea adostu zuten. Uste duzu mahaiak bildu beharko lukeela?

Gu elkarrizketa mahaian eserita gaude. Negoziazio mahaia izatea nahiko genuke, elkarrizketa bat orain izaten ari garena baita, eta oso ondo dago, baina negoziatzeak esan nahi du bestearen posizioa errespetatzea, gatazka bati buruzko ikuspegi desberdina duten bi alde daudela ulertzea, eta horri konponbide bat eman behar zaiola jakitea. Egia esan, orain arte estetika asko ikusi dugu, baina gatazkari irtenbidea emateko borondate gutxi. Gure jarrera oso argia eta oso sinplea da. Gu elkarrizketarako prest gaude, negoziatzeko gertu gaude; beti eduki dugu atea irekita, eta beti egon gara mahaian ainguratuta. Beraz, Espainiako Gobernuak frogatu behar du ea gatazka honi konponbidea emateko egiazko borondatea duen, ala soilik intentzio oneko hitzak, mahai oso handi bat eta elkarrizketaren estetika eskaintzen dituen.

Hauteskundeak hurbildu ahala, ohikoa izaten da lehiakide politikoen arteko kritikak geroz eta gordinagoak izatea eta tentsioak gora egitea. Hauteskundeen ondorengo elkarlana zaildu dezake horrek?

Gu ez gara gorakada horretan sartuko; bereziki, alderdi independentistekin. Aliatuak garela ulertu behar dugu. JxCk, ERCk eta CUPek proiektu politiko bat partekatzen dugu, baita errepresioa ere. Horrenbestez, errepresioari aurre egiteko estrategia bat ere adostu behar dugu.

Espainiako Auzitegi Nagusiak Quim Torra Kataluniako presidentea inhabilitatu dezake datorren ostegunean.

Itxuragabea litzateke Espainiako Estatuak Kataluniako historian lehenengoz presidente bat inhabilitatzea adierazpen askatasuna defendatzeagatik. Aurrekaririk gabeko gertakaria litzateke, sekula inon ikusi gabekoa. Beraz, oraindik justizia pixka bat izatea espero dugu.

Gorenak inhabilitatuko balu, nola erantzun beharko lioke independentismoak erabaki horri?

Aurrekaririk ez duen gertakari horrek eskatzen duen mailan egon beharko luke. Halako erabaki batek Espainiako Estatuaren demokrazia auzitan jarriko luke berriz ere.

Egoerak eskatzen duen mailan egoteak esan nahi du Torrak presidente karguari eutsi beharko liokeela?

Erabakia Torra presidentearena da esklusiboki. Guk errespetatu egingo dugu, eta bere ondoan izango gara erabakia edozein dela ere.

Ez duzue alderdi independentisten arteko erantzun bateratu bat bilatuko?

Gu batasunaren alde agertu gara beti, eta uste dugu hobe dela estatuaren erasoaldi honi adostutako estrategiekin erantzutea, baina kasu honetan presidenteari esklusiboki dagokio erabaki hori. Preso politikoak, askatasuna zioen pankarta batengatik presidente bat inhabilitatzea, pandemia betean, pairatzen ari garen ondorio sozial eta ekonomikoekin, guztiz itxuragabea eta aurrekaririk gabekoa izango litzateke, zalantzarik gabe.

JxCko hautagaitzaren parte diren zenbait sektorek JxC alderdi bihurtzea eta hartan integratzea erabaki duzue.

Convergenciako jende askok egin du bat; ERCko askok; alderdi sozialistako hainbatek; badira sektore demokristauekoak; gizarte zibileko ekintzailetzatik datorren jendea; esaterako, ANCtik datorren Jordi Sanchez [JxCko idazkari nagusia], Comunen esparrukoak eta abar. Pluralitate eta zeharkako izaera duen mugimendu politiko horrek badaki lehentasuna herrialde proiektua dela: sinesgarritasunez gobernatzea eta independentzia.

Prozesu hori gauzatu aurretik, negoziazio batzuk izan diraPDeCATen eta Crida Nacionalen artean, alderdi berrian bat egiteko, baina ez da lortu ados jartzea. Zergatik?

Politikan badakizu batzuetan akordioek denbora behar dutela. Garrantzitsuena da helburuetan ados baldin bagaude ea gai garen ulertzeko elkarrekin indartsuagoak garela.

Akordio baterako zailtasun handienak ideologikoak izan dira?

Talde parlamentarioan bertan, beti izan dugu boto askatasuna zenbait gairi buruz bozkatzerakoan, hain justu, gure zeharkako izaera errespetatzeko, baina oso kasu gutxitan gertatu da, eta ez da eragozpena izan gure gobernu proiektua eta proiektu politikoa babesteko.

Haustura bat egon da, eta PDeCATeko kide askok alderdiko txartela apurtu dute JxCko kide bihurtzeko. Zer balorazio egiten duzu?

Ziur gaude akordioak lortzeko gai izango garela borondatea baldin badago. Ni CDCtik nator. Oso harro sentitzen naiz alkate gisa egindakoaz, eta ez diot inoiz uko egingo aldi horri, eta, era berean, ez diot inoiz uko egingo PDeCATeko aldiari, beti jarri ditugulako herrialdearen interesak alderdiaren interesen aurretik. Ildo horretan, gobernu sinesgarriaren balorea eta herrialde proiektua lehenesteko, horri eusteko, aurrera egiteko, batzeko eta ez etsitzeko borondatea JxCn biltzen diren baloreak dira. Ni JxCkoa naiz, Convergenciakoa naizelako, eta beti egon delako batzeko jarrera eta gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.