Errusiako armadak usu egin die eraso Ukrainako zenbait hiri nagusiri, gerra frontetik —Donbass eskualdeari, bereziki— urrun badaude ere. Atzo, zehazki, azken asteotako bonbardaketarik gogorrena egin zuten Errusiako tropek, Txernihiven, Ukraina iparraldean, Bielorrusiako mugatik gertu. Erasoen ondorioz, gutxienez zazpi pertsona hil —tartean 6 urteko haur bat— eta ehundik gora lagun zauritu zituzten, Barne ministro Ihor Klimenkoren arabera. Volodimir Zelenski presidenteak gogor gaitzetsi zuen ekintza hura, Suedian zela: «Nazioarteari eskatzen diot aurre egin diezaiola Errusiari», idatzi zuen X sare sozialean. Nazio Batuen Bulegoko Ukrainarako ordezkari Denise Brownek ere salatu zuen «krudela» zela.
Moskuk egindako erasoa eguerdian gertatu zen, Txernihivko eliza ortodoxoaren aurreko plaza nagusia jendez mukuru zegoela. Ukrinform berri agentziaren arabera, misilek plaza bera, unibertsitate bat eta antzoki bat jo zituzten. Barne ministroak zehaztu zuen zaurituetako guztietatik hamabi adingabekoak izan zirela, eta beste hamar, poliziak. Klimenkok erantsi zuen antzokiko teilatua suntsituta geratu zela bonbardaketaren ondotik. Bulebar luzeak eta ehun urte baino gehiagoko elizak ditu Txernihiv hiriak —Kiev hiriburutik 145 kilometro iparraldera dago—.
Larunbat goizaldean, gainera, Kieveko aire defentsako sistemekErrusiak jaurtitako hamabost drone irandar erorarazi zituzten. Errusiako Defentsa ministerioak, berriz, atzo goizean salatu zuen Ukrainatik botatako drone batek sute handi bat eragin zuela Novgorodeko aerodromo batean, Errusia ipar-ekialdean; gutxienez bi hegazkin kaltetuak izan ziren. Kievek behin baino gehiagotan eraso die droneekin aerodromoei, bai Errusian, bai Kremlinek 2014an anexionatutako Krimea penintsulan.
Errusiaren oldarraldiak izan zirenean, Zelenski herrialdetik kanpo zegoen; Suedian, zehazki. Ukrainaren inbasioa hasi zenetik lehendabizikoz bisitatu zuen Eskandinaviako estatu hori, hango lehen ministro Ulf Kristerssonekin batzartzeko. Bi estatuburuek egindako agerraldian iragarri zutenez, Kieven eta Stockholmen arteko lankidetza indartzea adostu zuten; besteak beste, Suediako CV-90 infanteriako ibilgailuen ekoizpenean eta trebakuntza militarrean.
Laguntzarekin lotuta, Mendebaldeak 147.000 milioi euro eman dizkio jada Kievi, Errusiak iazko otsailean erasoaldia hasi zuenetik. Kopuru horretatik ia 104.000 milioi AEB Ameriketako Estatu Batuek bidali dizkiote —69.000 milioi, arlo militarrean—. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek plazaratu zituen atzo datuok, The Heritage Foundation GKE gobernuz kanpoko erakundearen estimazioak aintzat hartuta. GKE horrek Washingtonen du egoitza nagusia.
Suediara egindako bidaia baliatuz, Zelenskik baieztatu zuen Ukraina prest dagoela EB Europako Batasuneko kide izateari buruzko elkarrizketak hasteko, eta gaineratu zuen Kievek Stockholmen «babesa» duela talde komunitariorako bidean. Iaz, Bruselak EBn sartzeko hautagai estatutua eman zion Ukrainari, baina herrialdeak baldintza batzuk bete behar ditu kide gisa onartua izateko. Suedia, berriz, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundera atxikitzeko Turkiaren baiezkoaren zain dago oraindik.
Kontraerasoa, aurrera
Gerra frontean, Ukrainako armadaren kontraerasoa aurrera doa, eta, azken asteetan, Donetsk eta Zaporizhiako eremu batzuk berreskuratu ditu. CBS telebista kateak AEBetako Gobernuko iturriak aipatuta kaleratu duenez, Ukrainako tropek Errusiaren defentsa lerro bat hautsi dute Tokmakerako bidean, Melitopoldik (Zaporizhia) 60 kilometro baino gutxiagora. Ildo horretan, Erresuma Batuko informazio zerbitzuen ustez, Kievek Azoveko itsasorantz eginiko azken aurrerapenak «arrakastatsuak» izan dira. Aitzitik, AEBetako inteligentzia zerbitzua, The New York Times egunkariak aipatuta, «ezkorra» da Ukrainak Melitopol negua heldu baino lehenago hartuko duen.
Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidentea Rostov Donen izan zen atzo —Ukrainako mugatik gertu—, Estatu nagusi Valeri Gerasimovekin eta armadako zenbait goi agintarirekin biltzeko. Hain zuzen, Putinek Rostov Don bisitatzen zuen lehen aldia izan zen, Errusiako Wagner paramilitar taldeak Kremlinen aurkako altxamendu saiakera egin zuenetik, ekainaren 23tik.
Errusiaren eraso batek gutxienez zazpi lagun hil ditu Txernihiven
Moskuk Ukrainako hirian jaurtitako misilek ehundik gora lagun zauritu dituzte; hildakoen artean haur bat dago. Zelenski Suedian izan da, bi aldeen arteko lankidetza indartzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu