PSN, ispiluaren aurrean

Lizarran, Gonzalo Fuentes Navarra Sumako alkatearen aurkako zentsura mozioa bozkatuko dute gaur 12:00etan. Oraingoz, ez da posible izan antzeko beste mugimendurik egitea gainerako udaletan

Gonzalo Fuentes Lizarrako egungo alkatea eta Javier Esparza Navarra Sumako eleduna, Iruñean, martxoaren 9an, prentsaurreko bat eman aurretik. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gaur, ustekabe handirik ezean, Koldo Leoz Lizarrako alkate izango da berriro, datozen bi urteetarako. Koronabirusaren krisi erraldoia piztu aurreko egunetan, Navarra Sumako Gonzalo Fuentes alkatea kargutik kentzeko zentsura mozioa aurkeztu zuten EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNko bi hautetsi ohik —alderditik kanporatuak izan dira—. Konfinamenduaren erdian, osoko bilkurak aurrera egingo du, baldintza berezi batzuetan izan arren. Komunikabideak ezingo dira bertaratu, eta soilik hautetsien presentzia ziurtatuko da. Orain, ikusteko dago gaurkoak zenbateraino eragina duen lurraldeko politikan, eta batik bat udal arloan gaur arte izandako dinamikan. Nahiz eta bi hautetsik mozioa babestu, PSNk aurka egin du. Horregatik, sozialistak ispiluaren aurrean jartzeko balioko du, aurrera begirako borondatea neurtuko baitu. Koronabirusaren krisi honek, lurrikara handi baten uhinen modura, ondorio politikoak utziko ditu, testuinguru orokorra desitxuratuko baitu. Gaur, Lizarran, domino baten fitxa mugituko da.

Zer gertatu da Lizarran?

Udal gehienetan gertatzen den bezala, ezaugarri eta dinamika propioak ditu Lizarrak. Maiatzeko udal bozak Navarra Sumak irabazi zituen, baina oposizioaren eskuetan zegoen. EH Bilduk sei hautetsi lortu zituen, PSNk hiru, eta Geroa Baik bat, baina PSNko zuzendaritzak debekatu egin zien ekainean udal taldeei EH Bildurekin negoziaziorik egitea, eta, Nafarroako beste udalerri askotan bezala, Navarra Sumak lehen indarra izatea baliatu zuen alkatetza lortzeko. Lizarran, Jorge Crespo hautagai sozialista Koldo Leozekin bederen bildu zen. Alferrik.

Azken asteetan, egoera irauli egin da. Gonzalo Fuentesen kudeaketak ezinegona eragin du gainerako taldeen artean. «Zentsura, erabaki arbitrarioak, hiriko taldeen eskaerei jarritako trabak, xantaiak, akordioak egiteko ezgaitasunak eta utzikeria». Halaxe laburbildu dute Navarra Sumaren udal gobernuaren jokamoldea. Horregatik, ekainean posible izan ez zena orain posible egin dute, eta gehiengo osoa lortu dute alkatea gobernutik kentzeko. Akordioak dioenez, Leoz bi urtez izango da alkate, eta Crespo, legealdia amaitu arte.

Herriko sozialisten batzarrak babes osoa eman dio zentsura mozioari: urtarrilaren 24an erregistratu zuten eskaera, eta %70ek baiezkoa eman zuten, Fuentesek PSNko militantzian eragin duen suminaren erakusgarri. Bozketa eginez geroztik, Crespori espedientea ireki zion PSNk, eta, udalean mozioa aurkeztu ostean, behin betiko eta berehala kanporatu ditu Hernandez eta Crespo.

Zergatik egingo dute osoko bilkura?

Navarra Sumak eta PSNk argudiatu dute ez litzatekeela bilkura egin behar konfinamendu egoera honetan. Igandean, haserre, Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak «lotsagabekeria politikoz aritzea» egotzi zien EH Bilduri eta Geroa Bairi, koronabirusaren krisiaren erdian mozioa ez geldiarazteagatik. Alderdiok erantzun diote «erabaki teknikoa» dela. Legearen arabera, udal idazkariari dagokio bilkura eguna jartzeko ardura, eta hark taldeei iritzia eskatu die: EH Bilduk eta Geroa Baik adierazi zioten herritarren osasuna lehenetsi behar dela, eta erabaki ororen legezkotasuna bermatu behar dela.

Jakina denez, PSNk eta Navarra Sumak atzeratzeko eskatu zuten. Hasieran, martxoaren 16an, idazkariak proposatu zuen hilaren 30an egitea, ustez alarma egoera bukatua behar zuelako. Handik bi egunera, asteazkenean, hilaren 24koa mantentzea hobetsi zuen.

Geroa Baik ez manipulatzeko eskatu dio Navarra Sumari. Gizartearen aurrean, koronabirusaren krisiak asmo politiko hutsa ezkutatzeko beharra utzi die alderdiei, baina, hain zuzen ere, argudio hori erabiltzeak asmo politiko bat ezkuta dezake, baldin eta, Navarra Sumak egin bezala, atzerapena bere intereserako bada.

Zeri erantzun dio PSNren jarrerak?

Zuzendaritzak «transfugatzat» dauzka bi hautetsiak, eta alderdiaren erabakiari traizio egin diotela deritzo. Horregatik, transfugen aurkako ituna betetzeko eskatu die publikoki EH Bilduri eta Geroa Bairi, eta mozioari muzin egiteko. Hala ere, oharkabean igaroarazi nahi dute Lizarrako militante sozialisten %70ek babesa eman diotela, eta ondorioz ez da transfugen kontu bat soilik — alderdiaren logikari erreparatuta—.

Ez ofizialki, alderdioi gogorarazi diete hainbat udaletan elkarlanerako urratsak egin dituztela, eta, parlamentuan bezala, bestelako gehiengo bat irudikatu dela udaletan ere. Ekainean EH Bilduri ezarritako betoaren ondotik, PSNk jarrera aldatu du, eta irizpide orokor bat eman die bere udal talde guztiei: EH Bildurekin elkarlanerako behar diren urrats guztiak egiteko, aurrekontu alternatiboak hitzartzeko... Guztia, zentsura mozioa izan ezik. PSNk dio ez dela zentsura moziorako garaia.

Auzia da noiz den garaia PSNrentzat?

Aurrerapausoak ukaezinak badira ere, PSNk bere arazoak ditu. Alde batetik, alderdian orain gehiengoa ez duen sektore batek —UGT sindikatuaren ingurukoa batik bat— begi onez ikusten duberriro heltzea UPNrekin historikoki izandako lankidetzari. Sektore horrek eta alderdi osoak oso erne begiratuko diete apirilaren 26ko kongresutik aurrera UPNk egingo dituen mugimendu guztiei. Bestetik, gaur egun alderdia kontrolpean duen sektorearen apustua oraingoz zalantzan jartzerik ez badago ere, ez dute inolako aterik itxi nahi, badaezpada ere. Politikoki, hirugarren espazio bat ordezkatzen ari direla saltzen dute komeni zaielako, zentro politikoa emateaz gain, euren kontraesanak kudeatzen uzten dielako. Aldiz, mozioa babesteak orain arteko bidean atzeraezineko jauzi bat ematea esan nahiko luke.

Zein da beste alderdien jarrera?

Babestu egiten dute mugimendua, Navarra Sumari eragin ahalmena kendu nahi diotelako. Geroa Bairen arabera, udaleko gehiengo demokratikoak babestu du mozioa. EH Bilduk babestu egin du Lizarran hartu den bidea. PSNrekiko harreman dinamika hobetu egin da udal arloan, eta ez dute nahi PSNren barruan bide horretan sakondu eta zuzendaritzaren irizpideei izkin egitea deliberatzen duten hautetsiak alderditik kanpo geratzea. Tafallan edo Atarrabian antzera gertatu da iraganean. Zentsura mozioak argazki orokorra arriskuan jar badezake ere, uste dute sozialisten borondatea aztergai jarriko duela.

Aukerak daude udal gehiagotan?

Oraintxe ez. Udal mailan Nafarroan duen pisuagatik, EH Bilduk argazki orokorrari erreparatu nahi dio. Ahalegindu dira, herriz herri, errealitate bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta, aukerak aztertzen. Ez da posible izan, baina begi onez ikusten dituzte udal arloan, gorabehera guztiekin, PSNrekin ireki diren lankidetzarako dinamikak. Helburu argi bat du EH Bilduk: 2023an, «2019ko egoera bera gertatzen bada, emaitza diferentea izatea»; hau da, elkarrizketaren bidez PSNrekin harreman zubiak hobetzea, betoak saihestea eta hark eskuinaren alkatetzarik ez ahalbidetzea.

Eta Iruñean?

Ez. Mozioaren inguruan, hainbatek sare sozialetan gertuago ikusi dute antzeko jokaldi baten bidez Enrique Maia alkatetzatik kentzeko aukera. Ez da aukera erreala. Ekainarekin alderatuta, EH Bilduk urratsak egin ditu PSNko udal taldearekin, nahiz eta euskararen gaietan Maite Esporrin eta gainerako lau zinegotziak eskuinarekin lerrokatu —Asironen udal ordenantza atzera bota eta Maiarena onartzeko, edo haur eskolen egitasmoaren inguruan, adibidez—. Argi eta garbi: PSNk ez du balizko zentsura mozio bat babestuko eta, egingo balu ere, EH Bilduk ahuldade posizio batetik gobernatu beharko luke. Ez da ahaztu behar Navarra Sumak hamahiru zinegotzi dituela eta gehiengo osoa lortzear izan zela. EH Bildurekiko distantzia handia da botoetan. Horrek guztiak ezinezko egiten du egun.

Nola eragingo du?

Ikusteko dago. Oihartzun mediatikoa izango du, baina ezin da jakin zenbaterainokoa. Gaur harrabots handia sortuko bada ere, ez da espero gaiak luze jotzea. Ikusteko dago nola eragingo duen orain arte EH Bilduk PSNrekin eraiki dituen zubi horietan. Hala ere, Lizarrako mozioak baino gehiago, egungo krisiak eragin handiagoa izango du.

Koronabirusaknolako eragina du?

Handia. Goiz da antzemateko sistema politikoan zenbateraino alda ditzakeen harremanak eta indar korrelazioak, baina jokalekua aldatzen ari da. Espainian, krisiaren berehalako erantzunak arreta bereganatzen badu ere, estatu interesaren edo nazionalismoaren ideia indartzen ari da. Epe ertainera, ikusteko dago bipartidismoa indartzen duen edo ez, eta zer bide hartzen duten PPk eta PSOEk. Horrek eragina izango du Hego Euskal Herrian. EH Bildun argi dute: PSOEk egungo egoerari eusten dion bitartean PSNk Nafarroako apustuari eutsiko dio, bai parlamenduan, bai udaletan. Bestela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.