Kanariak. Arguineguin

Beste dinamika batean

Igandean desegin zuten Arguineguineko kanpamentua, baina paterek iristen jarraitzen dute: azken orduetan gutxienez zazpi erreskate egin dituzte itsas salbamendukoek. Migratzaileei lehen arreta eman ondoren, beste espazio batzuetara mugitu dituzte. Bauluz kazetariak portuan jazotakoa salatu du.

Herenegun gauean iritsitako bi patera, atzo, Arguineguineko portuan. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Arguineguin
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Itsasoa bare dago Arguineguinen, baina, bien bitartean, istorio eta bizipen latzen lekuko zuzena ere izaten ari da. Baita ehunka pertsonaren bizitzari amaiera puntua jarri dion tokia ere. Eta baretasun horren nahasian, zalaparta dago Arguineguineko portuan. Desegin dute han eraikitako kanpamentua, Lotsaren kanpalekua ere esan zaiona, baina paterek etortzen jarraitzen dute, eta abisua heldu zaie Gurutze Gorriko kideei: itsas salbamendukoek beste erreskate bat egingo dute.

Antza, patera bat eta txalupa bat detektatu dituzte. Eguerdia da, eta migratzaileei hasierako arreta emateko karpak prestatzen hasi dira. Pare bat komun dakartzan kamioi bat iritsi da ondoren, eta kazetari batzuk ere hurbildu dira eremura. Geroago heldu da Polizia. Gogor jotzen du eguzkiak, eta bero itogarria egiten du. Ez da gauza berria. «Beti da horrela. Euria egiten duenean ere sekulako beroa egiten du hemen», esan du kazetari batek. Eta halako batean iritsi da erreskate ontzia. Migratzaileei arta ematen ari diren Gurutze Gorriko kideek BERRIAri azaldu diotenez, 70 pertsona inguru erreskatatu dituzte. Dozenaka lagun ari dira iritsi berriei laguntzen, eta oinarrizko beharrak ase ondoren heldu dira autobusak, migratzaileak beste espazio batzuetara lekualdatzeko. Baina ez dituzte kendu Gurutze Gorrikoek ordu batzuk lehenago jarritako karpak. Badu azalpena: «Beste patera bat dator». Anbulantziak prest daude, badaezpada. Kanarietan gaueko bederatziak heltzear direla iritsi da erreskate ontzia. «Ondo daude guztiak. 69 migratzaile dira: 68 gizonezko eta adingabe bat».

Giro horretan, hor jarraitzen dute herenegun gau eta atzo goizalde bitartean iritsitako bi paterak. Goizean gunea garbitzen eta desinfektatzen ari zen langile batek azaldu du horiek «suntsitu» egingo dituztela, «horrela errazagoa delako ontziak eramatea». Kaiko ertzetan daude heldu berri diren migratzaileen arrastoak ere: zapatak, motxilak, arropak... Izan ere, ez dira gutxi azken orduetan Arguineguinera iritsi direnak. Itsas salbamendukoek esandakoaren arabera, azken operazio horiek baino lehen beste 169 pertsona erreskatatu zituzten, tartean hamalau adingabe eta lau emakume.

Indarkeria

Arguineguinetik migrazio krisiaren berri ematen ari da Javier Bauluz kazetaria. Adierazpen gogorrak egin ditu bizi izandakoari buruz: «Hango kanpamentua gizagabea zen. Pertsonak ez balira bezala tratatu dituzte». Gobernuz kanpoko hainbat erakundek giza eskubideak urratu diren «zulo beltz» gisa definitu dute gunea. Beste dinamika batean ari dira orain bertan lanean, lehen arretarako espazio gisa.

Horrez gainera, Bauluzek Poliziaren jokabidea ere salatu du. Herenegun gertatutakoa azaldu du. «Patera bat iritsi zen, eta horren berri emateko portuan geunden kazetari batzuk, erreskate ontzia iristeko zain. Polizia batzuk zeuden, eta gero beste talde bat etorri zen. Modu txarrean gu handik botatzen hasi ziren. Polizia batek besotik heldu zidan, estutuz. Azkenean, Mozal legea ezarriz salatu ninduten: dokumentazioa eman nahi ez izateagatik eta autoritateari errespetu falta egiteagatik».

Kritikatu du, besteak beste, ez dutela «informatzeko askatasuna» errespetatzen. «Hemen gertatzen ari den guztiaren multzoa hau da: pertsonen eskubideen urraketa etengabe bat gertatzen ari da; tratuari, prozedurei eta beste guztiari dagokionez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.