EAEko Hezkuntza Lege proiektuari EAJk eta PSE-EEk herenegun aurkeztutako 26 zuzenketetatik batek hautsak harrotu ditu: hizkuntza ereduak jaso dituzte, hezkuntza akordioan eta Hezkuntza Lege proiektuan ez bezala. Hori horrela, EH Bilduko Programa Zuzendari Pello Otxandianok agerraldia egin zuen atzo, Donostiako egoitzan. PSE-EEri eta EAJri zuzendu zaie, eta eskaera bat egin die: zuzenketaren inguruko bertsio bat eta bakarra eman dezatela.
Egoera analizatuz ekin dio agerraldiari Otxandianok. Bi urte baino gehiagoko bidearen ostean«gidoi aldaketa bat» egon dela nabarmendu du: «Ibilbide honetan guztian ez da egon hizkuntza ereduen inguruko aipamenik». Atzo, baina, azken-azkenean aldaketa egin zutela nabarmendu du: «Argi genuen guztiok aurrera begira egin nahi den ibilbidean hizkuntza ereduak gainditu behar direla. Atzoko zuzenketa bateratuarekin, hizkuntza ereduen debatea ekarri da erdigunera, eztabaidaren parametroak beste batzuk zirenean».
Eta zergatik gertatu da hori? «PSEk marra gorria jarri du, jendaurrean; hordago bat bota du, jendaurrean; esan du hizkuntza ereduak bermatu behar direla, sartu behar direla eta babestu behar direla. Eta ez hezkuntzaren eztabaidaren arrazoiei jarraituz, baizik eta argudiatuz beretzat politikoki hori garrantzitsua dela, eta EAJk markoa onartu dio». EH Bilduk nabarmendu du azken orduko zuzenketa bat izan zela, eta «seriotasun handiagoz» aritzea exijitu du.
Alabaina, zuzenketaren bi bertsio ikusten ditu koalizio abertzaleak. Batetik, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarena. «Oso pozik» agertu da Andueza EAJrekin lortutako akordioagatik. Gogorarazi duenez, gobernu kontseiluan lege proiektua onartu zuten eztabaida parlamentariora eramateko, baina gehitu du ez zeudela ados onartutako testuarekin, eta uste zutela testua «zuzentzeko eta hobetzeko» aukera edukiko zutela zuzenketen garaian. Uste du EAJrekin adostutakoak horretan lagunduko duela: «Batez ere, lagunduko du Euskadin ez ezartzen hizkuntza eredu elebakar bat, eta bermatuko du euskal familiek aukeratu ahal izango dutela beren seme-alabek zein eredutan ikasiko duten».
Bestetik, Otxandianoren ustetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzen bertsioa dago. Sailburuak atzo Eusko Legebiltzarreko atarian egin zituen adierazpenetan esan zuen egun indarrean dauden hizkuntza ereduek 40 urte dituztela,eta, gehitu zuenez, «horiek ez dituzte betetzen ikastetxeek momentu honetan, 40 urteren ondoren, dauzkaten beharrak». Gainera, haren esanetan, EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dituzten zuzenketek hizkuntza eredu horiek «garatzeko eta eguneratzeko» aukera jasotzen dute.
Halaber, adierazi du zuzenketa horietan sartutako xedapen gehigarri baten bidez alderdiek «bi urteko epea» eman diotela Jaurlaritzari behin legea onartuta «esparru eleaniztuna» martxan jar dezan. «Jaurlaritzari dagokio orain esparru hori definitzea eta baliabideak jartzea, ikastetxeei laguntzeko eta ikasleek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan, beharrezko hizkuntza maila lor dezaten euskaraz, gaztelaniaz nahiz atzerriko hizkuntzan». Gutxieneko maila hori B2koa da euskarari eta gaztelaniari dagokienez, eta B1ekoa, berriz, ingelesaren eta atzerriko beste hizkuntzei dagokienez.
Gainera, Bildarratzek nabarmendu duenez, ikastetxe bakoitzak egungo A, B eta D ereduetatik bere hizkuntza proiekturako bidea egingo du, «inguruko egoera sozioekonomikoa eta soziolinguistikoa kontuan hartuta», eta ikasleen irteera profilean ezarritako euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren ezagutza maila, hizkuntzen erabilera eta horiekiko «jarrera positiboa» lortzeko asmoz. Gaineratu du legeak «errespetatu» eginen duela Hezkuntza Hitzarmena: «Hizkuntza ereduek indarrean jarraitzen dutela argitzeak ez du hezkuntza hitzarmena hausten».
Bataren eta bestearen adierazpenak entzunda, Otxandianok eskaera bat egin du. EAJri eta PSE-EEri galdegin die bertsio bat eta bakarra ematea, «koherentea eta osoa»: «Batera ager daitezela, eta eman dezatela azalpen bat eta bakarra, azaltzeko zuzenketa honen helburua eta zergatia zein diren». Halaber, esan du zuzenketa PSE-EEren zentzuan ulertuz gero ez lukeela errespetatuko hezkuntza akordioan jaso zutena. Gainera, Otxandianoren irudiko, egun errealitateak berak gainditu ditu hizkuntza ereduak: «Hiztun profil oso ezberdinak daude gela bakar batean, eta hizkuntza ereduak ez dira gai egungo errealitateari aterabiderik emateko». Nabarmendu du hizkuntza ereduek ez dutela bermatzen ikasle guztiek euskaraz eta gazteleraz jakitea eskolatzea amaitutakoan.
Hurrengo pausoak
Eta, aurrerantzean, zer? Otxandianok ziurtatu duenez, «eztabaida parlamentarioa» egin asmo dute legearen artikulu guztien gainean, baina, horretarako, ezinbestekotzat jo du zuzenketak zer esan nahi duen argitzea. Nabarmendu du hortik aurrera hezkuntza sistemak «erronka handiak» dituela, eta legea ezinbestekoa dela: «Transformazio hori egin ahal izateko ezinbestekoa da EAJ, baina EH Bildu ere bai». Jakinarazi du EH Bilduren jarreraren inguruko azken erabakia nazio batzar batean hartuko dutela.
EH Bilduk «bertsio bakarra» eskatu du hizkuntza ereduen gainean
Koalizioa abertzaleak salatu du EAJk eta PSE-EEk «gidoi aldaketa bat» egin dutela EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren zuzenketetan. Bildarratzek dio bide eman diotela ereduak eguneratzeari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu