Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioa. Alderdien hitzartzeak

EH Bildu. Jaurlaritzaren kudeaketa ereduari kritika

Nerea Kortajarena EH Bilduko kideak pandemiarekiko «erreakzio falta» salatu du. Erabakitzeko eskubidea albo batera utzi izana egotzi dio EAJri

Nerea Kortajarena EH Bilduko taldeko bozeramailea, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
«Erreakzio falta eta kudeaketarik eza». Horixe izan du Iñigo Urkulluren Eusko Jaurlaritzak azken lau urteotan, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarreko taldeko eledunaren ustez. Koronabirusaren pandemiaren aurrean izandako jarrera gaitzetsi zuen atzo egindako mintzaldian: bertzeak bertze, hezkuntzan eta osasunean sortu diren arazoak. Kortajarenak salatu zuen Jaurlaritzak ez duela aski planifikaziorekin jokatu osasun krisiari erantzuteko garaian: «Gobernu serio batek neurri argi, zehatz eta koherenteak hartu behar ditu».

Pandemiarena ez zen izan, ordea, Kortajarenak aipaturiko gai bakarra. Zaldibarko luizia eta bi langileen desagertzea ere izan zuen ahotan, eta Jaurlaritzaren kudeaketa ereduarekin lotu zuen hori ere: «Joaquin [Beltran] eta Alberto [Sololuze]rekin batera kudeaketa eredu bat erori zen. Han gertatutakoa ez da kontrol akatsa bakarrik. Kudeaketa eredu osoak egin du porrot». Erreferentzia egin zien, halaber, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioan jasotzen diren feminismoari buruzko esaldiei, zuzenean Urkullurengana zuzenduta: «Zure gobernuak ez du praktika feministarik, eta ez du lan egiten mugi- mendu feministarekin». Salatu zuen, era berean, langabezia datuak handiak direla, eta pobreziak «gora» egin duela: Urkullu «patronalaren bozeramaile» izendatu zuen Kortajarenak.

Akordioa, PSE-EEren alde

EH Bilduko kideak salatu zuen EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa «terminologia berriarekin, baina betikoa» dela, eta salatu zuen azken lau urteotan ez dutela bete hitzartutakoa: «Kontzeptuak praktika politikora eraman behar dira».

Halaber, Kortajarenak salatu zuen azken urteotan autogobernuaren eta estatutuaren esparruan EAJren eta PSE-EEren arteko hurbiltzerik egon bada, PSE-EEren aldekoa izan dela. Izan ere, Kortajarenaren arabera, EAJk alde batera utzi ditu erabakitzeko eskubidea eta estatutu berria, eta arlo horretan PSE-EEren menpekoa da: «Hau ez da merezi dugun herria». «Alternatiba subiranista, feminista, ekologista eta euskalduna» eraikitze bidean segitzeko konpromisoa hartu zuen: «Gaur, numerikoki posible ez bada ere, herri honetan aldaketa hasia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.