Koronabirusa

Gaur gauerditik, San Adrianen murrizketak ezarriko dituzte

Foruzain bat, Azkoien sarreran, irailaren 24an. Murrizketak ordutik daude indarrean herri horretan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Azkoien, Faltzes, Funes eta, orain, San Adrian. Azken hamalau egunetan kasuek nabarmen egin dute gora, eta 100.000 biztanleko 1.399 kasu pilatu ditu herriak; guztira, 84 kasu inguru. Gorakada hori ikusita, Nafarroako Gobernuak erabaki du aurretik beste hiru herrietan ezarritako murrizketak aplikatzea, «San Adriango Udalarekin elkarlanean». Erriberako sei mila biztanleko herri horretan, gaur egun osoan berdin jarraituko dute, baina gauerditik aurrera ezarriko dituzte murrizketak.

Alde batetik, ezingo da herritik irten edo herrira sartu, ezinbesteko arrazoi bategatik ez bada —lanera, eskolara, ospitalera edo gaixo den norbait zaintzera joateko ez bada, alegia—. Foruzainek eta guardia zibilek errepidean kontrolak ezarriko dituzte. Bestetik, ostalaritzan, ostatuek ateak itxi beharko dituzte 22:00etarako. Gainera, negozio orok erdira mugatuko du edukiera. Kiroldegia, kultur etxea eta bestelako eraikin publikoak itxi egingo dituzte. Gobernuak jakinarazi duenez, positiboen arteko kontaktu motak aztertu ostean hartu dute erabakia.

Horrez gain, gaur gauerditik Nafarroako Gobernuak beste astebetez luzatuko ditu irailaren 11n lurralde osorako hartutako neurriak. Dena den, foru agindu berrian aldaketa batzuk sartu ditu. Jendeari begira lan egiten duten saltokiek zein zerbitzu profesionalek edukiera erdira murriztuko dute. Azalera handiko guneetan, eremu komunetan, edukiera gehienez %40koa izango da, eta bertan diren saltokietan, gehienez %50ekoa. Aldi berean, toki orotan gehienez sei pertsonaren arteko bilkurak soilik baimenduko dira.

Isunak gogortu dituzte

Atzo, parlamentuan, orain arteko isunak gogortzen dituen foru dekretua onartu zuten, PSNren, Geroa Bairen, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren aldeko botoarekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta Navarra Sumak kontra bozkatu zuen. Isun arinak 100 eta 3.000 euro artekoak izan daitezke —adibidez, maskara ez eramateagatik 300 euroko isuna—. Zigor larriak, berriz, 3.000 eta 6.000 euro artekoak izango dira. Gobernuaz harago, Iruñeko Udalak zigor espedienteei buruz erabaki ahalko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.