Fermin Rodriguez. German Rodriguezen anaia

«Aurrerapauso bat da, baina ekintzen bidez erakutsi behar didate hori»

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariak barkamena eskatu izana «aurrerapausotzat» jo du Fermin Rodriguezek, 1978ko sanferminetan Polizia Armatuak eraildako Germanen anaiak, baina zalantza du UPNk politika aldatuko duen. Enrique Maia Iruñeko alkateak esan du ez duela zertan barkamena inori eskatu.

Zer irizten diozu?

Ongi deritzot, baina eszeptiko samarra naiz. 43 urte eta gero, alderdi horren ekintzak ez datoz bat Iriarteren hitzekin. UPN eta Navarra Suma ez dira nabarmendu elkartasuna eta gutxieneko babes bat adierazteagatik estatuaren terrorismoaren biktimei.

UPNk berak hitz horiek bere egitea garrantzitsua litzateke?

Adierazpena aurrerapauso bat da, baina ekintzen bidez erakutsi behar didate hori hala dela. Oso eszeptikoa naiz, urte asko baitaramatzat jende honekin harremanetan eta inoiz ez dutelako niri ezer konpontzen jakin, ezta gutxieneko babesa eman ere.

Parlamentuan, apirilean, ika-mika izan zenuen Iriarterekin.

Beste saio batean, 1978an izandako biktima guztien zerrenda erakutsi zidan. Ez dut nahi ni inorekin alderatzea. Jabetzen naiz gertaera haiek izan zirela, baina ez nau horrekin estutu behar. Bai, gertatu zen, baina gurea ere gertatu zen, eta guk gurea jakin nahi dugu. Gainerakoenari buruz, arduratuko dira besteak.

Sei urteko oztopo judizialen ostean, aurten sartu zen indarrean, ekainean, motibazio politikoko biktimen bigarren legea. Navarra Sumak zeresan handia izan du atzerapen luze horretan.

Lege hari helegitea PPk jarri zion, eta UPNren bazkideak dira. Ez da adituen batzordea osatu ere egin, eta haien eskuetan egongo da esatea nork merezi duen biktima izatea eta nork ez. Hori ere bada komeria, norbaitek esan behar izatea biktima zaren edo ez.

Zer eskatzen diozue Navarra Sumari, hitzok balio politikoa izan dezaten?

UPNk Poliziaren errotik aldatu beharko luke indarkeriaren biktimekiko bere politika. Utzi egin beharko liokete legeen aurka errekurtsoak jartzeari eta egia bilatzeko eta gertaerak gaitzesteko aurkezten diren mozioen aurka bozkatzeari. Estatuaren terrorismoaren biktimei zilegitasuna eman behar digu, eta ez ezarri diferentziak biktima batzuen eta besteen artean. UPNrentzat, lehen mailako biktimak daude, eta beste batzuk bigarren mailakoak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.