Elkarrekin Podemosek eta PPk «akordio subiranista» kritikatu dute

gotzon hermosilla
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemos eta PP bat etorri dira Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean lortutako akordioari egin dizkioten kritiketan, eta bi-biek «subiranistatzat» jo dute EAJk eta EH Bilduk erdietsitako akordio hori. Alabaina, biek ala biek nabarmendu dute oraindik «denbora» dagoela «egoera bideratzeko».

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek esan du bere koalizioaren planteamenduak ez datozela bat EAJren eta EH Bilduren «tesi subiranistekin»: «EAJ asko makurtu da identitatearen aldera, eta EH Bilduk erraztasunak eman dizkio horretarako», azaldu du. Baina PSE-EEren jarrera ere kritikatu du: «Ez du askorik lagundu akordio zabal eta zeharkakoak lortzeko, eta hasieratik boto partikularraren aukerari eutsi dio».

Martinezek onartu du EAJk eta EH Bilduk «gehiengoa» osatzen dutela, baina uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berriak «1979koak baino babes handiagoa» bildu beharko lukeela. Dena dela, eta akordioak erdiestea «zaila» izan bada ere, Elkarrekin Podemoseko eledunak pentsatzen du badagoela «eztabaidak hozteko denbora».

«Amildegiaren ertzean»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidente Alfonso Alonsok, berriz, esan du EAJren eta EH Bilduren «akordio subiranistak» gaur egungo legea «gainditu» egiten duela. «Egiten den urrats bakoitzak gero eta gertuago jartzen gaitu amildegiaren ertzetik», erantsi du. Hala ere, berak ere uste du oraindik «gogoeta egiteko denbora» badagoela.

Alonso «oso kezkaturik» dago, uste duelako EAJk «bira» egin duela «EH Bilduren jarreretara». «Abertzaleek eta abertzaleentzat egindako akordioa da», esan du. «Horrek bizikidetzari mehatxu egiten dio, eta iraganera eta herritarren arteko banaketara garamatza». PPk Eusko Legebiltzarrean duen eledunaren irudiko, akordioak «egonkortasunari» kalte egiten dio: «Bide horretatik ez goaz inora», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.