Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Eromenbirusa

2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gauza asko ikasi dugu Covid-19 pandemiak iraun duen denbora luze honetan. Asko, munduaz. Asko, gutaz. Ikasi guztiak ez dira berdinak ordea. Negar eta irri egitekoa bada bilduma orrazten dugunean. Alor horretan sare sozialen jokoa funtsezkoa izan da, hauek beti eta adierazpen kitzikagarriagoak eskatzen dituztelako buzz delakoa ontzeko. Lehiaketa bat bezala da, nork ele-mokor handiena, komentariorik espiritualena edo laidorik ozenena borobilduko duen... eta ez du sekula huts egiten: beti bada norbait 280 karakteretan idatzi duzunari geruza baten gehitzeko.

Azken urte hauetako txiolari ospetsuena Donald Trump suertatu da. Ateraldi ederrak egin zituen koronabirusak globoa gatibatu zuenean. Ez ditugu ahanztekoak. Ukamena zen bere lehen postura, ukamena eta eritasun horrek pobreak, beltzak, obesoak, hispanoak eta jendalde autoktonoak baizik ez zituela eramaten oharturik, axolagabetasun larria. Oroitzen gara erremedio ikusgarriak proposatzen zituela, adibidez hesteak jabel urarekin garbitzea astean behin, eta besterik ezean, lau sosetako amatxien sendagailuak erabiltzea. Balentria horien emaitzak agerian daude: gaur egun, kasik 600.000 jendek galdu du bizia planetako estaturik aberatsenean.

Boris Johnson eta Jair Bolsonaro ere ez ziren atzean gelditu. Ikaragarriak errun zituzten. Macron aldiz, errege taumaturgo baten pare plazaratu zen, nous sommes... en guerre mailukatu eta guztiok gosta ahala gosta sendatuko gintuela ustez, osasun neurriak hartuz eta aldi berean ekonomiaren bridak laxatuz: kaxkarrot dantza batean bezala, bi urrats aitzinera, eta hiru gibelera. Buruzagi politikoez gain, herrialde orotan, mediku folklorikoak azaldu ziren telebistetan, ahuntz ahotsez edo hitzak nekez trenkatuz, hilen eguneko kopuruak bihikatzen. Ez dut izenik emanen dezentzia komunak hala manatzen didalako. Didier Raoult haatik aipatuko dut, bere epidemiologo ibilera biltzen duen biografia plazaratu duelako. 180ko Inteligentzia Tasa duela jakin arazten digu eta bertan, nola ez,hidroxiklorikina goresten du.

Tragedia eta erridikulua, biak, eskuz esku ibili dira hamabost hilabeteotan. Eromenbirusaren ondorioa izan daiteke, halaber, euskal prentsan irakurri dudan notizia hau ere: Amurizak euskara batura ekarri du Bernat Etxepareren Linguae Vasconum erraldoia... hain konpreni ezina bilakatu al da iparraldeko duela bostehun urteko euskara? Eta gaurkoa? Nik ere galdera zozoak ditut eta txertoaren bigarren zizta hartu berri dudanean jende onez gaitz erraitea baizik ez dut buruan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.