Albistea entzun

Herriko bozak Ipar Euskal Herrian

Espartinaren hiriburua jokoan

2014ko hauteskundeetatik hautagai bat gutxiago aurkeztu da aurten Mauleko bozetara. Beñat Elkegarai abertzalearen zerrendara bildu dira Alderdi Sozialistak sostengatzen zituen hautagai batzuk. Louis Labadot eta Mixel Etxebest gaur egungo auzapeza dira beste bi zerrendaburuak.
Mauleko Herriko Etxea artxiboko argazki batean.
Mauleko Herriko Etxea artxiboko argazki batean. NICOLAS MOLLO Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria -

2020ko otsailak 28 - Maule-Lextarre

Hiru hautagaiak Herriko Etxean egon dira azken agintaldian: Mixel Etxebest bigarren agintaldia bukatzen ari da Maule-Lextarreko auzapez gisa, eta oposizioan dira Louis Labadot komunista eta Beñat Elkegarai abertzalea. Azken sei urteetan oposizioko bi kideek auzapezaren kudeaketa eta gardentasunik eza salatu badute ere, kanpainaren eztabaidetan Espartinaren Etxea izaten ari da aipagai nagusia.

Elkegarairen erranetan, oro har Mixel Etxebestek «iraganeko egiteko manera» du, eta, haren ustez, «ezin da gisa horrez oro manatu eta oro gorde». «Autoritarismoa» egozten dio Louis Labadotek ere. Agintaldia baldintza zailetan joan dela gehitu du komunistak: «Elkarrizketarik ez, batzorderik ez eta aurrekontuen aldebakarreko lanketa, parte hartzea onartu gabe». Ezkerreko bi hautagaiek salatu dute gardentasunik eza publikoak behar luketen datuekin.

Mixel Etxebestek demografia aipatu du bere bilanaz galdetzean, Maulek 104 biztanle berri zenbatzeaz kontent: «Lanean ari ginen, inbertsio anitz egiten eta prefosta ez da beti aisa denei ulertaraztea eta zabaltzea. Helburu hartu genuen Maule dinamizatzea, eta ez dugu dena guretzat hartuko, baina sorpresa da ikustea Mauleko jendetzea goiti ari dela».

Espartina ikur

Lehengo industria oparoaren ikur izana berriz itzuli da Mauleko plazara: espartingintza. Herriko Etxearen ideia batek Euskal Elkargoaren babesa eta espartin egile gehienen kexua piztu ditu: eraikin bat berritu eta turismo bulegoaren ondoan Espartinaren Etxea egitea da proiektua, bere museo, fabrikazio tailer eta salmenta gunearekin. Labadoten zerrendak bost espartin egilerekin idatzi du xedearen kontrako testua, diru publikoz berritu gune batean espartinak saltzea konkurrentzia desleialtzat joz: «Ez dugu industrialekin bat egiten demagogiaz, baizik eta gogoetarekin bat egiten dugulako. Arrunt ados naiz erraten dutenarekin, espartinaren industriaren heriotza ekar lezakeelako».

Hiriaren izena marka bilakatzearen kontra bozkatu zuen herriak. «Guk badugu arrazoinamendua aspaldidanik egina», dio Etxebestek; egile guztiek zapata zola inportatzen dutelako bozkatu zen Mauleko espartina markaren kontra, ez delako osoki Maulen egina. Mixel Etxebest: «Inportazioak trabatuko dira gunean dena ekoitziz». Horretarako, lekuko espartin egile bat eta kanpoko beste bat ariko dira, dionaz, ondoko hilabeteetan egitekoa den tailerrean.

Espartina —inportaziorik gabe— burutik buru Maulen egitea «izugarri ideia ona» zaio Elkegarairi, eta, haren arabera, «ez bakarrik espartinendako». Baina gehitu du ekoizpenaren adar oso bat garatzekotan denborarekin eta «absolutuki» egileekin egin behar litzatekeela: «Gasnaren adibidea hartzen dut; hemen ez da gasna biologikorik, eta nik politikoki nahi nuke garatzea. Muntatuko dut nik zerbait ekoizleak gabe? Ez dut uste; alta, ideia ona da». Museo edo interpretazio zentro baten aldekoa da EH Bairen sostengua duen hautagaia, baita Labadot ere: gisa horretako gune baten sortzea proposatu zuen herriko kontseiluan 2000. urtean, hautetsia baitzen orduan ere.

Agerria hotela

Agintaldi hastapenean, berriz, hotel bat zen auzapeza eta oposizioko hautetsiak parez pare ezarri zituen beste xede handia. Norbanakoek eta herriko etxeak sindikatu misto bat osatu zuten Mauleko hotel bakarra Agerria apezetxe ohian plantatzeko. CGT langile sindikatuko ordezkariarekin Louis Labadotek behin eta berriz salatu izan du interes pribatuak dituen gunea berritzeko herriko langileak baliatu izana. Orain, Agerriako 2018ko diru kontuak azpimarratu ditu: urteko negozioa 432.000 eurokoa izan zen, eta gastuak, 680.000 eurokoak.

Izar bateko hotel eta jatetxearen abiatze urteak gorabeheratsuak izanik, hiru hautagaiek bat egiten dute hoteleko kudeatzaile lanetan hasi berri den bikoteari sostengua emateko. Etxebestek azpimarratu badu ere Agerriaren inguruko eztabaidak baretu direla, Labadot eta Elkegarai optika berean dira: hauteskundeetan nagusi aterako balira, biek nahi dituzte azken kontuak aztertu, ondotik erabakiak hartzeko. Azken kontuak «gordetzen» zaizkielako, Elkegarairen erranetan.

Beste gisako ostatua da Irabarneko jauregia, baina hortik ere kudeaketa publikoaren salaketa bera jalgi dute oposizioko hautetsiek: aisialdi gune zena azpikontratu pribatu bidez kudeatzen da azken urte luzeetan. Enpresa pribatuen gisako kudeaketa salatu du Louis Labadotek: «Lehen zuzendaria kanporatua izan zen, eta haren kalte-ordainak hiriak pagatu zituen. Bigarren zuzendaria kanporatua izan zen, eta zuzendaritzak onartu zuen arau kontrako kanporatzea izan zela. Beste langileak kanporatuak izan dira baldintza zailetan ere».

Hor ere datuak aztertu ditu hautagai abertzaleak: hamar urtez «kasu egin ez izanaren» ondorioz, Elkegaraik laburbildu duenez, 400.000 euroren zorrak pagatu beharko ditu herriak ondoko urteetan: «Ondoko agintaldia zilo horrekin hasiko dugu. Agerriako finantzetan ere ez da aisa orekatzea, eta, erortzen bada, herriak badu milioi bateko bermea ezarria maileguentzat».

Bestalde, osasungintzak ere leku handia du eztabaida publikoan, Maulen mediku eskasia agerikoa baita. Mixel Etxebest, auzapez izateaz gain, ospitaleko presidentea da, eta aterabide bila hasia da bere zerrendakide Christian De Gaye medikuarekin batean, besteak beste. Hautatua balitz, ondoko bizpahiru urtetan lehentasun gisa hartuko luke osasungintza Etxebestek, nahiz berez herriaren eskumena ez izan.

Bozkatzaileak erakartzeko, proposamen zehatzetan ere hasiak dira bi hautagai ezkertiarrak. Futbol taldearentzat zelai sintetiko baten diruztatzea Labadoten zerrendan, edo ikasketa teknologikoetan ari direnen formakuntza barnatzea Elkegarairen zerrendan. Biek argiki adierazi dute auzapezez aldatu beharra, baina bozen lehen itzulian soilik zentraturik. Bigarren itzulirako hurbiltze posibleez galdeturik, ez dute oraino deus argitu.

Ezagutu hiru hautagaiek euskararekiko duten harremana eta hizkuntza sustatzeko duten borondatea: Euskara bai, baina neurri zehatzik ez

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ikasle Abertzaleen agerraldia, atzo, Gasteizen. ©BERRIA

IAk salatu du 34 ikasleri espedientea irekiko dietela

Berria

Manifestazio bat egingo dute otsailaren 16an Gasteizen, besteak beste, EHUn «kontrol soziala amaitu» dadin

<em>Mozal legearen</em> aurkako protesta bat, iazko otsailean. ©ELOY ALONSO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ahalbidetzeko eskatu die PSOEk EH Bilduri eta ERCri

Xabier Martin - Jon O. Urain

Gaur batzartuko da Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea aldatzeko lantaldea. EH Bilduk ez du onartuko erreforma «light» bat

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan. ©JUANCARLOS HIDALGO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ez blokeatzeko eskatu die PSOEk bazkideei

Xabier Martin

EAJko Aitor Estebanek uste du orain arte adostutako zuzenketak egun indarrean dagoen legea hobetzen dutela. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak, berriz, ohartarazi du Espainiako Gobernuak «hitzemandakoa» bete beharko duela koalizioaren babesa jaso nahi badu Herritarren Segurtasun Legearen erreformarako.

PSNk atea itxi dio Mañeru eremu mistoan sartzeari

Berria

Etzi bozkatuko dute proposamena parlamentuan. Alzorrizek esan du ez dela gaiaz «hitz egiteko garaia»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.