Ekintza faltari hitz ubelak

Frantziako Gobernuak bortizkeria matxistari aurre egiteko eztabaida abiatu du irailean, eta azaroaren 25era arte iraungo dute gogoetek. Philippek larrialdiko hamar neurri aurkeztu ditu, baina elkarte feminista frankok salatu dute aspaldi bete beharreko legeak besterik ez direla.

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Zenbakiak esanguratsuak dira: Ipar Euskal Herrian 24 emakume hil ditu indarkeria matxistak 2003tik; izatez, urtero izan da hildakoren bat ordutik, 2013an izan ezik. Aurten, bi emaztek galdu dute bizia: Mayie Nervik eta Chantal Montek. Frantzian ere piztu da kezka: Nous Toutes kolektiboaren arabera, urtarriletik 117 feminizidio gertatu dira estatu osoan; ia bi egunetarik behin emakume bat hiltzen da bortxaz.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere bost urteko agintaldiaren kausa nagusitzat jo du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Urteko ehungarren biktima erail zuten egunean eman zion hasiera Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak emakumeek jasandako indarkeriaren aurkako Grenelle eztabaidari. Hautetsien, langile espezialisten eta hildako emazteen familien arteko elkarlana bultzatu nahi du Frantziako Gobernuak. Hiru hilabete izango ditu gogoetak eramateko eta proposamen konkretuak egiteko.

Edouard Philippek larrialdiko hamar neurri proposatu zituen Grenelle hasteko. Oroitarazi zuen urtero 220.000 emakumek jasaten dutela bortizkeria matxista, eta gehitu: «Badira mendeak emakume horiek gure axolagabekeria, ukazioa, arduragabekeria eta matxismoa pairatzen dituztela». Feminizidio hitza bera ere baliatu zuen, eta indarkeria jasan duten emakumeen lekukotasunak irakurri. «Gaitz hori errotik ateratzeko proposamen irmoak» egin zituen berehala.

«Neurri batzuk proposatu ditu gobernuak, baina baliabiderik ez du eman», hala laburbildu dute eztabaidaren hasiera Anahi Miranda Nous Toutes kolektiboko kideak, Veronique de la Deveze Zutik elkarteko kideak eta Claire Charles Les Effronte-e-s taldeko bozeramaileak. Milioi bat euroko aurrekontua desblokeatu du gobernuak, baina Mirandak azaldu du «miliar bat euroren beharra» dagoela bortizkeriari aurre egiteko. Kopuru hori hainbat elkartek eta profesionalek kalkulatu dute, ikusitako premien arabera. De la Devezek bat egin du Mirandarekin: «Gobernuaren jarrera zuriketa morea dela erran genezake: kosmetikoa dirudi erabat. Badakigu non dauden beharrak, eta, horiek betetzeko, dirua behar da. Dirurik ez dute emanen; beraz, jokoz kanpo dira».

Larrialdi gisa aurkeztu diren neurri gehienak, gainera, 2020an eta 2021ean ezarriko dira plantan. «Bitartean, emakumeek erailak izaten segituko dute», deitoratu du Mirandak. Antzera mintzatu da Charles: «Larrialdi neurriak direla esaten badute, bihar aplikatu behar dituzte; ezin gara urte pare batez beha egon».

Betebehar diren neurriak

Bortizkeria pairatzen duten emakumeen aterpeari dagokionez, hiru neurri proposatu ditu Frantziako Gobernuak. Urgentziazko lekuak gehitu nahi ditu: 250 epe laburrerako, eta 750 epe luzeagorako. Mila leku gehituko litzaizkieke, beraz, egun dauden 5.000lekuei. Charlesek azaldu du Europako arauen barruan izateko guztira 6.700 toki behar liratekeela, hots, toki bat 10.000 biztanleko.

Istanbulgo Hitzarmena ere izan dute hizpide: Europako Kontseiluak egin zuen, 2011n, emakumeen aurkako bortizkeriaren aurkako neurriak zabaltzeko; Frantziak izenpetua du, baina oraindik bete gabe ditu neurriak. «Mila toki berriak opari bat balira bezala aurkezten ditu Frantziako Gobernuak. Baina ez da hala: aspaldi bete beharko lukeena betetzea da», esan du Charlesek.

Urgentziazko lekuez gain, epe luzeagorako bizitokiak eskuratzeko erraztasunak emango dituela hitzeman du gobernuak; adibidez, emakumeei alokairu bermeak eskainiz. Libre dauden tokiak geolokalizazio bidez seinalatzeko plataforma bat ere irekiko da, eta profesionalek kudeatuko dute.

Zutik kolektiboko De la Devezen arabera, Ipar Euskal Herrian eskas dira aterpe tokiak. «Gaur egun, ezin da urgentziazko tokirik bermatu, eta horrek ekartzen du arriskuan den emakumea behartua dela etxera itzultzera, bikotekide bortitzarengana». Gobernuaren neurriei begira, dudakor gelditu da: «Iragarpenak dira: ez dakigu noiz, nola eta non irekiko dituen toki horiek. Hitzak besterik ez dira. Baina berehalako behar bat bada, eta pasatzen ari den denbora kriminala da».

Arlo juridikoa aldatzeko proposamenak ere ekarri ditu Philippek. «Biktimaren babesa segurtatzeko», eskumuturreko elektronikoaren erabilpena zabaldu nahi du. Urruntze agindua jaso eta 48 ordura ezarriko zaio tresna bikotekide bortitzari. Claire Charlesek erran du orain arte urtero 1.300 aldentze agindu bazirela, eta 223.000 biktima direla. «Proportzio oso txikiak dira, eta, eskumuturra ezarri aitzin, segurtatu behar da urruntze aginduak banatzea». Mirandak ere mugak ikusten dizkio neurri horri: «Agindutik eskumuturrera, bi egun pasatuko dira. Bi egun horietan, emakumea inoiz baino arrisku handiagoan da». De la Devezek ere honela galdetu du: «Eskumuturrekoa daukan pertsona gehiegi hurbilduz gero alarma pizten bada ere, noiz eta nola erreakzionatuko du Poliziak? Ez ote da beranduegi helduko?».

Polizia etxeetan gertatzen diren arazoak gainditzeko, diagnostiko bat egingo du gobernuak laurehun komisariatan, 2020tik aitzina. Izan ere, emakume askok salatzen dute ez zaiela egiten harrera egokia, eta salaketa jartzea ere ukatzen zaiela maiz. Mirandak uste du, ordea, neurri hori debaldekoa dela: «Emakume askoren salaketak ez dira kontuan hartzen. Emakumeen hitza etengabe zalantzan jartzen dute. Diagnostikoa egina da. Denbora galtze hutsa da». Bat egin du De la Devezek: arazoa «sistemikoa» da, haren ustez, eta «bortxaketaren kultura» deitzen zaio.

Halaber, ospitaleetan salaketak jartzeko aukera zabaltzeko asmoa dauka gobernuak. Neurri hori «interesgarritzat» dauka Zutik-eko kideak, baina azpimarratu du «baliabideak eta langile formatuak» beharko direla horretarako.

Guraso aginpidea moldatzeko edo mozteko aukera eman nahi die gobernuak epaileei. Indarkeria matxistagatik salatutako gizonei guraso aginpidea moldatzen ahalko die epaileak; feminizidio bat gertatzean, osoki mozten ahalko die. Charlesek «oinarrizko neurritzat» dauka azken hori: «Agerikoa da senar edo mutil lagun bortitz bat ez dela aita ona izaten ahal».

Hitzak utzi, eta ekin

Hizlariek uste dute elkarteek eta gizarte zibilak eramandako lanaren fruitua dela Frantziako Gobernuaren ekinaldia. Honela dio Charlesek: «Me Too eta Balance Ton Porc mugimenduek kontzientzia hartze bat eragin dute, eta elkarteok presioa jartzen segituko dugu». Nous Toutes taldeak ere feminizidioen kontaketa egin du, eta sare sozialetan izandako oihartzuna deigarria egin zaio. De la Devezek ere funtsezkotzat dauka elkarteen lana: «Ez gara isilik egonen; gobernuak gehiago egin beharko du: hitzetatik ekintzetara pasatu beharko du». Izan ere, feministen susmoa da gobernuaren egitasmoa komunikazio operazio bat dela: «Gure ekintzek eragina ukan dute, baina ez da nahikoa. Itsuki jokatzen du gobernuak, eta kosmetikoa da Grenelle hau».

Edouard Philippek bere adierazpenetan hitz berriak sartu dituela nabarmendu du Charlesek. «Hitzak garrantzitsuak dira: pentsaera egituratzen dute. Lehen oinarri bat da, baina beste baliabiderik ez da». De la Devezek ere baliabide eskasia deitoratu du: «Grenelle honentzat diru magikorik ez dela erran du Marlene Schiappa Berdintasunerako estatu idazkariak. Baina hortik bi egunera bost miliar euroko aurrekontua eman diote Frantziako Teknologia sailari».

Mirandak argi du oraingoz «ondorioetan» zentratzen dela eztabaida. «Ohartu behar da sistema osoa mendeetan patriarkala izan dela, eta osoki aldatu behar dela. Ez da aski sistemaren zaurietan loturak ezartzea». Hitzak ez, ekintzak nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.