joxerra senar
GEURE KONTU

Partida hasi besterik ez da egin

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroan, legealdi hasiera honetako partida atsedenaldira heldu da. Asteon gobernuak fiskalitateari buruzko hiru proiektuak aurrera ateratzea lortu du, eta aurrekontuen aurreproiektuaren nondik norakoak aurkeztu ditu. Lehen hilabeteotan PSNk izan du ekimena, eta politikan abantaila handia da hori. Gobernuaren barnean, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k bazkideen arteko sintonia ona azpimarratu dute, eta protagonismo lehiarik ez da izan, sozialistek euren interesei kalte handirik egin ez dieten seinale. Gobernutik kanpo, PSNk jokalekuaren erritmoak, egutegia eta arauak markatu ditu, eta Navarra Sumak eta EH Bilduk baldintza horietara egokitu behar izan dute.

Aurten fiskalitatearen eta aurrekontuaren eztabaida bereizi egin dira. Gobernuak arrazoitu du ez dutela denborarik, abuztu hasieran hartu zutelako kargua Maria Txibitek eta kontseilariek. Hala ere, aurreko legealdian garai berean osatu zuen gobernua Uxue Barkosek: garaiz zein aldi berean atera zituzten aurrera aurrekontuak eta zerga erreforma. Ez, bestelako interes eta kalkulu politikoei erantzun die. Alde batetik, balio izan dio PSNri fiskalitatearen eztabaida ardazteko eta bilatu nahi duen zentraltasunaren ideia indartzeko: Edozeinekin ados jartzeko gai gara. Bestetik, aurrekontuen negoziazio prozesua beste hiru hilabetez luzatuta, karta bat gehiago du esku artean PSNk. Espainiako Gobernua osatzeko dago, eta taula joko handiago horrekin nolabaiteko lotura dago.

Bi kasuetan, betoa altxatzea lortu du EH Bilduk. Udan, gobernua osatzeko orduan, koalizio abertzalearekin bilduko ez zela zin egin ostean, azaroaren 27an Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araizekin bildu zen Txibite. Asteon, gauza bera egin du PSOEk EH Bildurekin, Madrilen. Bi argazki esanguratsu, eta ez da gutxi, eskuinaren harrabotsa entzunda. Fiskalitatearen auzian, EH Bilduk gobernuaren sei konpromiso lortu ditu, eta ziurtatu du oraingo gobernu honek 2015ean hartutako bidean atzerapausorik ez duela egin —enpresen ondasunen zerga kentzea salbu—. Gainera, gobernuari erakutsi dio Navarra Suma baino solaskide fidagarriagoa dela.

Oraingoz, lehen urratsak besterik ez

Horregatik, akordioak aurrekontuetan emaitza bera gerta litekeela ondorioztatzera eraman dezake. Bere kutsua markatu asmoz, diferentziak azpimarratu nahi izan ditu Txibiteren gobernuak, baina ez gehiegi. Itxuraz, asteon aurkeztutako aurreproiektuak aurreko lau urteekiko ez du atzera egin.Dena den, komunikabideoi ohar soil bat baizik ez ziguten banatu, eta ikusteko dago zenbat letra txiki gordetzen duen proposamenak. Bere lehen urtea izaki, gobernuak ezinbesteko du egitasmoa aurrera ateratzea, baina oztopoak ez dira faltako.

EH Bilduk bere proposamenak helarazi dizkio, eta horiek ere ezagutu zain, gobernuak oraingoz zuhurtzia gordetzea nahiago du. Ez da ahaztu behar urtarrilaren 30ean greba orokorra dagoela, eta deitzaileek besteak beste aurrekontu sozialak aldarrikatzen dituztela. Horrek EH Bilduren posizioa ere zaildu dezake.

Navarra Sumak, berriz, apustu argia egin du:aurreko lau urteetan esandakoak gogoan, PSNren kontraesanak azpimarratu eta gobernua higatu nahi du, batik bat EH Bildurekin akordio egin izana kritikatuz. «Akats historikoa», Esparzaren ahotan. Fiskalitatean erabilitako diskurtso gogorra gero ez da egiaztatu bozketatan, baina berdin dio. PSNren boto-emaile batzuk aldaketaren gobernuarekin kritiko ziren, eta bide horretatik hazteko aukera ikusi dute. Hiru urte pasa geratzen dira aurretik, eta denetarik gerta daiteke. Baita Navarra Suman ere. Ez da ahaztu behar EH Bilduk Txibiteri emandako abstentzioarekin eskuina higatu eta zatitzea bilatu zela. Aurrekontuak aurrera ateraz gero, auskalo zer egiten duen PSNk kapital horrekin, edo zer gertatzen den gobernu barruko sintonia onarekin. Aurrera begirako galderak dira horiek. Azken finean, partida hasi besterik ez egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.