Haitiarren deportazioak gelditzeko eskatu die AIk AEBei eta Mexikori

ALLISON DINNER / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hilabete batean, joan den irailaren 19aren eta urriaren 19aren artean, Amerikako herrialdeek 10.800 bat haitiar deportatu zituzten, atzera, Haitira; horietako gehienak, AEBetatik. Hori da IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datua, eta hori baliatu du AI Amnisty Internationalek Amerikako herrialdeei baina batez ere AEBei eta Mexikori eskatzeko gelditu ditzatela haitiarren deportazioak. Era berean, salatu du haitiarren giza eskubideak bortxatzen direla Amerikan.

GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta haitiarren giza eskubideen alde lan egiten duen Haitian Bridge Alliance elkarteak txosten bat osatu dute: Guatemalarekin muga egiten duen Tapachula (Mexiko) hirian egindako ikerketa bat du oinarrian. Herrialdeei eskatu diete ezar ditzatela haitiarrak babesteko neurriak, hala nola asiloa eta haien egoera erregularizatzeko bideak, «modu horretan aukera izan dezaten haien bizitzak modu seguruan berregiteko».

NBEren arabera, azken hamarkadan bi milioi haitiar inguruk migratu behar izan dute, eta joan den abuztuko lurrikarak eta Jovenel Moise presidente zenaren hilketak, uztailean, egoera are gehiago ezegonkortu eta okertu besterik ez dute egin.

Hori guztia aintzat hartuta, AIk gogoratu du nazioarteko zuzenbideak debekatu egiten duela estatuek pertsonak deportatzea haien bizitza edo askatasuna arriskuan egongo den lekuetara. Eta beste datu bat: aurten Mexikon asiloa eskatu dute 26.000 bat haitiarrek, baina eskaeren erdiak ere ez dituzte gauzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.