Le Pen ahaztuta, burtsak jaitsi egin dira Txinako egoeraren beldur

Pekingo supermerkatu bat, jendez gainezka, atzo. MARK R. CRISTINO / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Pentsatzekoa zen Emmanuel Macronen garaipenak arindua ekarriko zuela finantza merkatuetara, baina ez da hala izan, eta jaitsierekin hasi zuten astea munduko burtsek; Europako burtsa gehienek %1,5 eta %2 artean galdu zuten. Marine Le Penek irabazteak Europako Batasunera ekarriko zukeen desegonkortasunaren larritasuna gaindituta, beste kezka batzuk nagusitu dira inbertitzaileen buruan: inflazio handia, interes tasen balizko igoera, eta Txinak COVID-19aren agerraldiak geratzeko hartutako neurri gogorren ondorioak.

Txinan hasi zen finantza merkatuen dardarizoa. CSI 300 indizeak %4,9 egin zuen behera, urduritasuna zabaltzen ari delako Pekinen gerta daitekeenari buruz. Shanghai hiriburu ekonomikoan konfinamendu neurriak hasi ziren ezartzen duela bost aste, COVID-19aren agerraldi bat kontrolatzeko. Kasuak Pekinera ere iristen ari direnez, hiriburu politikoan ere eguneroko bizitza mugatzeko neurriak ere helduko direla espero dute herritarrek, eta horrek eraman ditu azken egunotan neurri gabeko erosketak egitera.

Petrolioaren merkatuan, berriz, Txinaren egoerak ere azal dezake azken egunotako merkatzea: atzo, %6 utzi zuen Brent upelak, konfinamenduek Txinaren eskaria gutxituko dutela uste baita. Hori bai, petrolioa merkatzeak inflazioa apal dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.