Ingurumenean inbertitzea xede

Desagertzeko arriskuan dagoen espezie bateko tximino ilegorri bat hilik agertu izanak ezkutuko ehizari buruzko kezka eragin du Kongoko Errepublika Demokratikoko Kisimba komunitatean.

Pilocolobus langi espezieko tximino bat, hilik. OSKAR EPELDE JULDAIN.
Oskar Epelde Juldain.
Walikale
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Begiak itxi dituen tximino ilegorri baten argazkiek Walikale eta Ipar Kivuko herritar askoren bihotzak urratu ditu. Banyangek nkurungu esaten dioten animalia hori oso arraroa bilakatu da Walikaleko basoetan, eta askok uste dute datorren ezbehar baten zeinu iluna dakarrela. Haren haragia zatitu, ketu eta saltzeko hil dutela jakiteak samina eragin du, baina irtenbide bila ere jarri ditu bertakoak: zer-nolako estrategia behar dute biodibertsitatea zaindu, eta haren kontserbazioa iraunkorra izan dadin?

Walikaleko Kisimba komunitatearen Buruko herrixkan gertatu da hilketa. Bertakoen bizimodua sistema kapitalistatik erabat baztertuta dago. Bizitzeko adina landare ekoizten dute, edo janaria oihanetik ateratzen, inoren laguntzarik gabe. Baina ekoizten dituzten ondasunak eta artelanak, batzutan miresgarriak badirudite ere, ez dira merkatuetara iristen; eta iristen badira, etekinak bidean galtzen dira.

«Kisimbako herritarrek euren familia elikatu edo biodibertsitatea zaintzearen artean aukeratu behar dutenean, hautu azkarra egiten dute», dio Connaitre Ingurumena Babestu elkarteko buru Justin Lumook. Eskoletan ingurumena lantzeko elkarlana sustatzen du kontserbaziorako kontuzko gai batzuk jorratuta, haurrak komunikatzaile onak direlakoan, eta, euren bitartez, gurasoek ezagutza jasoko dutelakoan.

Bortxaz hildako azkena Pilocolobus langi espeziekoa da. Kivuko lurralde askotatik hamaika tximino gaixo iristen dira Lwiron dagoen babesgunera, baina han ez dute orain arte ikusi horrelako kolobo gorririk. Desagertzeko arriskuan daude horiek ere, gorilak eta okapiak bezala.

Kongoko Errepublika Demokratikoan naturaren kontserbazioa arautzen duen 2014ko legeak ezkutuko ehiza debekatzen du. Baina bertakoak dira legea betearazteko aukera duten bakarrak. Izan ere, SENAD Salba Ditzagun Izakiak eta Natura elkarteko kide Thadee Twendiren esanetan, gobernuaren bitartekoak ez dira nahikoak: «Ehiztariek, herritarrek, militarrek eta talde armatuetako kideek egin ohi dute ezkutuko ehiza, arriskuan dauden espezieen zerrendari begiratu gabe. Emakumeak ere aritzen dira jardueretan, ketzen eta haragia saltzen».

SENADek abere basatien eta komunitateen arteko harremana nabarmendu ohi du, abusuzko esplotazioaren oinarrian dagoen pobrezia maila altua mahaigaineratuta. Pobreziaren eraginez, herritarrek duten proteina iturri bakarra, edo merkeena, ehiza da, eta, beraz, hura gutxitzeko, beharrezkoa da komunitateen bizi baldintzak hobetzea.

Biodibertsitatea babeste aldera, azpimarratzen duten jardueretako bat da abeltzaintza. Txerri hazkuntzak, adibidez, batetik, herritarren proteinen beharrei erantzun diezaieke, eta, bestetik, diru sarreren iturri bat ekarri komunitateari. Badira, ordea, bizpahiru urte Walikaleko ekologistek abeltzaintza eta nekazaritza proiektuak garatzeko laguntza eskatzen dutela, eta ez dutela inongo aurrebiderik aurkitu.

Walikalen eginbehar asko dituzte. Masisira joateko bidea konpondu beharra dago, baita argindarra lortu ere, baina, horretaz gain, talde armatuak armagabetu eta armak utzi dituzten gazteak gizarteratu behar dituzte. Baina gobernuak beste alor batzuetara bideratzen ditu inbertsioak, eta kapital handiek ez dute interesik mozkin handirik ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.