Farhad Xami. Siriako Indar Demokratikoetako komunikazio arduraduna

«Turkiako Estatuak, Estatu Islamikoa babestu ez ezik, hura gobernatu ere egiten du»

Heseke hiriko Sinako kartzelaren aurkako erasoaldia ez zen ohikoa izan, Xamiren ustez. Haren esanetan, «EI berrantolatzeko ahalegin bat» izan zen, eta nazioarteko indarrak egin ditu horren erantzule, «segurtasun arazo soiltzat» daukatelako erakunde hori.

O. C.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
EI Estatu Islamikoko hainbat mertzenariok, Siriako hego-ekialdeko Heseke hiriko auzoetan infiltratu, eta Sinako kartzelari eraso egin zioten urtarrilaren 20an: han daude atxilotuta EIko 5.000 kide eta babesle baino gehiago —haietatik 2.000, atzerritarrak—. Ikusirik zer dinamika erabili duten erasoa egiteko eta kontuan izanda lau gatazka egun izan direla eta Rojavako Administrazio Autonomoak astebetez etxeratze agindua ezarri behar izan duela herritarren segurtasuna bermatzeko, badirudi argi dagoela EIk hilabeteak zeramatzala operazio hori prestatzen. Eta «kanpoko indarren» laguntzaz prestatzen, gainera, Farhad Xami SDF Siriako Indar Demokratikoetako komunikazio arduradunak BERRIAri nabarmendu dionez, Turkia seinalatuta.

Kartzelaren kontrola berreskuratzeko eta ihes egindako mertzenarioak berriz atzemateko egindako operazioaren lehen balantzea, Xamiren arabera, hau da: «175 hildako mertzenarioen artean, eta 27 SDFn». Urtarrilaren 24goizean liskar handiak izan ziren EIko kideen eta Administrazio Autonomoari lotutako Siriako Indar Demokratikoen artean. Herenegun, baina, espetxea kontrolpean hartua zuela jakinarazi zuen SDFk, eta eraikin barruan ari zirela armak bilatzen.

Nola egin zuten Sinako kartzelaren kontrako erasoa?

Eraso horretan aritutako zenbait mertzenario galdekatu ahal izan ditugu, eta, haiek adierazi digutenez, 200 terrorista suizida ibili dira operazio horretan. Mertzenario horietako batzuk Turkiak okupaturiko eremuetatik etorri dira Hesekera, Serekaniye eta Gire Spi aldetik; beste batzuk, berriz, Irak aldetik. Sei hilabetez prestalanetan aritu ondoren, mertzenarioek bonba-auto bat zartarazi zuten urtarrilaren 20an, Sinako kartzelatik gertu. Kartzela barruan zeuden mertzenarioek, aldi berean, hango medikuei, sukaldariei eta segurtasun guardiei eraso zieten, kartzelatik ihes egiteko asmoz. Horrez gainera, mertzenarioek giza ezkututzat erabili dituzte ehunka atxilotu adingabeko.

Baghuzen porrot egin eta hiru urtera, EIk lehenengoz egin du halako eraso handi bat. Horrek zer esan nahi du?

Gure ustez, Hesekeko kartzelari egindako eraso hori ez da ohiko zerbait, baizik eta oso ondo prestaturiko operazio berezi bat. Eraso estrategiko bat da; izan ere, sarritan esan izan dugunez, EI berrantolatzen ahalegintzen ari da. Eta eraso hori horren erakusgarri da, bai EIk eta bai zenbait indarrek taldea berriz pizteko egindako saialdiaren erakusgarri ere. Eraso hori ez da izan zenbait mertzenario kartzelatik ateratzeko ahalegin soila. Gogorarazi nahi dut, halaber, gure kartzeletan, atxilotze zentroetan eta beste zenbait esparrutan ia 12.000 borrokalari daudela, eta 70.000 emakume eta haur, gutxienez 46 herrialdetakoak.

Litekeena al da EI 2014ko mailara itzultzea? Zer erantzukizun daukate nazioarteko potentziek halako egoera batean?

Bai, litekeena da EI 2014ko mailara itzultzea; arrisku hori askoz ere handiagoa da basamortuetako eta mugaldeko eskualdeetan, segurtasun indarren kontrolpetik at baitaude. Eta, Siriako mugaldeko eta basamortuko eremuez ez ezik, Irakeko eskualde mortuez ere ari naiz. Nazioarteko potentziak dira egoera honen erantzuleak. Nazioarteko estatu askok segurtasun arazo soiltzat daukate EI. Jakina, bada segurtasun arazo bat, baina baita lege arazo bat ere; mertzenarioen arazoa legez konpondu ezean, talde hori beti izango da oso arriskutsua. Eta arrisku hori ez da arinduko baldin eta ez badituzte terrorismoa babesteari uztera behartzen EIren mertzenarioak babesten dituzten indarrak eta estatuak —Turkiako Estatutik hasita—.

Baghuzko operazioaren ondoren —borroka hark segurtatu zuen EIren porrota, 2019ko martxoan—, herrialde batzuk Siriako ipar-ekialdera etorri dira beren herritarrak eramateko asmoz mertzenarioen artetik. Esan zuten beren herrialdean bertan epaituko zituztela. Pentsatu zuten EI amaituko zutela hartara. Baina arazoa askoz ere korapilatsuagoa da. Ezin da konpondu, besterik gabe, zenbait familia eta haur beren herrialdeetara itzularazita. Izan ere, EIk masakreak antolatu zituenean, krimenak egin zituen, eta Irakeko eta Siriako parterik handienaz jabetu zen; ez zen pertsona gutxi batzuk osatutako antolakuntza bat. EI antolakuntza orokor baten esparruan sortu zen, helburu eta estrategia jakin bati atxikia. Ez zen izan Abu Bakr Bagdadiren eta beste banaka batzuen asmakuntza bat soilik. Beraz, gainerako estatuak aurrerantzean ere tankera horretan hartzenbadute EIren gaia, are arrisku handiagoa ekarriko du EIk.

Esan duzunez, zenbait estatuk eta indarrek babesten dute EI, eta esana duzu Turkiako Estatua dutela babesle nagusi.

Zenbait herrialdek babesten dute EI. Baina guk zera diogu: Turkiako Estatuak, Estatu Islamikoa babestu ez ezik, hura gobernatu ere egiten duela. Eta ez gara propaganda egiten ari; agiri ugari dago esan berri dudanaren frogagarri. Zenbat urte egon zen EI Turkiako Estatuaren mugaldean? Turkiako Estatuak ateak ireki zizkien. Turkiako Estatuak eta EIk petrolioa trukatu zuten, Gire Spiko mugaldean. Estatu Islamikoa, ofizialki, salerosketan aritu zen Turkiako Estatuarekin. Erreparatu, bestela: gaur egun, oraindik ere, Baghuzko mertzenarioak eta haien emirrak Gire Spin eta Serekaniye eskualdeetan bizi dira, Turkiako Estatuak okupaturiko horietan. Horregatik diogu Turkiako Estatuak gobernatzen duela benetan Estatu Islamikoa. Turkiako Estatuak, besteak beste, EI erabili zuen Siriako iparraldeko eta ekialdeko eremuei erasotzeko tresnatzat.

Sinako kartzelari egindako erasoa bera garai ezinago adierazgarrian gertatu zen: Afringo erasoaren urteurrenean [2018ko martxoa], zehazki. Duela bi hilabete, aitorpen bat egin zuen Mihemmed Evdo Ewadek, gure eskuetan dauden mertzenarioetako buruetako batek, eta adierazi Hesekeko kartzelaren inguruko plan batzuk prestatzen zebiltzala. Turkiako Estatuaren eta Estatu Islamikoaren propaganda bat datoz kontu funtsezko batean: Siriako iparraldeko eta ekialdeko eremuak desegonkortzeko asmoan. Turkiako Estatuak, batzuetan, agerian jotzen du erasora, eta, beste batzuetan, zeharbidez, Estatu Islamikoa erabiliz. Horren jakinaren gainean dago nazioarteko komunitatea. Badakite AEBek, eta badaki Europako Batasunak. Eta guk ere, eraso honen ondoren, agiri batzuen bidez frogatuko dugu Turkiako Estatuak parte hartu duela.

Nazioarteko Koalizioak SDFri lagundu al dio operazio horretan?

Bai, Nazioarteko Koalizioaren indarrek babes militarra eman diote, airez. Hala ere, ez da nahikoa izan. Ezinbestean, errotik moztu behar da Estatu Islamikoari babesa ematea. Eta horrekin zera esan nahi dut: esate baterako, zigortu egin behar direla talde terrorista hori babesten duten estatu guztiak.

Mertzenario horiek nazioarteko epaitegi batean juzgatu behar dira. Eta epaiketa hori gure lurraldean egin behar da, Siriako ipar-ekialde honetan, EIk sarraski ugari egin baitzituen hemen; hemen moztu zioten burua milaka pertsonari, hemen bizi dira haien biktimak eta bizirik iraun dutenak, eta, horrexegatik, mertzenario horiek hementxe epaitu behar dira. Justizia eskaini behar zaie EIk kalte egin dien pertsona horiei guztiei. Alabaina, herrialde askok aurrerantzean ere tokian tokiko gauzatzat hartzen badute EI, erakunde horrek beti izango du berrantolatzeko aukera.

Arretaz begiratuz gero, EI sekulako propaganda egiten ari da egunotan sare sozialetan. Esan dute Heseke hiria hartua dutela, eta kartzela beren eskuetan dutela. Halako propagandak arazo larria izango dira, berriro ere, Europako estatuentzat. Propaganda horrek milaka jende erakarriko du, eta EIrekin bat egin nahiko dute. Oso litekeena da, halaber, berriro ere zelula terroristak sortzea Europako zenbait herrialdetan, espiritua eta propaganda oso ahaltsuak baitira. Europako herrialdeei eskatzen diegu, bada, arazo hau ez hartzeko soilik Siriako iparraldeko eta ekialdeko eta Irakeko arazo bat izango balitz bezala. Mundu guztiaren arazo bat da. EI oso arriskutsua da, bai gure eskualdearentzat, eta bai mundu osoarentzat.

Estatu Islamikoa indarberritzen ari da Siriako iparraldean eta ekialdean. Suspertzen ari al da beste eskualde batzuetan ere?

Estatu Islamikoa ez da ageri Siriako iparraldean eta ekialdean bakarrik. Izan ere, oraintxe bertan, askoz ere indartsuago dabil beste eskualde batzuetan. EI aktibo dago Siriako basamortuen %60tan; bereziki, Deir ez-Zor, Raqqa, Hema, Damasko, Khims eta Siwedako desertuetan, bai eta Irakekoetan ere.

Rusafa hiria, esate baterako, Raqqako hego-ekialdean dago [EIk hiriburu hautatua bere kalifa herrirako], eta Damaskoko gobernuaren kontrolpean; behin baino gehiagotan izan da EIren erasoen jopuntua. Duela egun batzuk, eraso egin zioten eskualde horri, eta Errusiak hegazkinen bidez erantzun zuen. Hortxe dago Estatu Islamikoak eskualde horiek hartzeko arriskua ere, eta gero handik korridore bat irekitzekoa Siriako ipar-ekialdeko eskualdeetatik barrena. Zoritxarrez, Damaskoko, Errusiako eta Irakeko gobernuak ez dira ari modu koordinatuan lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.