Albistea entzun

GEURE KONTU

Enpresen tarta zati «historikoa»

Iker Aranburu -

2023ko apirilak 2

Deseroso zegoela antzeman zitzaion Christine Lagarderi duela bi aste, kazetari batek enpresen irabazi handien eta inflazioaren arteko harremanari buruz galdetu zionean. Galdera iritsiko zitzaiola aurretik zekien arren, Lagardek denbora pixka bat hartu zuen, eta, tentuz bada ere, enpresei eskatu zien beren irabazi tarteak kontrolatzeko edo gutxitzeko: «Inflazioa zerga baten modukoa da, eta haren zama partekatu egin behar da». Ez dirudi beste munduko adierazpena, baina kontuan hartu behar da Europako Banku Zentrala ez dagoela ohituta enpresei kargu hartzera. Errazagoa zaio langileen ordezkariei presio egitea beren soldata eskakizunetan apal jokatzeko, inflazioaren sorgin gurpila ez elikatzeko. Hala egin zuen Lagardek hamalau aldiz otsaileko bileraren osteko agerraldian, eta behin ere ez zuen aipatu enpresen irabazien hazkundea.

Baina otsaileko kontseilutik egun gutxira, Finlandian fokuetatik kanpo bildu zirela, txosten bat mahai gainean aurkitu zuten EBZko kontseilariek. Horretan, etxeko teknikariek berek ohartarazi zieten 2022ko inflazioari 1,3 puntu eman zizkiotela enpresen irabaziek eta 0,7 soldatek.

Ideia horretan sakondu du aste honetan Oscar Arce EBZko Ekonomia zuzendariak, artikulu batean. Azaldu duenez, «historikoki ezohikoa» izan da enpresen irabazi tarteek inflazioari egindako ekarpena: 1999tik 2022ra, heren batekoa izan zen, baina bi herenekoa 2022an. Enpresa guztiek ez dituzte, noski, marjinak handitu, baina nahiko orokorra izan dela nabarmendu du EBZk: nekazaritzan, energian, manufakturan, eraikuntzan eta EBZk «harreman handiko zerbitzuak» deitutakoetan askoz gehiago handitu dira enpresen irabaziak langileen soldatak baino.

Arrazoia? Arcek berak eman ditu gako batzuk. COVID-19aren itxialdietatik ateratzean eta ekonomia berriro martxan jartzean, hornidura arazoak izan ziren zenbait sektoretan, energia asko garestitu zen, eta «enpresentzat errazagoa izan zen marjinak handitzea, zaila zelako zehaztea prezioak igotzea kostu handiagoen edo marjina handiagoen ondorio ote zen». Autogintzaren adibidea oso esanguratsua da: mikrotxipak eta beste osagai batzuk eskas zirenez, auto garestienetan jartzea hobetsi zuten, eta, eskaerak ekoizpena gainditzen zuenez, gehiago ordaintzeko prest zeuden bezeroak ez ziren falta. Ondorioz, salmentak gutxitu arren, irabazi handiak pilatu dituzte autogile gutiz gehienek.

Reuters, Natixis eta beste 'iraultzaileak'

Banku zentralaren azterketa ez da bakana. Reutersen datuek diote iaz diru sarreren %10,7ra iritsi zela euroguneko kontsumo ondasunen enpresen irabazia, eta soldatak %5 handitu zirela, inflazioaren azpitik. Ez da, gainera, urte bakarreko kontua: Natixis bankuak esan du azken bi urteetan handitu direla gehien euroguneko enpresen irabaziak. Massachussetseko Unibertsitatearen azterketa batek dio Bigarren Mundu Gerraz geroztik iaz hazi zirela gehien AEBetako enpresen mozkinak. Ikusten denez, iraultzaile arriskutsuak dira horiek guztiak...

Etxera ere begiratu daiteke, Nafarroara zehazki. Nastat estatistika erakundea hasia da enpresen eta langileen errenten bilakaera zehazten barne produktu gordinari buruzko bere datuetan, eta 2022koak oso esanguratsuak dira: esplotazioaren soberakin gordina —enpresen eta langile autonomoen irabaziak, zergak ordaindu ondoren— %13,7 handitu zen iaz, eta soldatapekoen errenta, berriz, %6,0.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©R. H.
Lehortearen eraginak, Fustiñanako zereal lurretan (Nafarroa). ©IÃÑIGO URIZ / FOKU

JATEN DUGUN LURRA

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
 ©ADRIANA CLIVILLE
Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ©ZSOLT SZIGETVARY / EFE

Ura, ekonomiaren zainetan

Irune Lasa

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...