Iker Aranburu.
GEURE KONTU

%0,25 ala %0,50, hor dago koska

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Asteartean uxatu zituzten azken zalantzak Europako Banku Zentraleko kontseiluko kideek. Egun horretan, Eurostatek esan zuen eurogunean prezioak %8,1 handitu direla azken urtean. 1980ko hamarkadaren hasierara egin behar da halako prezio igoera bat ikusteko. Horren aurrean, irtenbide bakar bat ikusten du EBZk: interes tasak igotzen hastea. Ustekabe handirik ez badago, datorren osteguneko bileran iragarriko edo iradokiko du uztailean egingo duela. Ekainean bertan egin nahiko luke EBZk, baina aurretik agindu zuen zorra erosteko programa aurtengo hirugarren hiruhilekoan amaituko zela, eta «haren ondoren» hasiko zirela interes tasak igotzen. Hau da, bi urratseko mugimendua izango da: datorren astean iragarriko du zorra erosteari utziko diola, eta uztailaren 21eko bileran, berriz, interes tasak igoko dituela.

Zenbat igoko dituen, hori ikusteko dago. Christine Lagarde EBZko presidentearen eta beste usoen asmoa zen poliki egitea —uztailean %0,25, eta irailean beste %0,25—, merkatuak prestatzeko, eta hazkunde ekonomikoa ez itotzeko. Baina, beste behin ere, atezuan ditu belatzak, lehen kolpetik %0,50eko igoera bat eskatzen.

Banku zentralaren arazoa da ez dagoela batere garbi zer eragin izango duen interes tasen igoerak prezioen bilakaeran. Izan ere, inflazioaren motorra energia garestia da —%39,2 garestitu da azken urtean—, eta horren aurrean maileguak garestitzeak alferrikakoa dirudi. Horixe baita interes tasen igoeraren ondorioa, maileguak garestitzea eta, beraz, gutxitzea.

Dagoeneko gertatzen ari da, azken aste hauetan bankura diru bila joan direnek edo beren hipotekan ordaindu beharrekoa berritu behar izan dutenek egiazta dezaketen moduan. Mailegu horietan gehien erabiltzen den indizea, Euriborra, sei urtez negatiboan egon ondoren, zenbaki positiboetara itzuli zen apirilean, eta abiada bizian doa gora; ostiralean, %0,486ra iritsi zen, banku batzuek urte amaierarako iragarri zuten mailara.

Zorraren pisua handitzera doa

Baina egia da energia garestia dagoeneko hasi dela erosketa saskiaren beste osagaiak garestitzen: %7,5 elikagaiak, alkohola eta tabakoa, %4,2 industriaren ekoizpena, eta %3,5 zerbitzuak. Teoriak dio interes tasen igoerak haien kontsumoa apaldu beharko lukeela, eta horrekin batera inflazioa ere jaitsiko dela, baina EBZk tentu handiz ibili beharko du, ez dezan jarduera ekonomikoa nahi baino gehiago gutxitu eta mamurik handiena esnarazi: estagflazioa. Hau da, inflazio handia eta ekonomiaren atzeraldia, bere burua elikatzen duen gurpil zoroa.

Eta bada banku zentralak elikatu behar ez duen beste pizti bat: zor publikoaren merkatua. Interes apaleko garaian oso merke finantzatu dira estatuak, eta zor handiak pilatu dituzte, pandemian sektore pribatuaren salbamenduan aritu direlako. Interes tasa txikiekin, eramangarria da zorra ia guztientzat, baina interesen pisua handituz doan heinean handitzen da haien zama astuna.

Ez da urrun joan behar arazoak izan ditzaketenak aurkitzeko: Espainiak 1,42 bilioi euro zor zituen 2021aren amaieran, bere BPGaren %118,4; Frantziak, berriz, 2,81 bilioi (%112,9). Bien hamar urteko zorraren errendimendua asko igo da apirilaren hasieratik: %1,48tik %2,43ra Espainiarena, eta %1,02tik %1,79ra Frantziarena. Portzentaje horien igoeraren kostua milioi eurotan zenbatzen da, guztion patriketatik ateratzen diren milioi eurotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.