jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Negua ez da amaitu

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Energiaren prezioek inoizko igoera handienetakoak izan dituzten arren, larrialdi egoerari izkin egitea lortu du Europak negu honetan; ez da mozketarik egon, batzuek iragarri zuten moduan, eta hori, hein handi batean, klima bereziki onbera bati esker gertatu da, eta gas erosketak dibertsifikatzeko eta kontsumoa murrizteko diseinatutako estrategiagatik. Hala, gas erreserbak %60 inguruan daude gaur egun, urte sasoi honetarako batezbesteko historikoa baino ehuneko hamar puntu gora, eta TTF indizearen erreferentziazko prezioa %85 baino gehiago jaitsi da joan den abuztutik, orduko megawatt bakoitzeko 340 eurotik gaur egungo 50 euro baino gutxiagora.

Baina zorte oneko bolada laster amaitu daitekeela ohartarazi du aste honetan IEA Nazioarteko Energia Agentziak, eta mezu argi bat bidali du: kontsumoa murrizten ez bada, hurrengo negua iazkoa baino okerragoa izango da, eta hori, nagusiki, herritarrek nabarituko dute, euren poltsikoan.

Ukrainako gerra hasi aurretik, Europako gas kontsumoa urteko 500.000 milioi metro kubiko ingurukoa zen (500 bcm) , eta azken urtean 430 bcm ingurura murriztea lortu da. Baina klima datorren neguan normaltasunera itzuliz gero, oso bestelakoa izango da egoera. Biltegiratuta dagoen gasa eta egungo inportazio mailak kontuan hartuta, 440 bcm-ra iritsiko lirateke erreserbak, IEAk kalkulatu duenez. Alegia, ez litzateke nahikoa izango eskariaren eta eskaintzaren arteko aldea estaltzeko, ez bada kontsumoa gutxitzen edo gas natural likidotuen (GNL) inportazioak handitzen ez badira.

Azken urtean, bigarren aukera horren aldeko apustua egin du Europak, eta horrek irabazle argi bat izan du: AEBak. Gas likidotuaren inportazioak %25 handitu ziren iaz, eta AEBetatik etorri zen guztizkoaren %45. AEBetako inportazioak %140 handitu dira azken urtean.

Baina IEAk dioenez, bide horrek ez du gehiagorako ematen. Haren kalkuluen arabera, 2023an gas likidotuaren ekoizpen globala 20 bcm inguru baino ez da handituko (%4), gehiagorako gaitasunik ez dagoelako. Horrek esan nahi du Europak hazkunde horren ia erdia eraman beharko lukeela, eta lehia basatia espero da, Asiako ekonomiekin eta batez ere Txinarekin, pandemia osteko susperraldi ekonomikoarengatik—iaz %20 murriztu zuen GNL kontsumoa Txinak, eta espero da aurten %10 handitzea—. Borroka horrek, nola ez, asko igoko lituzke prezioak.

Era berean, gas natural likidotuen eskaintza global nahikoa egon arren, Europak ez luke birgasifikazio gaitasunik izango pandemia aurreko kontsumo mailak asetzeko. 190 bcm inguru prozesatu beharko lituzke, baina gaur egun 157 bcm-rako baino ez du. Greenpeacek berriki kaleratu duen txosten batean azpimarratu duenez, instalazio gehiago eraikitzen ari diren arren, horiek ez dira epe motzean amaituko, eta prest egotean, ez da haien beharrik izango, ez behintzat gas kontsumoa murrizteko Europako Batzordeak datorren hamarkadarako ezarritako helburu klimatikoak bete nahi badira.

Datozen hilabeteetan egoera are gehiago zail daiteke Errusiako gasbideetako eta gas likidotu inportazioak erabat eteten badira. Oro har, bidalketa horiek %80 murriztu dira gerra hasi zenetik, baina Europarentzat funtsezkoak dira oraindik ere, 45 bcm inguru baitira.

Horrek guztiak ondorio argi bat du: Errusiak Europaren gas hornitzaile gisa duen eginkizuna nabarmen apaldu bada ere, haren bidalketek funtsezkoak izaten jarraituko dute Europako merkatuko eskaintza eta eskaria orekatzeko. Gutxienez birgasifikazio ahalmen berria eraiki arte, edo energia iturri alternatiboak nagusitu arte. Edo, beste era batera esanda, datorren neguan ere kontsumoa murriztea ezinbestekoa izango da krisi energetikoa saihesteko. Datuek ez dute beste aukerarik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.