Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Aliatuak, eta beste lehiakide batzuk

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Salbuespen gutxi batzuk gorabehera, Europan arindu batekin hartu dituzte AEBetako agintaldi erdiko hauteskundeetako emaitzak. Demokraten ez-porrotak —irabazi, ez dute egin—, urrundu egin dute Donald Trumpen itzulera, eta pixka bat uxatu Atlantikoaren erdian berriro ezin ulertuen horma erraldoi bat eraikitzeko aukera. Baina horrek ez du esan nahi harremana harmoniatsua denik Joe Bidenen eta Europako gobernuen artean. Bai, eskua hartuta doaz Ukrainako gerran, baina bi blokeen arteko merkataritza harremanak tirabiratsuak dira, batzuen eta besteen interes ekonomikoek ez dutelako beti bat egiten.

Talkarako azken arrazoia AEBetako Kongresuak abuztuan onartutako Inflazioa Txikitzeko Legea da. Haren bidez, Washingtonek ia 370.000 milioi euro gastatuko ditu bere industria laguntzeko energia trantsizioan. Lege horren puntu batekin bereziki asaldatu dira europarrak: 7.500 dolarreko laguntza jasoko dute auto elektriko bat erosten duten estatubatuarrek, baina soilik Ipar Amerikan egindakoa bada. Hasieran, AEBetan egindakoak soilik sartzen ziren aterkipean, baina Kanadaren eta Mexikoren kexuei jaramon egin die Washingtonek.

Autoak, ordea, ez dira gatazka gune bakarra. Eguzki panelak, haize errotak, hidrogeno garbia sortzeko tresnak eta beste hainbat AEBetan eraikitzea sustatzen du legeak. Helburu ekonomiko bat du lege horrek —galdutako industria berreskuratzea—, baina baita politikoa ere —Trumpek erakarritako langile klasea demokraten etxera itzultzea—.

Washingtonek azkenean klima aldaketa serio hartzea begi onez hartu dute Bruselan, baina beren kontura egitearekin ez daude hain pozik. Hego Korea eta Japonia ere kexu dira. Beldur dira lege horrekin hain beharrezkoak dituzten inbertsioak galduko ote dituzten. Susmo horiek indartu ditu asteon Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, AEBetan inbertitzea hobetsi baitu. «Trantsizio berdea ezin da besteen lepora egin», argudiatu du Europako Batzordeak, eta eskatu du EBko produktuek AEBetakoen tratamendu bera jasotzea.

Txinarekin zer egin?

Frantziak jada eskatu du auzia MME Munduko Merkataritza Erakundera eramatea, baina epelago dabil Batzordea, bide hori luzea delako eta horrekin beste merkataritza gerra bat hasteko arriskua dagoelako. Washingtonekin negoziatzen ari dira, eta abenduaren 5eko Merkataritza eta Teknologia Kontseilua abagune egokia izan daiteke ikusteko bide horrek fruitua emango ote duen. Ez da erraza izango: Bidenen gobernuak zerbait egin nahi izango balu ere, AEBetako Kongresuak legea aldatu beharko luke, eta oztopo handia da hori, legea alderdi demokrataren barruko konpromiso zail baten ondorio delako.

AEBetako legearen gakoetako bat da Bidenen gobernuak Txinarekiko harreman ekonomikoak gutxitu nahi dituela. Washingtonen gero eta garbiago dute: Pekin aurkari bat da munduko potentzia nagusia izateko lehian, eta kosta ahala kosta eragotzi behar da haren gaitasun teknologikoa Mendebaldeak duenarekin parekatzea. Europa, berriz, ez da fio Pekinekin, baina badaki harekin eteteak kalte ekonomiko handiak eragingo lizkiokeela. Eta, aldi berean, ez du AEBen karta itsu-itsuan jokatu nahi; aliatua bai, baina lehiakidea ere bada, eta Trumpen agintaldiak erakutsi zion harekin ere neurrian baizik ez dela fio behar.

Garbi dago globalizazioak bultzada galdu duela, baina haren ordezkoa, blokeen arteko harremanen aroa, ez dago oraindik guztiz diseinatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.