«Hiltzen ari gara»

Eskualdeko alkateek deituta, protesta jendetsua egin dute N-121-A errepidean, Bera parean bidea moztuta. Kamioien trafikoa A-15etik bideratu dadila galdegin dute ehunka herritarrek

N-121-A errepideak eragiten dituen arazoei irtenbide bat emateko eskatu zuten ehunka herritarrek, atzo, Beran. I. URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Bera
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
N-121-A errepidearen zati bat ordubetez moztuta eduki zuten atzo ehunka herritarrek Bera herriaren parean egindako manifestazioan (Nafarroa). Errepide horretan gertaturiko istripuek lau hildako eragin dituzte bi hilabetean, eta azken hamar urteotan 33 hildako, Nafarroako zatian. Berako irteera eta sarbideak bereziki txarrak dira, eta horregatik egin zuten hor protesta, tunelaren alde batetik bestera. Haserrea nabaria izan zen atzo herritarren artean: «Ezin gaituzte ergeltzat hartu eta erdibideko soluzioak eman», salatu zuen, erraterako, Miren Olaetxea Etxalarko herritarrak. Argi mintzatu zen errepidearen egoera txarrari buruz: «Hiltzen ari gara». Eta Nafarroako Gobernuari egin zion eskaera zuzena. «Ikusiz Nafarroako bertze errepideetan zenbat inbertitu duten daukaten trafiko mailarako, ezin da hau onartu: baztertu egin gaituzte».

Atzoko mobilizazioa eskualdeko alkateek deituta egin zuten, azkenaldian horiek baitira errepidearen egoeraren aurka mobilizatzen ari direnetako batzuk, eta haiek irakurri zuten manifestazio bukaerako oharra. Argi mintzatu ziren haiek ere: «Ez dugu inolaz onartuko interes ekonomikoak herritarren segurtasunaren gainetik jartzea». Adierazi zutenbdakitela eskatzen duten soluzioak ondorioak ekar diezazkiekeela batzuei, baina herritarren bizitzak lehenestea galdegin zuten: «Prebentzioa da». Eskaera zehatza egin zuten atzo protestara bildutakoek: trafiko astuna A-15 autobidetik bideratu dadila, eta ez, orain arte bezala, N-121-A errepidetik. Herritarren manifestazioaren ondoan ordubetez egon ziren geldirik ibilgailu ilarak, egoeraren erakusle: autoak, kamioiak, eta kamioiak, eta kamioiak...

Lehen zatian, lanak

Nafarroako Gobernuak atzo bertan oroitarazi zuen lanak egitekoak dituztela N-121-A errepidearen lehendabiziko zatian, eta jakinarazi du hiru biribilgune egitea aurreikusia dutela Orikain eta Sorauren herrietarako sarbideetan. Ezkabatik Olaberako zatia moldatu nahi dute lehenik: alegia, errepidearen lehen zatia, Iruñetik abiatuta.

2+1 eredua proposatu dute Nafarroako agintariek: hau da, norabide batean errei bakarra eta bertzean bi dituena, txandakatuta. Atzo jakinarazi zutenez, bi norabideen artean hesi metaliko bat egitea ere aurreikusi dute errepidearen zati batzuetan —orain arte ez da horrelakorik egon, eta bi norabideak errepideko marra zuriak baino ez ditu bereizten—. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du nazioartean egiaztaturiko soluziobide bat dela: «Bertze norabidean egindako aitzinatzeen %100 kentzen ditu, ibilbidearen bataz bertzeko abiadurari kalterik egin gabe, eta parez pareko talken arriskua txikitzen du».

Nafarroako Gobernuaren arabera, horrek ez luke trafiko astuna erakarriko. Jakinarazi dutenez, lanen lehendabiziko zatia udarako lizitatu nahiko lukete, urte bukaerarako egiten hasteko. Baina eskualdeko herritar eta alkateek kexa agertua dute horregatik. Haien ustez, 2+1 ereduak ez du konponbiderik ekarriko. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteari bilera bat eskatuko diotela iragarri zuten atzo alkateek, eta datorren astean ere eginen dutela bide mozketa bat bertze errepide zati batean, Uharte parean.

[youtube]https://youtu.be/jGWArlICotk[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.