jakes goikoetxea
ERAZTUN MOREA. Roswitha Krause

1976. urtea

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Roswitha Krausek arazo fisiko bat zeukan sorbaldan, eta medikuek igeriketa egitea gomendatu zioten. Hala hasi zen igerian, 11 urte zituela, haur eta gazteentzako kirol eskola batean, jaioterrian (Dahme, Brandenburgo, Ekialdeko Alemania).

Ondo moldatzen zen. Ekialdeko Alemaniako selekzioak hautatu egin zuen 1968ko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko, Mexikon. 18 urte baino ez zeuzkan. Zilarrezko domina irabazi zuen estilo libreko ehun metroko errelebo lehiaketan. Olinpiar Joko haietan, estilo libreko ehun metroko proban ere parte hartu zuen, baina ez zen sailkatu finalerako.

Mexikotik bueltan, beste kirol batzuk probatzea erabaki zuen. Betidanik izan zen kirolzalea, eta asko gustatzen zitzaizkion talde kirolak. Futbola eta eskubaloia zituen gogoko. Eskubaloiaren alde egin zuen, baina igeriketa baztertu gabe. Igeri egiten jarraitu zuen, eta Ekialdeko Alemaniako zenbait txapelketa irabazi zituen 1970eko hamarkadan.

Humboldt unibertsitateko taldean hasi zen eskubaloian, liga amateur batean. Oso defentsa ona zen, eta TSC Berlin taldeak fitxatu zuen. Talde horrekin Ekialdeko Alemaniako eskubaloi liga irabazi zuen 1974an, SC Leipzigen nagusitasuna hautsiz —sei liga irabazi zituen jarraian, hamar liga hamalau urtean—. 1978an, berriz, Europako Kopa. Igeri egiten jarraitzen zuen, ordea. Ekialdeko Alemaniako zenbait txapelketa irabazi zituen 1970eko hamarkadan.

Ekialdeko Alemaniako eskubaloi selekziorako hautatu zuten 1973an. Munduko Txapelketa irabazi zuen 1975ean eta 1978an. Selekzioarekin Olinpiar Jokoetan lehiatu ahal izan zen, Montrealean 1976an eta Moskun 1980an. Zilarra irabazi zuen Kanadan, eta brontzea Sobietar Batasunean. Udako Olinpiar Joko batzuetan bikirol ezberdinetan dominak lortu zituen lehen emakumea izan zen. Oso kirol ezberdinetan, gainera. Goi mailako kirola utzi eta gero, igeriketa eta eskubaloi irakasle izan zen Humboldt unibertsitatean, eskubaloiaren ateak zabaldu zizkion leku berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.