Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Beti negatibo; orain positibo

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Futbol jarraitzaile den nork ez du azken bi urteetan txisterik egin Louis Van Gaal entrenatzailearen esaldi mitikoarekin? «Beti negatibo, inoiz ez positibo», bota zuen, 1999an, Bartzelonako entrenatzaile zela, kritika besterik egiten ez zion kazetari bati errieta egiteko. Belaunaldi bat baino gehiagoren garunean iltzatuta geratu den esaldi txoro horietako bat da, pandemiaren garaian COVID-19aren proben emaitzekin umorerako joko dexente ematen duena. Baina ez soilik koronabirusarekin, eta ez soilik txantxetarako.

Negatiboak izan dira azken urteetan estatu kide batzuek beren zorraren truke ordaindu behar izan dituzten interes tasak. Hau da, dirua utzi dietenei interesak pagatu beharrean, mailegua eman dietenek ordaindu dietela kopuru bat diru hori erabil dezaten. Logikaren aurkako zerbait da, baina azken urteetan asko zabaldu da Europan, inflazio apaleko edo negatiboko garaietan, inbertitzeko dirua zuenak horrela neur zezakeelako zenbat galduko zuen.

Baina aro hori amaitzen ari da, edo amaitu egin da, merkatuek uste dutelako banku zentralek neurriak hartuko dituztela aurki inflazioa kate motzean lotzeko. AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak interes tasak handituko dituzte aurten; EBZk ezetz dio, baina martxoan etengo du pandemiari lotutako zor erosketa masiboa, eta bizkorrago jokatzeko presioa handituz doakio astez aste.

Giro horretan, ez da harritzekoa negatiboan luzeen egin duen zor bonuak, hamar urterako Alemaniako bund-ak, positiborako jauzia egitea azken astean, lehen aldiz 2019ko maiatzaz geroztik. Bonu horren kotizazioa %0,013ra iritsi zen inbertitzaileen arteko salerosketan. Interes gisa, %0,013 huskeria bat da, are gehiago kontuan hartuta inflazioa hori baino askoz handiagoa dela: %3,1 Alemanian eta %5,5 eurogunean. Hau da, praktikan dirua galtzen arituko dela Berlingo gobernuari dirua utziko dionak.

Baina negatibo izatetik positibo izateko urratsak badu bere garrantzia, eta ez soilik sinbolikoa. Esan nahi du bukatzen ari dela interes tasa oso txikien garaia eta orain goranzko joera bat izango dela, betiere koronabirusaren beste aldaera batek, gerra batek (Ukrainan?), edo beste gertaera handi batek ez badu eteten mendebaldeko ekonomien suspertzea.

Berri ona bankuentzat eta inbertitzaileentzat, baina ez hain ona azken bi urteetan zorra zorraren gainean pilatu duten erakunde publikoentzat. Interes tasen igoera txikienak milioi euro askoko kostua du kutxa publikoetan, eta zergen bitartez ordaintzen dira. Are gehiago orain, zorra puztu denean.

Zorra asko handitu da

Ostiralean Eurostatek kaleratutako datuen arabera, 2019ko azken hiruhilekotik 2021eko hirugarrenera eurogunean hamalau puntu igo da zor publikoaren pisua, BPGaren %83,6tik %97,7ra. Dirutan okerrago da: 11,73 bilioi euro zor dituzte euroguneko erakundeek, pandemiaren aurretik baino 1,72 bilioi gehiago (+%17). Dirutza da hori, ikusita erraza dela zorrak hartzea, baina ez hainbeste zorrak kitatzea.

Gainera, aurretik zor handiena zutenak dira gehien zorpetu direnak, besteak beste, haien zerga sistemen ezintasunak nabarmenago geratzen direlako krisi garaietan. Horregatik ez da inor harrituko jakitean portzentualki zorra gehien handitu duena Espainia izan dela, %95,5etik %121,8ra igaro baita, hau da, 26,3 puntu. Italiarena 21 puntu igo da, %155,3raino, eta Frantziarena, berriz, 19,3, %116,8raino. Konparazioak egiteko ongi dago jakitea Alemaniaren zorra hamar puntu eskas hazi dela (%69,4raino), eta Herbehereena, lau puntu besterik ez (%52,6).

Kopuru horiek kontuan hartzea interesgarria izango da merkatuetan bihurguneak baldin badatoz, eta euroaren krisiaren aktore nagusi bat itzultzen bada: arrisku saria. Oraingoz, nahiko bare dago piztia —70 puntuan Espainiarena, 39 puntuan Frantziarena, baina 142 Italiarena—, EBZren zor erosketa programak otzandua duelako merkatuaren instintu suntsitzailea. Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.