Noiz sortua: 2019-01-06 00:30:00

GEURE KONTU

Euskal esparrua, horra hor auzia

ELA eta LABen manifestazio bat euskal esparruaren alde.
ELA eta LABen manifestazio bat euskal esparruaren alde. J. FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2019ko urtarrilak 6

Shakespearek ez zuen buruan lan harremanen euskal esparrua bere lumak Izan ala ez izan idatzi zuenean Hamlet-en 3. ekitaldiko lehen eszenaren lehen lerroan; ez zuen, baina berdin dio, euskal esparrua baden ala ez den zalantza existentziala bihurtu baita aspaldian. Horra hor auzia. Nago, oraingoz, ukazioa doala aurretik. Euskal negoziazio kolektiboak azken bost urteotan estatalizazioaren mesedetan galdu dituen eremuak eta langileak ikustea baino ez dago. Euskal langileek beren lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzea eta adostea gero eta garestiago dago, izan ere. Birzentralizazio orokorrerako uholde espainiarra ez da alferrik izaten ari.

2010eko eta 2012ko lan erreformak beharginen lan baldintzen aurkako tresnatzat hartu zituzten euskal sindikatuek, eta urteek erakutsi dute baietz, tresna eraginkorrak izan direla soldatak debaluatzeko. Baina langile pobreak egiteko makinak izateaz gain, egoera hori betikotzeko mekanismo ere bilakatu dira erreformak, hainbat edukiren negoziazioen erabakiguneak lekuz aldatuta. Estatalizazioaren belak hauspo baitira, haizeak puztuta dena emanda joateko. Eta horrek ezintasun ikaragarria dakar lan harremanen euskal esparrua elikatu eta eraiki nahi dutenen eragileentzat, ELA eta LABentzat batik bat.

Santimamiñek maizterrak zituen garaitik autogobernu handiagoa eskatzen dutenek ez ote dezakete gehiago egin euskal langileen baldintzak ez daitezen parekatu Albacete, Lugo eta Jaengo langileenekin? Ez haiek ez dituztelako euskal beharginenak merezi, baizik euskal langileek ez dituztelako haienak merezi; euskal ekonomiarentzat distortsio bat delako, oztopo larri bat zerga sistema oinarri duen gizarte sozialarentzat. Edo soil-soil esanda: Teruelen ez direlako etxeak saltzen Gipuzkoaren batez besteko salneurrietan, edota Mercadonak ez dituelako prezio bertsuak ezartzen Badajozen eta Gasteizen.

LABen proposamena legebiltzarrari

LABek baiez uste du, Jaurlaritzak gehiago egin dezakeela estatalizazioari mugak jarri eta, burujabeago jokatuz, lan harremanak hemengo errealitate sozioekonomikora egokitzeko. Horregatik egin du asteon proposamen zehatz bat Eusko Legebiltzarrean, alderdi politikoek argazkiaren zer aldetan jartzen diren erakuts dezaten —berriro—. Ez laguntza publikorik, ez izaera publikorik ez duen kontraturik; Espainiako lan hitzarmenak aplikatzen dituzten enpresak administrazioen kontratuetatik kanpo geratzeko eskatu du sindikatu abertzaleak. Ganberari beste eskaera zehatz bat egin dio, gainera: esan diezaiela 2010eko eta 2012ko lan erreformak beren osotasunean baliogabetzeko Espainiako Kongresuari, CEOE eta Cepyme patronalei, eta CCOO eta UGT sindikatuei. Estatalizazioaren eragileei, alegia.

Nostradamus izan gabe aurreikus daiteke idatzi hori, den bezala, ez dela onartuko legebiltzarrean. ELAk ere eramana du, orain baino lehen, kontratazio publikoan eragiteko proposamenik: esaterako, euskal lan hitzarmenak bete daitezen. Herri ekinbide legegile sonatu bat edukiz hustu zuten EAJk eta PSEk, 2016an. Eta ez da asko arriskatu behar aurreratzeko LABen idatziak patu bera izango duela. Baina hor dago auzi honen muina.

Autogobernu handiagoaren nahia aldarrikatzen duen gobernuaren kontraesana ez baita txikia lan harremanen euskal esparruari dagokion haren politika aztertzen denean. Auzi honetan, euskal patronala koherenteagoa dela esan daiteke, zeren Confebaskek, CEOEko kide gisa, onartzen baitu Espainiako itunak gero eta euskal langile gehiagoren arau izatea. Onartuko ez du, ba, kontuan izanda soldatak eta, beraz, lan kostuak merkatzeko sistema dela ? EAJk, ordea, ezin dio bakarrik erreparatu patronalarekin duen harreman estu horri; ezin du soilik elikatu CCOO eta UGTrekin duen quid pro quo hori. Ezin du, nahi ez baldin badu gizarteratu mezu nahasgarri bat: nahi duguna izango gara, salbu eta lan harremanetan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Guardia bat pertsona bezero bati tenperatura hartzen, saltoki baten sarreran, Panama Hirian. ©Bienvenido Velasco / EFE

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Gallartako agerraldiaren irudia, Josu Erkorekaren Twitter kontuan agertua ©@Jerkoreka

Urkulluk Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Frantziari eta Espainiari

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak espero du astelehenetik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatuko direla.

Espaniako Poliziak, Iruñean, 2018an, protesta batean parte hartzen ari zirenak kolpatzen. ©Jagoba Manterola / Foku

Borrak eta armak erabilera bakoitzaren ondoren desinfektatzeko agindu die Madrilek poliziei

Berria

Herritar bati nortasun agiria eskatuz gero, hura haren eskuetatik ez hartzeko esan diete agenteei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna