jakes goikoetxea
ERAZTUN MOREA. Birgit Fischer

2004. urtea

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoetako kirolaririk onenetakoa da: urrezko zortzi domina eta zilarrezko lau ditu. Sei Olinpiar Jokotan parte hartu zuen, eta guztietan lortu zuen urrezko dominaren bat. Denak 500 metroko probetan, esprintean. Hala ere, kopuruaz gain, Birgit Fischerren kasuan garrantzitsua da haiek lortzeko egindako bidea ere.

Brandenburgon jaio zen, 1962an, Ekialdeko Alemanian. Umetatik hasi zen piraguan ibiltzen eta nabarmentzen. Moskuko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko hautatu zuten, 1980an. Ordurako irabaziak zituen munduko bi txapelketa. Moskun, 18 urterekin, urrezko domina irabazi zuen K1ean. Jokoetako piraguistarik gazteena zen.

Ezin izan zuen 1984ko Olinpiar Jokoetan parte hartu, Los Angelesen (AEB): Sobietar Batasunak eta bloke sozialistako zenbait herrialdek —Ekialdeko Alemaniak tartean— boikota egin zieten joko horiei. 1988ko Seulgo Olinpiar Jokoetan urrezko bi domina irabazi zituen, bata K2an eta bestea K4an. Goi mailako kirola utzi zuen, Ulla alaba jaio eta gero. Baina itzuli zen 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetarako. Urrezko domina bat eskuratu zuen K1ean, eta zilarrezkoa K4an. Atlantan ere (AEB), 1996an, urrezko domina bat (K4) eta zilarrezko beste bat (K2) irabazi zituen. Sydneyn, 2000n, bi domina gehiago, biak urrezkoak, K4an eta K2an.

Fischerrek 38 urte zituen eta goi mailako kirola uztea erabaki zuen, bigarren aldiz. Atseden hartzeko garaia zen. 2003an, hari buruzko dokumental bat egiten ari zirela, kaiakean sartzeko eskatu zioten. Sydneytik kaiakean eseri zen lehen aldia izan zen. Nahikoa lehiaketaren harra berpizteko.

Urtebete baino gutxiago falta zen Atenasko Olinpiar Jokoetarako, baina prestatzen hasi zen: «Ikusi nahi nuen ea 42 urterekin oraindik azkarra nintzen». Alemaniako K4ko eta K2ko selekzioetan sartzea lortu zuen. Atenasera joateko sailkatzea. Fischerrek eraman zuen Alemaniako bandera irekiera ekitaldian. Urrea irabazi zuen K4an eta zilarra K2an. Piraguismoko parte hartzailerik zaharrena zen, 42 urterekin. K2 ontziko Carolin Leonhardt taldekidea baino 23 urte zaharragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.