Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Eternitatea ken bat

2016ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Igandez jaio zen Emma Morano. 1899ko azaroaren 29an. Italiako iparraldean, Maggiore aintziran. Ordurako munduan ziren: Francis Poulenc, Al Capone, Vladimir Nabokov, Duke Ellington, Fred Astaire, Jorge Luis Borges, Alfred Hitchcock eta Humphrey Bogart. Denak hilda daude, Emma izan ezik. 116 urte ditu. Violet Brown jamaikarrak ere 116 urte ditu, baina beranduago jaio zen. Beraz, Emma Morano da hiru mende ezagutu dituen eta bizirik dagoen pertsona bakarra. Ez du bizimodu erraza izan; nork du, baina? Ez du ez ikusi eta ez entzuten ere, baina aldarte ona ei du. Antza denez, hiru arrautza jaten ditu egunero. Arrautzek zer edo zer behar dute izan, hil arte bizirik zegoen pertsonarik zaharrena zenak, Susannah Mushatt Jonesek, ere arrautza asko jaten zituelako.

Emma Moranok ez bide du heriotzaz hitz egiten. Antonio Machado idazlearen esaldi ezaguna izango du gogoan «ez dugu heriotzaren beldur izan behar, garen bitartean heriotza ez delako, eta heriotza denean gu ez garelako». Kazetari asko joan zaizkio galderak egiten eta bere ADN ikertzen ari dira zientzialariak. Ez dakit kazetariek zer galdetuko zioten. Niri neuri galdera bi datozkit burura: Ez zaude nekatuta? Eta, zelan da bizitza maite izan dituzun guztiak dagoeneko hilda daudenean? Antonio Gamoneda idazle espainiarrari egindako elkarrizketa mamitsua irakurri nuen behinola. Existentzia miraria zela zioen, gauza nimiño bat, istripu bat. Izan ere, milioika urte dituen unibertso batean zer da gure existentzia? Ezertxo ere ez.

Emma Morano hiltzen denean urterik gehien bizi izandakoen zerrenda ohoretsuan agertuko dira haren izen-abizenak. Jeanne Calment, Sarah Knauss, Lucy Hannah, Marie-Louise Meilleur edota Misao Okawarekin batera. Bitartean, munduko laborategietan jarraituko dute eternitatearen bilaketan momentu batez hasiera duen orok amaiera duela ahazteko. Hobe lukete Theo Angelopoulosen Eternitatea eta egun bat ikusiko balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.