Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Neomatxismoa, ez; betikoa

2016ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk bazkari batean gizon batek esan zidan matxismoa amaituta zegoela, dagoeneko erabateko berdintasunean bizi ginela. Bera izan dut gogoan egunotan, gabarra gora eta behera. Peretek kantatuko zukeen ederto batean: ez zegoen hilda, soilik parrandan. Denetarik entzun eta ikusi dut. Berba metapean, baina, ageri-agerian gelditu da nire bazkalkide hark gainditutzat hartzen zuena: erro sakonak ditu matxismoak, eta, hipodermisean lozorroan zegoenak piztia zaurituak legez egin du zapart.

Ezerk ez nau harritu. Inguruko lagunak eztabaida sutsuetan ikusi ditut: lantokian, lagun artean, sare sozialetan... Inork ez dezan okerrean hartu: hemen inor ez da matxista, den-denak berdintasunaren alde gaude, baina hau kontu serioa da. Gizonak eta neskak ez da gauza berdina. Mutilek askoz diru eta jende gehiago mugitzen dute. Neskena ez da futbola. Beharbada horregatik emakume gehienek ikasketak egin dituzte eta futbolean jardutearekin batera, beste lan bat dute. Zu ez zara futbolzalea, ergo, ez duzu ezer esateko eskubiderik, eta soilik falta zitzaien esatea «ez zara Hondarribikoa eta ez duzu ulertzen». Argudio mengelak bota dituzte egunotan. Iraingarririk ere izan da. Ezagun batek esan zidan bera berdintasunaren alde zegoela, eta nire eskubideak errespetatzen zituela. Errespetatuko ez balitu «hementxe eta oraintxe joko nizuke larrua bortizki».

Gabarrarena anekdota da, baina zoragarria izan da matxismoa oso bizi dagoela erakusteko. Desagerrarazteko lan handiagoa egin beharko dugu. Bai, zuk, irakurle estimatua, badakizu, jakin, bizirik zegoela eta epidermisean bizi zela. Askok, ordea, zenbaitetan bizi dugun simulakroa sinetsi dute, eta are gehiago, matxismo berria sortu dela uste dute. Ergelkeria horiek ez zaitzatela engaina. Berdina da, betikoa, oraindik gainditu ez duguna eta gutxien itxaroten duzunean, dzast!, jauzi egiten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.