Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Skam (lotsa)

2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Artikulu batean irakurri berri dut dagoeneko pantailetan amaitu direla benetako musuak, errealak. Autentikoak. Hori idatzi duenak ez du ikusi SKAM, Norvegiako NRK telebista publikoak ekoiztutako telesaila. Nerabeen inguruko telesail bat da, dagoeneko Eskandinavia osoan itzelezko arrakasta izan duena (antza denez AEBetan bertsioa egingo dute). Nerabeak erabat engantxatuta daude, eta helduak ere bai. Telesailak badu berezitasunik. Izan ere, telesailak dirauen 20 minutuak amaitzen direnean webgune bidez jarrai ditzakezu protagonisten nondik norakoak. Gure gizartean gurasokeria lar dago horrelako telesail baterako, eta kontrakoa esango duten arren, ez dakit honen moduko telesail bat ekoitzi beharko luketenak prestatuta dauden 17 urteko neska-mutilen arteko musu hezeak, sexu-jostaketa libreak, droga kontsumoa edota abortatu/ez abortatu moduko eztabaidak entzuteko. Oker egon ninteke, eta biziki poztuko nintzateke oker banengo, baina zerbaitek diost ezetz.

Telesailaren denboraldi bi ikusiak ditut dagoeneko. Gauza zenbait oso deigarriak egin zaizkit. Ia heldurik ez da azaltzen. Are gehiago, protagonistetako bat, Eva, bakarrik bizi da etxe batean. Guraso dibortziatuak ditu, aita Bergen hirian bizi da, eta ustez berarekin Oslon bizi den amak lan-bidaietan ematen du denbora. Pipi Landstrum modernoa. Telesailak denetarik du arrakastarako, baina gauza denen gainetik ausardia duela esango nuke, arriskatu egiten dutela. Ezelango azalustasunik gabe, gustatu zein ez gustatu, errealitate bat agertzen du. Aztoragarriena, agian, emakume eta gizonen rolen errepikapena da. Denak berdin jarraitzen duela dirudi. Gustatu zait, bestetik, gure aurreiritziekin apurtzeko musulman ikaslea, zapi eta guzti, punkena eta feministena dela agertzea. Pertsonaiak, ondo zirriborrotuak, benetakoak dira (musuak ere bai). Niri neuri poza ematen dit milaka kilometrora dauden horrelako artefaktuekin egiten dudanean topo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.