Guven diputatu kurduak gose greban jarraituko du, aske utzi badute ere

Baldintzapean libre dago HDP alderdiko kidea. 80 egun daramatza protestan, eta osasun egoera larrian dagoelako askatu du Turkiak

HDP alderdiaren jarraitzaileak iazko hauteskundeen kanpainan, Istanbulen, artxiboko irudi batean. SEDAT SUNA / EFE.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Aske utzi dute Leyla Guven diputatu kurdua, baldintzapean, auziak irauten duen bitartean. Fiskaltzak ehun urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kidea izatea eta «propaganda terrorista zabaltzea» egotzita. Iazko urtarriletik kartzelan izan da HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko kidea; atxilo hartu zuten Turkiako armada Sirian egiten ari zen operazio militar baten aurkako adierazpenak egiteagatik. Azaroaren 8az geroztik, gose greban dago, PKK-ko buru Abdullah Ocalan espetxean bakartuta daukatela salatzeko. Guvenek 80 egun daramatza protesta horretan, eta osasunez larri dago.

Horregatik utzi dute baldintzapean aske. Saruhan Oluc HDPko bozeramaileak adierazi du «aurrerapauso bat» dela. «Espero dugu fiskalak ez egitea beste kasu batzuetan egin duena: aske utzi bezain pronto, berriz atxilotzeko agindua eman».

Guvenekin batera, HDPko beste 293 militante daude gose greban, Ocalanen bakartzea bertan behera uzteko eskatzeko. Pervin Buldan alderdiko presidentea Guvenekin izan zen atzo goizean, etxera itzuli zenean. Buldanek jakinarazi du gose greban daudenek protestan jarraituko dutela, baita Guvenek ere, eskatutakoa ez baita bete oraindik. Hala ere, badirudi gose grebek estu hartu dutela Turkiako Gobernua. Izan ere, Ocalanek anaiaren bisita jaso zuen duela bi aste. Keinu bat besterik ez zen izan, ordea, HDPk bakartzea erabat amaitzeko eskatzen baitu. Ocalan 2011ko uztailaren 27tik ezin izan da elkartu abokatuarekin, eta 2016ko irailaren 11tik ez da egon senideekin. Salbuespen moduan batu zen anaiarekin urtarrilaren 12an.

Guven kartzelaratzearen harira, Buldanek adierazi du «aspalditik» egon behar zela aske. «Kontua ez da judiziala; arrazoi politikoengatik atxilotu zuten», salatu du Buldanek. Guvenek hitzak plazaratzean, adierazi du preso asko daudela «krimenik egin ez dutenak». Tartean daude alderdiko beste hamar diputatu. Horietako bi dira Selahattin Demirtas eta Figen Yuksekdag. Pasa den urtera arte HDPko presidenteak ziren. 2016an atxilotu zituzten «propaganda terrorista» egitea leporatuta.

Ocalan, borrokaren ikur

Kurduen sinboloa da Ocalan. Hogei urte daramatza preso, Marmara itsasoko Imrali uhartean, segurtasun handiko kartzela batean. Konfederalismo demokratikoaren proiektu politikoa sortu zuen. 2013ko Newroz egunean—urte berri kurdua eta egun nazionala— bake prozesua bultzatu zuen. Hala ere, zapuztu egin ziren elkarrizketak, Turkiako Gobernuak 2015ean eten baitzituen negoziazioak PKKrekin, eta jazarpenei ekin zien.

PKK gerrillaren sortzaileetako bat izan zen Ocalan, 1978an, eta 1984an, borroka armatua hasi zuten. Nairobin (Kenya) atxilotu zuten 1999. urtean, eta 2011z geroztik erabat bakartuta daukate espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.