Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Mugak

2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Kontradikzio izakiak gara. Gauza bat da zer pentsatzen/ bozkatzen/aldarrikatzen dugun, eta beste bat zer bizi dugun. Lehenengoetan tematzen bagara ere, praktikara eramaten duguna gailentzen zaigu. Ekintzak dira gure giltzak/ hitzak ez hartu zilegitzat aspaldi kantatu zuten. Duela egun batzuk turismo datu batzuen gaineko informazioa aditu nuen (nire interes urriagaitik ez dut gogoratzen ez non ezta nork eman zituen ere). Datuen artean batekin geratu nintzen: Donostiara hurbiltzen diren turista gehienak frantsesak dira. Bai, frantsesak. «Frantses» horietatik zenbat izango dira Ipar Euskal Herrikoak? Gutako zenbatek esan du hemen datoz gabatxoak?

Horrek duela aste batzuk iparraldeko euskaldun batekin izan nuen solasaldia ekarri dit akordura. Berak ziostanez (eta Iparraldean bizi den Hegoaldeko euskaldun batek berretsi zidan), Iparraldeko euskaldunak ezinbestean jakin behar du espainiera Hegoaldeko euskara ulertzeko. Hegoaldean darabilgun euskarak espainieratik lar ei du. Sor eta lor gelditu nintzen. Alderantziz ere gauza bera gertatuko dela esan nion. Ezetz erantzun zidan, «hitz bakan batzuk baino ez ditugu sartzen». Espainierazko hitz, esamolde eta lokuzio asko erabili ohi ditugu gure euskaran. Harrezkero ariketa egin dut, eta bai, arrazoi du. «Ze gogorra» esamoldea zenbatetan erabiltzen dugu? «Pasada bat», edota gazteen artean barra-barra entzuten den «a sako» hori Iparraldekoentzat ulergaitza da espainierarik ez badakite. Hortaz, espainierarik gabe gaur egungo Hegoaldeko euskara hankamotz legoke? Diglosia handiagoa da Hegoaldean? Beste nazionalitatea izan arren gu bezain euskaldun/basko/euskalherritar edo nahi duzun bezala direla pentsatzen dugunak gutxiesten ditugu? Elkarri bizkarra emanda jarraitzen dugu?

Egunotan ahopean kantatzen dut han eta hemen: ... eta ez, ez, mugak gugan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.