Alizia Iribarren. AEK-ko koordinatzaile nagusia

«Korrikak herri gogo bat bistaratu du, eta kasu egin behar zaio»

Euskaraz bizitzeko gogoa geroz eta zabalagoa dela azaleratu du Korrikak, Iribarrenen arabera. Aurtengo aldia konpromisoak hartzekoa dela gogorarazi du, eta horixe irudikatu nahi izan dutela. Gauza bera eskatu die administrazioei, hitzez harago.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Aperribai.
Iruñea
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bazegoela beharra berriro ere euskara «erdigunean» jartzeko, agendan kokatzeko, pandemiak lehentasunetatik alboratu eta gero. Korrikaren atarian ere nabarmendu zuen AEK-k ideia hori, eta hala berretsi du lasterketak, Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiaren arabera. Bereziki nabarmendu du aldarria «kolektiboa» izan dela: «Jende multzo bat, zure moduan, zerbaiten alde ikusteak animoa handitzen du, eta uste dut bazegoela horren premia». Orain, Korrikak gorpuztutako «herri gogo» horri eustera eta euskararen aldeko gainerako egitasmoetara hedatzera dei egin du.

Korrikak «maila bat gora» egin duela adierazi zenuten balorazioan. Zer zentzutan?

Maila bat gora egin duela esan dugu izugarria izan delako lehen egunetik, Amurriotik, eta jendetza egon delako toki guztietan. Kristoren babesa lortu du. Horrek ikusarazten digu geroz eta jende gehiago dagoela euskaraz bizitzeko gogoa duena.

AEK-ko kide bati entzuna da Korrika ez dela soilik AEK-rena, Euskal Herriarena baizik. Baduzue eskuetatik edo kontrolpetik ihes egin dizuen sentsazioa?

Ez dut uste. Korrika AEK-k antolatzen du, baina herriarena da. AEK-k bakarrik ezingo luke halako dimentsioa hartu duen zerbait egin. Auzolan erraldoi bat da, finean, herriarentzat eta herritik egiten dena. Orduan, ez dugu kontrolpetik ihes egin dugun sentsazioa. Ez dakit kontrolatu hitza ere erabili beharko genukeen, ez baitugu hori nahi. Guk baliabide batzuk jartzen ditugu, antolatzen dugu, eta, gero, herriak ematen dio handitasun hori.

Geroz eta eragile gutxiago dago prest Korrikatik kanpo geratzeko. Hartu duen tamaina ikusita, uste duzu bere helburuak lausotu daitezkeela?

Bi helburu nagusi ditu Korrikak; biak oso argi adierazten dira, eta norabideratzen dira lasterketan. Agerian izan dira une oro, eta eragile jakin batzuk sartzeak ez du ekarri horiek alboratzea. Urteak daramatzagu esaten euskara ez dela euskalgintzaren kontu bat: herriarena da, herriko eragile guztiena, eta herriko eragile nahiz norbanako guztiek egin behar dute aurrera euskararekin eta euskararen aldarriarekin. Positiboa da elkarlanean aritzea, helburu komun bat izatea eta denok horri begira jartzea.

Euskalgintzaren eta administrazioen arteko elkarlana gehiago irudikatu zen aurreko aldietan. Oraingo honetan interpelaziotik gehiago jo nahi izan duzue?

Santiagoko zubiko eta Bastidako ekitaldietan irudikatu zena izan zen elkarlana, eragileen eta administrazioen artekoa. Horiek, azken finean, konpromisoak hartzeko ekitaldiak izan ziren, eta oraingoan esan dugu konpromisoetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela. Orduan, eredu izan nahi izan dugu, eta ekintza zehatzekin egin ditugu egitasmoak. Hitzekin. Denok euskara doan dinamika aurkeztu dugu, eta horren barruan bi egitasmo zehatz: bata lan munduari begirakoa, eta bestea administrazioei egindako interpelazioa. Horrek ez du esan nahi elkarlanean ez garenik ari eta behar hori ez dagoenik.

Ordezkari instituzionalen inplikazio handiagoa faltan sumatu duzu? Esaterako, Hego Euskal Herriko bi lehendakariek ez dute parte hartu Korrikan.

Denok batzea nahi izaten dugu, eta denei egiten diegu deia gurekin elkartzeko, herriarekin elkartzeko. Ez dugu oso argi zergatik ez duten parte hartu, baina erabaki hori haiek hartu dute, eta haiek azaldu beharko dute, nahi izanez gero. Nahiko genuke egon izana, baina ez dira egon.

Euskara doan izan dadin bermatzeko eskatu diezue administrazioei; besteak beste, Donibane Garaziko adierazpenaren bidez. Biderik egin dezake eskaera horrek?

Adierazpen hori sektoreko eragileen adierazpena da, ez AEK-rena bakarrik. Doakotasunaren beharra mahai gainean jarrita zegoen lehen ere, baina, oraingoan, zuzenean interpelatu dugu administrazioa, doakotasuna jorra dezan eta herritar guztiek ikasteko aukera izan dezaten, edozein tokitan egonda, edozein izanda pertsona horien egoera. Nahiko genukeena da administrazioetatik urrats handiagoak egitea doakotasunaren bidean, eta horregatik zuzendu genien haiei mezua,baliabideak dituztelako eta egin dezaketelako.

Erantzunik jaso duzue?

Ez dugu erantzunik jaso, baina, erantzunak bainoago, ekintzak espero ditugu. Ibilbide hori martxan jartzea espero dugu.

Herrialde batetik bestera egoera aldatzen den arren, oro har, zeren menpe dago bide hori abiatzea?

Toki batzuetan beste batzuetan baino urrats handiagoak egiten dira, baina, edonola ere, borondate politikoa da kontua. Baldin badago, egin daiteke, eta, Euskal Herri euskalduna nahi baldin badugu, doakotasunaren bidea ezinbestean jorratu behar da. Uste dut egin daitekeela, baina badakigu erritmo desberdinak egongo direla. Urratsak egiten hastea da kontua.

Eusko Jaurlaritzak emaitza akademikoen arabera laguntzak ematen ditu euskara ikasteagatik. Hori ez da, ordea, eskatzen duzuena.

Ez. Hain justu, lotura hori kentzea eskatzen dugu, diru laguntzak tituluei lotuta egoteari uztea. Euskaraz ikasi nahi duten herritar guztiek ez dute behar titulurik, eta, gainera, titulu batek dakarrena da azterketa bat egin behar izatea. Azterketak egun bateko gaitasuna neurtzen du, eta ez benetan pertsona horrek daukana. Diru laguntzak edozeinek jaso behar lituzke, edozein egoeratan egonda eta edozein izanda bere nahia. Hamaika aitzakia jarri dakizkioke, baina sinplea da egiten dugun aldarrikapena.

Nolako harremana duzue egun erakunde publikoekin?

Harreman ona dugu. Gauza batzuetan elkarlanean aritzen gara, eta ez dugu aparteko arazorik. Hala ere, iruditzen zaigu, eta haiei ere hamaika aldiz esan diegu, urrats handiagoak egin behar direla, eta ausartagoak. Erritmoa azkartu behar dugu, sobera motela delako. Harreman ona dugu, baina horrek ez du esan nahi gure aldarrikapenak mahai gainean jarriko ez ditugunik, eta haiekin eztabaidatuko ez dugunik.

Korrikak lagunduko du erakunde horiek mugiarazten?

Uste dut Korrika honetan bistan gelditu dela herri gogo bat badagoela, herriak euskaraz bizi nahi duela, eta uste dut administrazioen lana herriaren nahia betetzea dela. Pentsatzen dut eragina izango duela, benetan herria entzuten badute. Ez dakit 10-11 eguneko olatu erraldoi hau nola artikulatu dezaketen administrazioek, baina entzun beharko lukete herriak adierazi duena, euskaraz aritzeko herri gogo hori.Aldi berean, eragina izan behar luke mugimendu euskaltzalean.

Lagunduko du mugimenduhori hauspotzen? Erronka handiak ezarri ditu: besteak beste, bi manifestazio.

Aurtengo ikasturtea euskararen urte izendatu genuen, eta olatu bat sortzera dei egin genuen. Bada, uste dut Korrikak hasiera eman diola olatuari, eta bistaratu duela olatu hori badagoela. Erronka da olatu hori hedatzea eginda dauden beste deialdietara: maiatzaren 7ko manifestaziora, maiatzaren 21ekora eta Euskaraldira.

Helburu ekonomikoa ere badu Korrikak, gogora ekarri duzuenez. Arnasa emango du Korrikak, alde horretatik?

Joan den ikasturtea atzeratu behar izanak zulo bat sortu zuen gure aurrekontuetan, eta horrek eraman gintuen banketxeekin zorpetzera; horrek zer dakarren denok ezagutzen dugu. Eta Korrika honek, herritarrak kalera ateratzeaz gain, jendea eraman du ekarpen ekonomikoa egitera. Horrek lagunduko digu. Horri esker, AEK-n datozen bi ikasturteetan gure eguneroko lana modu egokiagoan egin ahal izango dugu.

Hurrengo Korrikari jarria diozue data. Zer espero eta desio duzu ordurako?

Batetik, euskara biziberritzea eta zentroan egotea; gure egunerokoan arazo handirik gabe erabili ahal izatea eta pauso sendoagoak emanak egotea ordurako. Horrek biltzen du dena, baina, zehazki, orain plazaratu dugun doakotasunaren aldarrikapenari dagokionez, espero dut datozen bi urteetan urrats sendoagoak egitea. 2024rako herritar guztiek ez dute izango euskara doan ikasteko eskubidea, seguruenera, baina ehuneko oso handi batek, bederen, izan beharko luke. Bi urte asko eta gutxi dira, aldi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.