Albistea entzun

Departamendu bozak. Elkartasun politikak

Elkartasun politiken erronka

Departamendu kontseilari berrien hautatzeko bozak dira bihar. Departamendu kontseiluen eskumen nagusia elkartasun politikena da. Gizarte laguntzak indartu beharraz aritu dira bi eragile
Jean-Jacques Lasserre —irudian— presidente berriz hautatu zuten Departamendu Kontseiluko bilkura, Pauen (Okzitania), 2015eko apirilaren 2an.
Jean-Jacques Lasserre —irudian— presidente berriz hautatu zuten Departamendu Kontseiluko bilkura, Pauen (Okzitania), 2015eko apirilaren 2an. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

2021eko ekainak 19

Bihar berriz bozkatuko diren Frantziako Departamendu Kontseiluen aurrekontuen erdia baino gehiago dira elkartasun politikak. Egitura publiko eta pribatu orotarik diruztatzen ditu erakundeak. Elkartasun politikak edo jende zaurgarrien laguntzak hiru alorretan banatuak dira: osasun artatzeak, gizarte medikuntza eta alor soziala.

Atherbeako zuzendaritza duela bi urte utzi zuen Jean-Daniel Elixirik, erretretara joanik, eta erakundeetako elkartasun politikak ongi ezagutzen ditu, kasik alor guzietarik iragan baita. Osasun artatzean, Elixiri ohartu da bilakaera bat izan dela: denboran, gizarte araututik bestela bizi ziren jendeak gero eta gutiago lagundu dira sozialki. «Gizarte jokamolde batzuk —edo araua hausten dutenak— medikuntzaren bidez tratatzen dira». Adibide bat eman du. Hamar urtez ari izan zen karrika hezitzaile, besteak beste toxikomanoekin. Gaur egun, kasik beti ordezko erremedioen bidez segituak direla dio. Halaber, ustez buru nahasmenduak dituztenak. «Gero eta sintoma sozial gehiago interpretatzen dira buruko arazo bat balira bezala, eta, bistan dena, farmazia industriak beti aurkituko du molde bat molekularen edo erremedioaren bidez erantzuteko, nahiz eta menturaz biziko nekezia edo nahasmendu bat baizik ez izan, sinpleki».

Medikuntza eta gizarte alorrean milaka langile ari dira Ipar Euskal Herrian. Haur eta gazte harreran, mota orotako egiturak badira: harrera familiak, haur eta gazte egoitzak, elkarteak. Departamenduak zerbitzu gotorra dauka gazteen sailean: Haurtzaroaren Gizarte Laguntza. Denetarik kudeatzen du: etxeko tratu txarretarik babestea, nerabe eta emazte haurdun bakartuak, migrante gazteak, eta abar, eta abar.

Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenean, gizarte saileko elkarte andana elkartu zen diagnostiko baten egiteko. Elixiri oraino Atherbeako zuzendaria zen. «Mobilizatu ginen hautetsiei erakusteko zein zen gaur egungo Ipar Euskal Herriko errealitate soziala. Sail horrek zuen pisua ekonomian; deslokaliza ez daitezkeen enpleguak baitira». Ondoriotzat ukan du Euskal Elkargoak gizarte ekintzaren hautuzko eskumena hartu zuela hastetik.

Ez zen, iduriz, Paueko Departamenduaren (Okzitania) gustukoa izan. «Tentsioak sortu zituen Departamendu Kontseiluarekin». Elixirik, Jean-Jacques Lasserre departamendu buruarengandik ukan zuen telefono deia lekuko elkarteek dudan ezarri zutelarik departamenduak migranteekin zeraman politika. «Sendi zen Elkargoaren eta Departamenduaren arteko tentsio hori zela gibelean». Elixiri segur da goiz ala berant departamenduak desagertuko direla. «Departamenduen eskalak ez du gehiago zentzurik. Hiru dira, ene ustez, zentzuzko eskalak: herri eta hirigune elkargoak, eskualdeak eta Europa». Haatik, argi du Elkargoak ahal arras guti dituela gizarte politiketan. Bizkitartean, lorpen gisa ikusi du Ipar Euskal Herriko elkartasun politiken behatokiaren sortzea.

Pobrezia

Egoeraren kontzientzia hartu beharra sendi du Elixirik. Pobrezia heina hilabetean 1.063 euro garbiko sarian finkatzen du administrazioak. SMICa, berriz, 1.219 euroan da. Ipar Euskal Herrian, 2018an, biztanleriaren %12 pobrezia heinaren petik bizi zen: 23.740 familia. «Emendatu daiteke geroztik». Argiki, lur eta etxebizitzen prezioen emendatze biziki zaluak eragin zuzena du. Horri gehi Ipar Euskal herritarren %20 SMICaz beheitiko sariarekin bizi dela; «bost herritarretik bat». Biztanleen %18k beren sariaren %39 baino gehiago baliatzen dute bizitegiaren pagatzeko. Horiei gehi 300 bat etxegabe.

Elixirik argi du elkartasun politiken eskumena Euskal Elkargorat ekarri behar dela araberako ahalekin. «Haurren babesa eta gizarte bazterketa ororen kontrako eskumenen transferentzia osoa behar lirateke». Haatik, uste du migrante gazteen babesa departamenduetatik estatu mailara itzuli behar litzatekeela. «Departamendu batetik bestera gazte horiei buruzko hautu politikoak ez baitira berdinak. Departamendu honetan migrante gazteei buruz egin diren hautu batzuk kritikagarriak zaizkit».

Eskumenen transferentziarako beste arrazoia Pirinio Atlantikoetan Biarnoren eta Ipar Euskal Herriaren artean mantentzen den desoreka da. 2002an, Atherbeako buruzagitza hartu zuelarik, Elixirik ikusi zuen bi eremuen arteko desoreka hori gizarte laguntzetan. Bi heren joaten ziren Biarnorat, heren bat Ipar Euskal Herrirat. «Gaur egun, guti edo aski banaketa berdintsua da». Zergatiaren aztertzen entseatu da, eta bi ondorio atera ditu. Bata, beren egoitza nagusia Prefeturaren hirian —Pauen— duten erakundeek uste dutela Ipar Euskal Herrian arazo sozial gutiago badela: «Zergatik? Pobreek, hemen, diskretu egoteko finezia dutelako», dio, ironiaz; «ez dira ageri. Alabaina, dirdiratzen duenari so egiten badiozu bakarrik, pobrezia ez duzu ikusten». Beste arrazoia: «Bekatu originalaren zigiluaz markatuak gara. Bekatu originala da: [euskal] gatazka. Horregatik, erakunde publikoek ez dute estimu handirik guretzat. Susmagarriak gatzaizkie gardentasunik aski ez genukeelako».

Gizarte politiketan elkargoaren heineko hurbiltasuna beharrezkoa ikusteaz gain, beste erronka bat azpimarratu du Elixirik: «Gizarte politikak lurralde proiektu orokor batean sarturik» landu behar lirateke, «azterketa transbertsal batean, lurraldeko gaitasunekin, ekonomiarekin, bizi eremuekin loturik». Eta ez sailkatuz. «Ez ditzagun bakarrik organo tutu edo siloka ikus politika horiek». Gizartearen ezaugarri guzietan —lana, bizitegia, garraioa, soziala, kultura—, funtsezkotzat dauka Ipar Euskal Herri mailako ikuspegia, itsasaldearen eta barnealdearen arteko desoreka eta hozka are gehiago handitzera ez uzteko. «Oroz gain, lurralde mailako proiektu bat behar dugu. Bestela, gure haurrek pairatuko dituzte ondorioak».

Autonomiarako laguntzak

Milaka pertsonak autonomiarako laguntza zuzena dute, izan adinekoak, izan ahalmen urrikoak. Sail horretan ere egitura publiko eta pribatuetara heltzen da departamendutik datorren dirua.

Adin Ederra elkarte eta etxeko laguntza zerbitzua Donapaleun finkatua da, eta Amikuze, Oztibarre, Iholdiko eremuetako 41 herritan ari da. 50 bat langile ditu; 75-80 garaien arabera. Zerbitzua hartzen dutenen %85 baino gehiago adinekoak dira, APA autonomiarako diru laguntza pertsonalizatua eta PCH ahalmen urrintasunaren ordainsari laguntzak eskuratzen dituztenak.

Chantal Massondok, Adin Ederrako zuzendariak esplikatu du zer den elkartearen lana: «Egun guzietako biziko eginbeharretan laguntzen dugu: neke handienak dituztenentzat ohetik jaikitzen laguntzea, garbitzea, beztitzea, askaltzea, etxe garbitzea, apairu egitea, erosketen egitea, askaziekiko harremana». Ahalmen urritasun fisikoa edo psikikoa dutenak ere zaintzen dituzte.

Adin Ederra Departamendu Kontseiluak eman ezagupen batekin ari da, zerbitzuaren prezio arautuen pean. Laguntza horien zuzena lagunduak direnek banaka badute; horri esker pagatzen ahal diote zerbitzua Adin Ederrari. Itunak baditu, bestalde, erretreta kutxekin eta osagarri asurantza etxeekin.

Behar handiko alorra

Biziki garatu den zerbitzu bat da etxez etxekoa. «Hamar-hamabost urtez, gure lana bikoiztu da. Duela 20 urte hasi nintzelarik, 20 langile ginen», erran du Massondok. «Lotua da departamenduen politikari, lehenesten baitute pertsonak etxean egotea». Eskaera guziz handia dute Adin Ederraren gisako egiturek.

Hainbestetaraino, non langile eskasa baitute. Besteak beste, lan dorpea delako. Lan geldialdi anitz baditu urte guzi Adin Ederrak. «Gihar-hezurretako arazo franko badira: sorbalda minak, ziatikoak eta abar. Lan nekea da fisikoki, eta psikologikoki ere hala izan daiteke». Ofizio lanjerosenen artean sailkatua da. «Azken urteetan eraikuntzako lan istripuen heina gainditu du gure sektoreak», dio Massondok. «Eraikuntza munduan, aspaldi abiatu zuten arriskuen prebentzio lana; gurean, orain hasi gara».

Gerorako ez dituzte erronka ttipiak. Ofizioaren erakargarritasuna landu nahi dute. Massondo: «Beti eta handiagoak diren beharrei buru egin behar diegu. Nola eginen dugu hori, ez badugu langilerik?». Ofizioaren irudia hobetuz egin daiteke, baina, bereziki, ordainsarien emendatuz. «Beste sektoreetarik oraino urrun diren sariak dira. Sektoreko hitzarmen kolektiboaren arabera, diplomarik gabeko etxeko laguntzaile bat, gaur egun, 16 urtez SMICaren heinean egon daiteke. Ez dut uste beste ofiziorik baden horrela». Gehiago dena, langileek bere autoa baliatu behar dute lanerako. Laneko ibilgailuen ukaitea aitzinamendua litzaioke Massondori. Lanaren dorpetasunari ihardukitzeko, lan baldintzen hobetzea ere funtsezkoa da.

Etxeko laguntza eragileen federazioak negoziazioak daramatza Lan Ministerioarekin itun kolektiboa hobetzeko. Departamendu Kontseiluekin ere bai, diren beharrei erantzuteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Larrion 2019. urtean, Gasteizen, hango udalerako alkategaia zenean. ©Endika Portillo / Foku

Miren Larrion: «Ez naiz ezkutatuko, eta ez naiz geratuko burua altxatu gabe»

Paulo Ostolaza

Dimisioa aurkeztu zuenetik lehen aldiz hitz egin du Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohiak, Euskadi Irratian. Oso egoera gogorra bizi izan zuela azpimarratu du, eta horrek eraman zuela kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzera.

Markel Olano, legealdi honetako politika orokorreko azken bilkuraren hasieran. ©Andoni Canalleda / FOKU

230 milioi euroko kostua izango dute Gipuzkoako bide azpiegiturak berritzeko lanek

Iñaut Matauko Rada

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hasiera eman dio legealdi honen politika orokorreko azken bilkurari. Adierazi duenez, pandemiaren eta Ukrainako inbasioaren ondorioek mugatzen dituzte gaur egungo politikak hein handi batean.

Unai Rementeriagaur, Gernikako juntetxean. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Bilboko metroko lehen eta bigarren linea lotuko dituzte, itsasadarraren azpiko tunel batekin

Berria

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri du, politika orokorrari buruzko bilkuran, Gernikan.

Zarauzko lore eskaintza. ©G. RUBIO / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.