Euskara modu berezituagoan eskatuko da administrazioan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

«Eskakizun asimetrikoak» izango dira, Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuaren arabera. Euskara eskakizun izango ez duten lanpostuen proportzioa orain arteko bera izango da

Laudioko Udalaren kontrako epaia arbuiatzeko egin zuten elkarretaratzea, otsailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Lanpostuaren ezaugarriaren araberako hizkuntza irizpideak are berezituagoak izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoan. Argitaratzear dago administrazio publikoko hizkuntza eskakizunak arautuko dituen lege dekretua, eta horixe du berritasun nagusietako bat BERRIAk eskuratu duen zirriborroak. Honela dio hizkuntza eskakizunen ataleko 27. artikuluko bigarren puntuak: «Lanpostuetako hizkuntza eskakizunak esleitzeko, lanpostu horien funtzioak aztertzeaz gain, kontuan hartuko dira herritarrekin, erakundearen barruan eta beste erakunde batzuekin dauzkaten ahozko eta idatzizko harreman komunikatiboak; horretarako, behar den komunikazio-azterketa egingo du erakunde bakoitzak».

Oraindik lantzen ari dira zenbait puntu, baina zirriborroak ematen du modua dekretuaren muina ezagutzeko. Baita duela 25 urte abian jarri eta oraindik indarrean dagoen 86/1997 dekretuarekin alderatzeko ere. Testu berriak erakusten du euskararen erabilera normalizatzeko asmoa, eta hala dio esplizituki: helburu duela «euskal sektore publikoak herritarrekiko harremanetan euskara eta gaztelania inolako diskriminaziorik eragin gabe erabili ahal izatea bermatzea». Horren bermatzaile langileak izango direla dio, baina aurreikusten du egon daitezkeela kasuak zeinetan komunikazioa euskaraz egiteko gai izan ez daitezkeen, «gutxieneko ezagutza» izan arren: «Erakundearen zerbitzura dauden guztiek gutxieneko ezagutza izan behar dute herritarrari harrera egiteko, eta, behar izanez gero, komunikazioa euskaraz dakien langile batengana bideratzeko, erakundeak horretarako aurreikusitako protokoloen arabera».

Izan ere, lanpostu bakoitzaren ezaugarrietan adierazi beharko da lan hori egingo dutenek herritarrekiko harremanik izango duten, eta harreman hori nolakoa izango den: ahozkoa, idatzizkoa edo mota bietakoa. Ahozkoa ohikoa den lanpostuetarako, eskatuko den gutxienekoa mintzameneko B2 maila izango da. Halaber, dekretua indarrean sartzean edo ondoren lehen aldiz hizkuntza eskakizunen sistemara batuko diren erakundeei zein hizkuntza eskakizun eskatuko zaien ere zehazten du dekretuak. Idazmenean nahiz mintzamenean B1 maila egiaztatu beharko da gutxienez, baldin eta «lanpostuan sartzeko ikasketarik eskatzen ez bada edo eskatzen diren ikasketak euskaraz burutzeagatik EAEko legediak salbuespen mailarik aitortzen ez badu».

Zenbait kasutan, ahozkoan eta idatzizkoan gaitasun desberdina izan ahalko dute hautagaiek. Erakunde publikoak hala erabakiko balu, idazmenean A1 eta A2 mailak ere esleitu ahalko dizkio lanpostuari, «ezaugarriak aztertuta ondorioztatzen bada bere idatzizko funtzioak noizbehinkakoak direla eta idazmen maila horietakoren bat nahikoa izan daitekeela funtzio horiek burutzeko».

Bestalde, dekretuak dio mintzamenean nahiz idazmenean C2 maila eskatuko dela «lanpostuan bete beharreko zeregin eta eginkizunen muina euskara bera denean».

Derrigortasuna, berbera

Derrigortasun tasari eta indizeari dagokienez, ez da aldaketa esanguratsurik, eta, beraz, euskaraz artatzeko gai ez direnak kontratatzen jarraitu ahalko da. Orain arteko modu berean kalkulatuko da derrigortasun data izango duten lanpostuen zenbatekoa: «Indarrean dagoen erroldan edo biztanleria eta etxebizitza estatistikan jasotako azken datuak erabiliko dira, betiere, erakunde bakoitzari dagokion jarduera-eremuari buruzkoak». Kalkulu matematiko bat egingo zaio hortik eratorritako datuari: «Euskaldunak + (ia euskaldunak/2)».

Dena den, derrigortasun indizea txikia denean ere, erakunde publikoak bermatu egin beharko du herritarrekin harremana duten zerbitzuetan badagoela langile bat, gutxienez, «hizkuntza eskakizuna egiaztatua duena eta euskaraz artatzeko gai dena».

Lanpostu jakin batzuek lehentasuna izango dute derrigortasun data ezartzeko orduan: herritarrekin harreman zuzena izatea eskatzen dutenak, herritarrekin «zeharkako» harremana dutenak, kanpoko beste erakundeekin ohiko komunikazioak dituztenak eta hutsik dauden lanpostuak. Horrez gain, hizkuntza eskakizunen sistemara lehenengoz batzen diren erakundeen kasuan, derrigortasun data ezartzeko orduan lehentasuna izango dute herritarrekin ahozko harremana izatea eskatzen duten lanpostuak.

Lege dekretuak aurreikusten ditu zenbait egoera, zeinetan derrigortasun data geroratuko litzatekeen. Esaterako, hala gertatuko da lanpostu bati derrigortasun data ezarri eta bertan jarduten duen langileak lanpostu horri dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatua ez badu. Kasu horretan, tarte bat emango zaio langileari, postu horri dagokion euskara maila eskuratzeko. Horren adibidetzat har daiteke Laudioko Udalean berriki gertatutakoa, Gasteizko epaile baten erabakia tarteko, harrabots handia eragin zuena: 2014tik bitarteko funtzionario zebilen langile bat kaleratu egin zuen udalak, haren lanpostuari laugarren hizkuntza eskakizuna eskuratzeko tarte bat eman bazitzaion ere, lehen hizkuntza eskakizuna soilik aurkeztu zuelako.

Horrez gain, bada beste aukera bat zeinean posible den derrigortasun data duen lanpostu batean hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe duen langileren bat egotea. Lanpostuari dagokion eskakizuna egiaztatu duen hautagairik ez dagoenean gertatuko da, salbuespen gisa. Honela arrazoitzen da testuan egoera hori: «Lanpostua bete gabe gelditzeak ekarriko lituzkeen kalteak ekiditeko, trebetasun bakoitzean lanpostuari dagokion euskara maila baino, gehienez jota, bat baxuagoa egiaztatzen duen hautagaia praktikaldian sartzerik izango da». Langile horiei ere tarte bat emango zaie dagokien eskakizuna egiaztatu ahal izateko, hamabi eta hemezortzi hilabete artekoa.

Euskara, batzuetan meritu

Lanpostu guztietan ez da hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko, dena den. Hala egin behar ez denetan, euskararen ezagutza meritu moduan baloratuko da.

Oposizio zein oposizio lehiaketa bidez eskuratu beharrekoetan ere euskararen ezagutzak balioko du meritu gisa, betiere, hautagaiak egiaztatzen duen euskara maila lanpostua eskuratzeko eskatzen zaiona baino handiagoa bada. %5etik %10era arteko puntuazioa lortu ahalko da B1 eta B2 mailetan, euskara meritu gisa aurkeztuta; C1 eta C2 mailetan, berriz, %11tik %20ra artekoa. Orain arteko bera, alegia.

Hautaketa probetan erabili beharreko hizkuntzaren ingurukoak ere jaso ditu zirriborroak. Hor ere ez da aldaketarik: ez da beharrezkoa izango hautaprobak euskaraz egitea, hizkuntza bat ezagutzea derrigorrezko baldintza ez bada eta erakunde publikoak hautaketa hizkuntza batean edo bestean egitea erabakitzen ez badu. Salbuespena izango dira, era berean, hizkuntza eskakizuntzat C2 maila duten lanpostuetarako probak.

Bestalde, hautaproba guztiak euskaraz egin eta gainditzen dituztenei euskara meritu gisa aitortuko zaie; zehazki, lanpostuak ezarria duen hizkuntza eskakizuna egiaztatuta edukitzeagatik lor daitekeen meritu balorazioa jasoko dute.

Osakidetzari eta Ertzaintzari ere eragingo lieke dekretuak, nahiz eta euren araudi propioak dituzten. Hala ere, dekretuak dio ez dutela berehalakoan aplikatu beharrik izango, eta administrazioan egun indarrean dagoen plangintzaldia eta ondorengoa baliatu ahalko dituztela batetik besterako trantsizioa egiteko. Ondorioz, pentsa daiteke lege dekretu berriak ez diola eragingo Osakidetzak ekainean eta uztailean egingo duen lan eskaintza publikoari. 38.654 lagunek eman dute izena, eta 3.535 lanpostu eskainiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.