Koronabirusa. Sean Golden. Txinako politikan aditua

«AEBak ez dira gai Italia edo Espainiaren gisako aliatuak laguntzeko»

Goldenen esanetan, Txina AEBen aliatuengana hurbiltzen ari da koronabirusaren krisia baliatuta. Nazioarteko agertokia Gerra Hotzekoaren «antipodetan» dagoela nabarmendu du.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisia Txinaren nazioarteko harremanetan zein eragin izaten ari den gertutik aztertzen ari da Sean Golden (Londres, 1948). Txinako politikagintzan eta nazioarteko harremanetan aditua da. Lan oparoa egin du ikerkuntzan; bai kultura arteko azterketa konparatuan, bai Asia ekialdeari buruzko ikerketetan. Besteak beste, Txinako diskurtso politikoaren eraikuntza aztertu du. Egun erretiroa hartuta dago irakasle jardunetik, UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, baina ikerlari gisa jarraitzen du CIDOB Nazioarteko Gaien Bartzelonako Zentroan.

Koronabirusari eustea lortu du Txinak. Lortu duen arrakastak aukera ematen al dio munduaren aurrean superpotentzia gisa agertzeko, bere ahal ekonomikoaz harago?

Txina osasun produktuen ekoizle nagusia bada, bere estrategia ekonomikoari esker da: munduko lantegi bihurtzekoa. Mendebaldearen neoliberalismoari esker ere lortu du, hark deslokalizazioaren bidezko kostuen murriztea bultzatu baitzuen espekulazioa eta irabazien hazkundea sarituz. Gainera, zerga murrizketak sustatu ditu, %1 aberasteko modua emateko %99ren bizkar, eta gizarte zerbitzuak ahuldu. COVID-19aren pandemiak agerian utzi du emaitza: Europako eta Ipar Amerikako herrialdeek ez dute gaitasunik nahikoa osasun material ekoizteko, eta osasun publikoko sistemak ez dira gai eskariari erantzuteko. Orain Txinak osasun materiala eskaini dezake, baita birusaren jatorriari eta tratamenduari buruzko bere ikerketen emaitzak ere, eta, horrez gain, lezioak eman ditzake estatu batek kutsatzearen mehatxuari aurre egiteko hartu behar dituen neurriei buruz.



Egoera munduko ordena berri baten adierazle al da?

Denbora luzea da demokrazia liberalak krisian daudela, neurri batean, neoliberalismoaren erruz. Horrez gain, ez dagoelako estatu horien arteko adostasun zabal bat eta herrialde garatuetan gizarte desberdintasunak areagotu dituen ideologia polarizatu delako. Bitartean, eremu europar eta iparramerikarretik kanpoko beste gobernantza eredu batzuek frogatu dute gai direla beren herritarrak pobreziatik askatzeko eta beren ekonomiak eta gizarteak modernizatzeko. NATOren inguruan garatutako nazioarteko harremanen teoriak Gerra Hotzaren garaikoak dira, potentzia inperialistek mundua menderatzen zutenekoak, baina sortzen ari den nazioarteko ordena berriak jada ez die irizpide horiei erantzuten. Pandemiak agerian utzi du hori.

Txinak mediku laguntza bidali du Italiara eta Espainiara, eta osasun ekipamendua helarazteko korridoreak irekitzera konprometitu da. Europako Batasuneko (EB) herrialdeekin aliantza indartzeko urrats bat al da?

Txinak nahiago du mundu ordena multipolarra, eta ez NATOn oinarritutakoa edo Ipar Amerikakoa. EB da Txinako ekonomiaren merkaturik garrantzitsuena. Agerikoa da Txinak baliatu egingo dituela Europako herrialdeekin aliantzak eta elkarrekiko menpekotasun ekonomikoak, AEBek Europan duten eragina apaltzeko. Txina ezin da militarki lehiatu, baina bai ekonomikoki. Trumpen politika protekzionista okerrak hiru urtean suntsitu du AEBek aurreko mendean landu zuten kapital diplomatiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren zati handi bat. Ondorioz, ez dira gai Italia eta Espainiaren gisako aliatuak laguntzeko, ezta nahi ere. Orain Italiak Errusiako militarren laguntza jaso du, eta Kubatik joandako medikuak hartu ditu, ez AEBetakoak. Gerra Hotzeko egoeraren antipodetan dago gaur egungo egoera. Nabarmentzekoa da aldentze hori AEBen geopolitika estrategia berriaren ondorio dela, baina baita Txinak krisi egoera honetan laguntzeko duen gaitasunarena ere.

Birusaren hedatzeak esparru berri bat ireki du lehiarako?

Txina eta AEBen arteko lehia baino, AEBek beren hegemoniari eusteko ahalegina da, Txinaren garapena eta eragina geldiarazteko estrategia. SESBen desagertzeak eta errepublika sobietar ohien garapenak Gerra Hotzarekin zerikusirik ez duen egoera konplexua utzi dute, baina geopolitika definituko duen «beste» berri bat bilatzeko tentazioa oso handia da. Ondorioz, AEBetan badira estratega batzuk Txina aurkari gisa definitzen dutenak. Txinak, ordea, ez ditu AEBak ordezkatu nahi munduko potentzia hegemoniko gisa, baina Txinaren kontrako estrategia batek bere burua defendatzera behartuko du. Harremana orain tirabiratsua da. Hala ere, ez beligerantea. Txinak barne arazo gehiegi dauzka atzerrian abentura militarrak bilatzen hasteko, eta hala izango da denbora luzean.

Azken asteetan koronabirusarekin lotutako ardurak leporatu dizkiote elkarri Txinak eta AEBek. Trumpek «birus txinatarra» aipatzen du koronabirusari erreferentzia egiteko, eta Pekingo zenbait agintarik aditzera eman dute birusa AEBetako soldadu baten bidez iritsi zela Txinara, urrian, Wuhanen jokatu ziren Militar Jokoetan. Tentsioa handitzen ari da?

Trump kontzienteki ari da lantzen xenofobia sustatzen duen eta biztanleriaren arreta desbideratuko duen estrategia bat. Kanpoko etsai bat bilatzeak ia beti funtzionatzen du herria batzeko eta norberaren akatsak ezkutatzeko. Koronabirusari «birus txinatar» deitzeak mehatxua kanpotik datorrenaren ideia indartzen du, eta Trumpi bide ematen dio Txinari kalte ordainak eskatzeko pandemiarengatik, Mexikori «bere» horma ordaintzeko galdegin zion bezala.

Jarrera horrek G7a banatzeko balio izan du aste honetan, gainerako estatuek ez dutelako onartu AEBen terminologia. Trump bere aliatuetatik orduan eta gehiago urrundu, orduan eta hobe Txinarentzat. Baina kasu honetan AEBen politika da aliantza suntsitzen ari dena, eta ez Txinaren estrategia bat. Beraz, tentsioa handitzen ari dena AEBen estrategia da, eta estrategia horrek edozein aukera baliatuko du, 5G teknologiarekin gertatu den bezala, adibidez.

Zenbateraino da arriskutsua bi potentzien arteko harremanak okerrera egitea krisi honetan? Eragina izan dezake merkataritza harremanetan?

Esan ohi da diruak ez duela aberririk. Neurri batean, mundu osoa egongo da Txinako ekonomiak pandemiaren ondorioei aurre egiteko erakusten duen sendotasunaren menpe, nahiz eta Txinako ekonomia bera ere kaltetua izango den. Uneotan, AEBak zorpetzen ari dira bere ekonomia babesteko. Txina, Japonia edo Hego Korea bezalako estatuak dira AEBen zor publikoaren eroslerik garrantzitsuenak. Beraz, Txinako eta AEBetako ekonomien elkarrekiko menpekotasunak babestuko ditu bi herrialdeen arteko merkataritza harremanak.

Bada lehia bat abian, koronabirusarentzako txertoa zeinek lehenago lortuko. Zer esan nahiko luke Txinarentzat lasterketa hori irabazteak? Eta zer galtzeak?

Irabazteak esan nahi du txertoaren patenteak monopolizatzeko aukera eskuratzea. Kapitalismoaren ezaugarri bat da hori. Egungo egoerara neurrigabeko kapitalismo batek ekarri gaituela aintzat ez hartzea kausa garrantzitsuenetako bati ezikusiarena egitea da. Txina, EB eta AEBak lehian ari dira txerto baten bila, elkarlanean aritu beharrean, nahiz eta kontrakoa dioten. Hobe esanda, enpresak dira euren artean lehiatzen ari direnak, gutxiengo baten irabazi ekonomikoak lehenetsiz gehiengoaren ongizatearen aurretik. Beste era batera jokatzea modu ez kapitalistan jokatzea litzateke. Munduak beste era batera jokatzea behar du, pandemia hau eta etorriko direnak gelditu ahal izateko, klima krisiari aurre egiteko eta gizarte desberdintasunak gainditzeko. Txinaren, AEBen eta EBen jokaerek argituko dute zenbateraino dagoen mundua prest ereduz aldatzeko.

Epidemiak Txinaren ekonomia kaltetu duela diote datuek. Nabarmen egin dute behera industria ekoizpenak eta barne merkataritzak, baina gobernua hasia da ekonomia suspertzeko neurriak hartzen. Beste potentzia batzuekiko abantaila du?

Ez dago zalantzarik pandemiaren krisiak Txinako ekonomia kaltetu duela, eta, ondorioz, munduko ekonomia ere bai. Inoiz baino ageriago gelditu da munduko ekonomia Txinakoaren menpe dagoela.

Txinako gobernantza eredua abantaila handi bat da ekonomia suspertu ahal izateko. Argi dago eredu hori autoritarioa dela. Asia ekialdeko eta hego-ekialdeko gainerako herrialdeek gizartearen kontrolerako neurriak jarri dituzte indarrean birusari aurre egiteko, eta demokrazia liberalek ezin izan dituzte arrakasta berarekin ezarri.

Autoritarismoa defendatu gabe, geure buruei galde diezaiekegu zein ondorio izango dituen bi gobernantza ereduren arteko kontrasteak: batetik, ongizate komuna eta berdintasun handiagoa eraginkortasunez zainduko duen «despotismo ilustratu» eredu bat, eta, bestetik, gizarte desberdintasunak areagotzea eta gutxiengo batek gehiengo bat esplotatzea baimentzen duen eredu parlamentario liberala.

Txinako Gobernuak barne kritikak jaso ditu koronabirusaren berri izan ondorengo lehen asteetan hartu zituen erabakiengatik. Informazioa ezkutatzea eta beharrezko neurriak beranduegi hartzea leporatu diote.

Gogoratu beharra dago Txinaren lehenengo erantzuna ez zela guztiz gardena izan. Ez dago argi arazo hori zenbateraino izan den nazio mailakoa ala tokiko erakundeena. Hala ere, Txinak azkar partekatu zituen birusaren laginak Australiako laborategiekin eta mundu osokoekin. Horrek bide eman zuen tratamenduak eta txertoak bilatzeko ikerketak azkarrago garatzea. Txinako sare sozialetan badira gobernuari zuzendutako kritikak, baina handiagoa da Europako herrialdeetako zorroztasun faltak sortzen duen harridura. Txinako Gobernua hasia da mugatze neurriak malgutzen eta badirudi biztanleriak ontzat jotzen duela krisiaren kudeaketa.

Xi Jinpingen gobernua indartuta atera da orduan?

Txinako Gobernuek kudeaketarako eta baldintzetara egokitzeko gaitasun handia frogatu dute azken 40 urteetan. Gainera, erregimenak publizitate ahalegin handia egiten du gobernuaren jarduna goratzeko. Espainiarekin, Italiarekin eta AEBekin alderatuta, Txina nahiko ondo ari da irteten krisialditik, eta, gauzek horrela jarraitzen badute, Xi Jinping indartuta aterako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.