Erdoganek iradoki du Finlandiari NATOko atea irekitzear direla
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo iradoki zuen litekeena dela bihar ematea baiezkoa Finlandiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide izateko aurkeztutako hautagaitzari. Izan ere, Finlandiako haren homologo Sauli Niinistorekin biltzekoa da, Ankaran. «Hala espero dut. Gure obligazioak beteko ditugu. Ostiralean [Finlandiako] presidente jaunarekin batzartuko gara, eta emandako hitza beteko dugu», nabarmendu zuen Erdoganek ekitaldi publiko batean, auziaz galdetu ziotenean. Horrekin lotuta, hain zuzen ere, Reuters berri agentziak Ankarako bi funtzionario aipatuz kaleratu zuen estatuburuaren asmoa dela maiatzaren 14an egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeen aurretik onartzea Finlandiaren hautagaitza.
Bi herrialdeek egindako eskaera aintzat hartuz, Mendebaldeko aliantza militarrak Finlandia eta Suedia berekin bat egitera gonbidatu zituen, formalki, iazko uztailean. Baina Turkiak betoa jarri zien biei, ekintzaile kurduei babesa ematen dietela leporatuta. Azken asteetan, Ankarak behin baino gehiagotan goratu du Helsinkiren jarrera. Suediaz, ordea, ez du iritzi bera. Iruditzen zaio ez dituela bete betoa kentzeko ezarritako baldintzetako batzuk; esaterako, «terrorista» gisa definitzen dituen erakundeen jarduerak eragoztea. Horiek horrela, Turkiak planteatu izan du bi herrialdeen bat egitea ez dadila aldi berean gertatu.
Ikusi gehiago: https://www.berria.eus/paperekoa/1877/015/001/2023-03-16/errusiak-aebei-eskatu-die-aireontzi-militarrak-bere-mugetatik-urruntzeko.htm
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.