Narrazioa

Ilhaun

Baionan jaio zen, 1987an, baina Hazparnen (Lapurdi) bizi da egun. Aurten argitaratu du lehendabiziko eleberria: Girgileri anderea, Gazteluma bekaren bederatzigarren deialdiari esker. Nahasmendu bipolarra daukan pertsonaia bat da lan horren ardatza. Hegi-Lukuk lehendik ere jasoa zuen beste beka bat, Eusko Ikaskuntzarena, Hiru uhainak ipuinaren aldaerak ikertzeko. Itzultzailea da ogibidez.

MARTINTXO.
Maialen Hegi-Luku
2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Etxe ttipitto bat, muino baten puntan dilingo. Hartan, ganbera hertsi lauki bat. Ohea ertzean, zurezko aulki karrankaria zentroan. Honen gainean, jarria, erdi etzana, supazterrari so nago. Gaua isila da, lasaia, alegeratasun triste batek inguratua. Ene pentsamenduetan nabila, erdi galdurik. Suak ke bidean irekitzen duen biziaren pasaian, gogoetaz gogoeta, dudaren pinpilinpauxa badoa. Duela istant bat utzi dudan adiskideari pentsatzen dut. Bere so zilarrari, bilo hori dirdiratsuek begien behako zaindariari ematen dioten borobiltasunari. Nola bere bozak kontatu didan aspaldi ahantzia nuen plazerra, hitza, bizirik geldi edo jarraitzeko gutizia sekretua. Barda, ke partikula bat nintzen. Gaur, suaren barnera itzuli nahi dut.

Tripako mina heldu zait. Sabel azpiko mina, zeharkatzen nauen bi puntu berok sortu oinazea. Betikoa, betirakoa, ilargiaren deia. Elementuen arteko loturaren oroiterazlea. Komoditaterako pasabide beltzean, hari misteriotsu batek mina bururadaramakit, ezinbestean. Galtza irekitzen dut. Kulotaren erdia arras gorria dut. Izterretan beheiti odola kurri zait. Aulki zilodunean jartzen naiz. Oroitzen hasten naiz. Minutu batzuez horrela egoten naiz, geldi-geldirik, min ziztaduna ene gorputz osoa zeharkatzen utziz. Zergatik zen horrela gertatu? Zergatik nuen... Baina gogoa ez zait leiala. Komoditateko paper luze bat mustupilkatuz, kulotaren torratzen hasten naiz. Torratzen eta torratzen. Torratzen eta oraino torratzen, paper guzia arras desegin arte. Hona orain, kexuzko malko bat, ene ezkerreko (edo eskuinekoa ote?) matelaren gainera ustekabean isurtzen, laba epel mendi gorrituan. Ezin dut gehiago jasan. Galtza berriz gerrian loturik, atea zanpaturik, beste nonbaitetik etorri koleran, pasabide beltzean lasterka hasten naiz, hatsantua. Orro bat jalgitzen zait ene barnea indar izigarri batez urratzen duena. Zer gertatzen zait? Zer izan zen? Baina laster lasaitu behar naiz. Ikuzgelan sartzen naiz, murruak panikoaren koloreaz tindatuak dira; miraila mugitzen da. Txurrutan, zirt-zart kendu ditudan azpiko guziak pausatuak ditut jadanik. Ura isurtzen da. Marseillako xaboiaz tatxa ilundua igurzten dut. Luzaz. Eternitate batez. Tatxa handitzen da, urak bere bidea egiten du plegu zikinen artean, eta torratzen dut. Torratzen. Torratzen eta berriz torratzen. Inarrosten, botatzen berriz tinko harrapatzen. Torratzen. Eromenaren mamuak bisitaño bat egiten dio ene bihotzari, sudur ziloen atea jo gabe. Ene inguruko airea pozoindatua da. Edo tatxaren eta ur beroaren ketik iratzarria da. Ez dakit. Eta futitzen naiz. Erotua naiz eta kitto. Hori da dena. Hori izan da betidanik dena. Xaboia arras malindua da. Ez da gehiago xaboia, iduri du kakamarlo handi bat, kakaren erdian. Dena da gaua, dena da hotza. Hotz horrek esku bat urpean arras erre dudala ahanztarazi didala ohartzen naiz. Ze pena, dio ironiak, goraki. Ene gogo onak, kontzientzia ederrak eta panpoxak entzun dezan ongi. Baina deus ez da ederra. Ene adiskidea salbu. Hura bai dela ederra. Ederrena naski munduan. Baina beste dena da gaua, beste dena hotza. Esku errea ere hotza da. Izterren artetik odola dario ene iraupenari. Hunkitzen dut, esku bat osoki odoleztatu arte. Bisaian marrak marrazten ditut. Mirailan forma moldegabeak ageri dira.

Kanpora ateratzea erabakitzen dut. Biluzten naiz. Osoki. Euria ari du, eta euria sentitu nahi dut ene garbitzen, bere isuri miragarriaren mintzoa aditu nahi dut. Azken aldi batez. Kanpoan naiz, badu bulta bat orain, oinetako behatzak ez baititut gehiago sumatzen. Euriak odola lurrean ereiten du. Gogoratu nahi dut agian. Zer nahi dut? Erantzunik gabe, berriz sartzen naiz. Dutxara noa. Kakamarloa esku gainean pausatzen dut. Ura pizten. Ur erregarria. Torratzen dut izterren artean. Bigarren orroa. Nola da posible? Zergatik egin nuen? Gorputz osoa hamar aldiz torratu ondotik, indargabeturik, baina, gogoa, nahitaez sutan, farmazia armairuaren zabaltzera noa. Oihalaz inguratzen naiz. Ez dakit zein ordenatan izan zen, zertarik hasi zen. Ixo. Kaxet berde bat bere aluminiozko paper finezko gordagitik kentzen dut, babesa emanen didan pilula azeptizatuaren irensteko. Bi hartzen ditut. Kraxk eta klik. Kraxk eta klik. Edo hiru. Ez dakit nola agitu zen. Nola argitu zen? Ohera noa. Ideiak burrunban ari zaizkit, zurrungan nahi nituzkeelarik. Fitexko. Fi...

Goiza da jadanik. Leihotik, goizero iratzartzen nauten xoriak aditzen dira. Zer izan zen dena? Azken hiru egunetan egin dudan amesgaiztoa. Ganbera keztatua da. Eztul eta eztul. Tximinia madarikatua. Eta hotz madarikatua. Eta amets madarikatua. Ezin dut gehiago aguantatu. Higuin ikaragarri bat sentitzen dut, gainditzen hasten zaidana. Egur puska baten xerka xutitzen naiz eta abantzu hila den suaren gar apalen gainera botatzen. Sua berriz hasiko da. Kedarra kendu beharko dut. Berriz etzatera noa. Iruditzen zait ez dudala sekula lo egin.

Etxe ttipitto bat, muino baten puntan dilingo. Hartan, lurraren tripatik heldu zaparrada aipaezin bat. Gertakari gertaezin bat, halabeharrez. Suziri zapartada ikusgarri batek ibarra apaintzen du. Ikusle harrituak etxea mila puskatan desagertzen ikus dezake. Dena da egun, dena da bizi. Muinoaren behealdean, erreka baten hegian, hiru landare eder daude beilari. Egun batez, bere irria betiko odoleztatu zuen ganibeta herdoildua dago errekako harri xurien artean. Betiko oroitzapen, betirako, iraupen, biziaren iturrira itzulia. Landare ederrek, gizon gazte xarmant bat dute ongarritzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.