Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketaren atarian

Bide malkartsu eta oztopoz betea

Etzi hasiko da Iñigo Cabacasen hilketa argitzen saiatuko den epaiketa, prozesu luze baten ostean. Sei ertzain epaituko dituzte. Lau urteko espetxealdia eskatzen diete

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Astelehenean hasiko da Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiketa, Bizkaiko Auzitegiko 3. salan. Sei ertzain epaituko dituzte: haietatik hiruk aitortu zuten gau hartan pilotak jaurtitzeko fusila erabili zutela eta tiro egin zutela—agente gehiagok egin zuten tiro, baina ezin izan dituzte identifikatu, eta, hortaz, ez dituzte epaituko—; gainerako hirurak operatiboan arduraren bat zuten ertzainak dira. Epaiketa azaroaren 9an amaitzea espero dute.

Luze jo du auziak 2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas Lizeranzu zauritu zuenetik —bost egun geroago hil zen—. Sei urte eta erdi igaro dira geroztik; bidea malkartsua eta oztopoz beterikoa izan da, baina, azkenean, epaiketa iritsi da.

Akusazio partikularrak «zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa» leporatzen die sei akusatuei, eta lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatzen du haietako bakoitzarentzat. Fiskalak, aldiz, ez du delitu zantzurik ikusten, eta absoluzioa eskatzen du.

Instrukzio faseak iraun duen bitartean ezaguna egin dira Ugarteko ezizeneko ertzainburua, gau hartan operatiboaren arduradun izan zena, eta hark emandako aginduen grabazioak. Akusazio partikularrak hura ere epaitzeko eskatu zuen arren, ez da akusatuen aulkian eseriko, baina epaiketan egongo da, lekuko gisa.

Ugartekok egindako akusazioak eragin zuen, hain zuzen ere, Cabacas auziarekin loturik orain arte egindako epaiketa bakarra: ertzainburuak salaketa jarri zuen Gara eta Naiz.eus agerkarien, Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo hedabide horietako kideen eta Jone Goirizelaia defentsaren abokatuaren kontra, bere «ohorea eta intimitatea» ustez urratzeagatik, baina epaiketan errugabetzat jo zituzten.

Lagunen sostengua

Cabacasen lagun eta senideek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar, 19:00etan, elkarretaratze bat egingo dute Bilboko Albia lorategietan. Musika emanaldiak ere izango dira, eta ondoren gaua hantxe emateko deia egin dute.

Gaubeilaren ostean, astelehen goizean, elkarretaratzea egingo dute berriro, 8:00etan, eta gero lorategietatik epaitegietara joango dira, Cabacasen gurasoei ateraino laguntzera. 9:30etik 12:00etara elkarretaratzea egingo dute epaitegiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.