Koronabirusa

Nafarroa itxi egin dute

Bihar gauerditik ezingo da ez sartu eta ez irten, funtsezko arrazoiengatik ez bada. Ostalaritzak ateak itxiko ditu, eta jarduera oro 21:00etarako amaitu beharko da

Iruñeko alde zaharreko terraza bat, hutsik. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Lanagatik, ikasketengatik edo senide baten zaintza arrazoiengatik izan ezean, bihar gauerditik aurrera ezingo da Nafarroan sartu edo handik atera. Atzo arratsaldean, egoeraren gaineko azterketa egin ostean, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarri zuen neurri gogorragoak hartuko dituztela. Astebete ere ez da iragan saltokietako, ostalaritzako eta beste hainbat jardueratako edukiera %30era mugatzeko neurriak indarrean sartu zirenetik, baina neurri horien eragina «motela» izan da. Horregatik, eta «egoera zaila» dela ikusirik, gobernuak murrizketa gehiago ezarriko ditu. Nafarroa ixtea erabaki du: atzo zurrumurrua zegoen neurri hori Iruñerako soilik hartuko ote zuten, baina Txibitek adierazi du badirela hiriburua baino intzidentzia tasa handiagoa daukaten herriak, eta herrialde osoak arduraz jokatu behar duela. «Arazo bat daukagu: Nafarroa geratu behar dugu hori konpontzeko eta intzidentzia tasa jaisteko».

Bihar gauerdian sartuko da indarrean foru araua, eta hamabost egun iraungo du, azaroaren 4ra arte. Txibitek gogorarazi du orain arte epaileek oniritzia eman dietela hartutako neurriei. Indarrean sartuko den arauaren edukia bidali dute epaitegietara, eta behar bezala arrazoitua dagoela uste du. «Gure eskumenen barruan dago». Txibiteren esanetan, eskaera egin eta epaileen baimena izan arte itxaron zezaketen, baina bitartean denbora galduko zelakoan dago. «Epaileek neurriren batekin eragozpenen bat ikusten badute, ezingo dugu foru dekretua osorik ezarri, baina espero dugu orain arte bezala berrestea». Lehendakariak ohartarazi du «azkar» ezarri beharra dagoela egoera iraultzeko neurriak.

Ostalaritzan, kalte handia

Ez dute soilik Nafarroa itxiko. Ostalaritza ere itxi egingo dute erabat. Kafetegiek, tabernek eta jatetxeek ateak itxi beharko dituzte hurrengo bi asteetan. Etxera eramateko janariak edo edariak eman ahalko dituzte, baina ezingo dituzte bezeroak bertan hartu. Hotelen eta landetxeen kasuan, bezeroei soilik eman diezaiekete jaten. «Jabetzen naiz hartutako neurriak gogorrak direla, sendi asko bizi baitira sektore horien kontura. Itzulinguru gehien eman diogun neurria izan da», onartu du Txibitek. Nafarroako Ostalari Elkarteak iragan astean adierazi zuenez, 18.000 herritarrek lan egiten dute arlo horretan.

Txibiteren irudiko, ostalaritzak ardura handiz jokatu du eta egoerara ongi egokitu da, baina hainbat kasutan ostatu barruetan pertsona batzuek ez dute berdin jokatu. «Denok ikusi dugu ez dela arduraz jokatu». Neurriak sektorean egingo duen kaltearen jakitun, gobernuak joan den astean iragarri zuen hamar milioi euroren laguntzak izango zituztela. Halaber, langileei aldi baterako espedienteetara jotzeko erraztasunak emango zaizkiela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak.

Lehendakariaren esanetan, arazo nagusia eremu pribatuan dago. Horregatik, sei lagunetik gorako bilkurek debekatuta jarraituko dute, eta gobernuak irizpide orokor gisa jarriko du etxebizitza bereko pertsonen arteko «bizikidetza burbuilak» sortzea, hortik kanpoko pertsonekin hartu-emanak ahalik eta gehien murrizteko. Arau horretatik kanpo geldituko dira bakarrik bizi direnak eta zaintza bereziak behar dituztenak.

Ostalaritza ixteaz gain, merkataritzan eta gainerako jardueretan ordutegia mugatuko dute: 21:00etarako itxita egon beharko dute. Saltoki handietan eta aisialdirako guneetan debekatu egingo dituzte jolas eremuak, eta soilik salerosketarako erabiliko dira.Gainera, garraio publikoaren joan-etorriak erdira jaitsiko dira.

Egoera «oso zaila» dela aitortu du Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Egunez egun, positibo kopurua handia da, eta azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 899 kutsatu atzeman dituzte. Ikerketa lan horretan ahalegin eta esfortzu berezia egin dutela azpimarratu arren, Txibiteren irudiko, kutsatu kopurua «handia» da, eta osasun sisteman eragin dezake, egoerak bere horretan jarraituz gero. Uneotan 296 lagun daude ospitaleratuta: 37 larrialdi zerbitzuetan, eta 44 etxeko jarraipenarekin. Hau da, Osasunbideko ohe guztien %13 daude okupatuta, eta ZIUetako oheen ia %29. Txibiteren esanetan, ez dute heldu nahi egoera batera non osasun sistemak ezingo dien erantzun beste osasun behar batzuei.

«Bilakaera ez da nahiko genukeena. Horregatik, geure buruari eman diogun bi asteko epea aurreratu dugu, eta egoera hobetzea espero dugu. Hobekuntza bat-batekoa behar dugu, askoz ere azkarragoa sistemak iraun dezan, ahalmenari eusteko eta ondorio lazgarriak eragozteko», ohartarazi du. Haren esanetan, inguruan beste lurraldeek hartu ez dituzten neurriak hartu ditu Nafarroako Gobernuak. Gainera, asmoa azaldu du egoera hobetu ezean «neurri gehiago hartzeko», harago joateko. «Osasuna zaindu beharreko ondasuna da, gainerako guztiak funtziona dezan. Osasunik gabe ez dago ez ekonomiarik, ez bizitza sozialik, ez ezer». Neurrien edukia ikusita, konfinamendua berriz ezartzeaz galdetu diote kazetariek. «Nafarroak bere eskumenen menpe dagoen guztia egin du. Ziur nago neurri hauek balioko dutela», erantzun du Txibitek.

Hala ere, gizarteari dei berezia egin dio: «Zorrotz betez gero eta nork bere buruarekin exijentziaz jokatuz gero, neurriek balioko dute. Bigarren olatuari aurre egiteko behar dugun jauzia da hori». Txibiteren arabera, bigarren olatu hori Europako herrialde guztietan sartu da indar handiz, baina, Nafarroan, abiapuntua okerragoa izan da, abuztu amaierako eta iraileko ez- festa direlakoen ondorioz.

Bihar, Espainiako Vueltaren etapa Nafarroatik igaroko da, baina Txibitek ukatu egin du hori kontuan izan dutela neurriak indarrean ezartzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.