Albistea entzun

Yazidiak

Sarraski baten biharamuna

Sei urte dira Estatu Islamikoak Xengaleko 300.000 yazidien aurka jo zuela «fedegabetzat» jota. Gutxienez 5.000 lagun hil zituzten, eta beste milaka bahitu; asko oraindik jihadisten menpe daude
Estatu Islamikoak hildako yazidien argazkiak, Duhokeko taberna batean.
Estatu Islamikoak hildako yazidien argazkiak, Duhokeko taberna batean. GAILAN HAJI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Orsola Casagrande -

2021eko otsailak 12

Iraken iparraldeko lurralde kurduko Xengal eskualdea (Sinjar) aipatzen denean, gogora etorri ohi dira Estatu Islamikoak (EI) hango 300.000 biztanle yazidien kontra egindako basakeriak. 2014ko abuztuan, Estatu Islamikoko gizonak helburu bakarrarekin sartu ziren eskualde hartan: yazidien herria deuseztatzea, «fedegabetzat» jotzen zituztenez gero. Urteak joan dira, baina yazidiek hildako senideen bila jarraitzen dute.

Kurdistango Alderdi Demokratikoko buru Masud Barzaniren tropa pexmergak erretiratu zirenean, 250.000 yazidik baino gehiagok —emakumeak, umeak eta zaharrak gehienak— ihes egin zuten Xengal inguratzen duten mendietara. Azkenean, Siriako gizon-emakume kurduen herri milizia (YPG) eta PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) joan ziren hara, ihesean zihoazen yazidientzako pasabide humanitario bat zabaldu eta milaka pertsona salbatzeko.

Ia hutsik geratu zen Xengal: nazioarteko erakunde humanitarioen eta yazidien beren iturrien arabera, gutxienez 5.000 gizon sarraskitu zituen EIk abuztuaren 3ko erasoan. Kotxo herriko biztanle guzti-guztiak, 1.170 pertsona, hil edo bahitu egin zituzten 2014ko abuztuaren 14an eta 15ean. Haietatik 310ek 10 urte baino gutxiago zituzten, eta 558k, 20 baino gutxiago. Bizirik irten ziren emakumeak eta neskatilak saldu egin zituzten sexu esklabo gisa; oso emakume eta neska gutxik lortu dute askatuak izan edo ihes egitea.

Kalkulu batzuen arabera, 12.000 lagun bahitu zituzten, eta haietatik 6.800 baino gehiago, emakumeak eta umeak batez ere, sexu esklabo bihurtu zituzten; jo, eta tratu txar fisiko eta psikologikoak eman zizkieten.

Askok Rojavan aurkitu zuten babeslekua (Siria iparraldea eta ekialdea); gehienek, ordea, Irakeko Kurdistango Gobernuaren iheslari esparruetara joan behar izan zuten, Duhokera batez ere.

Gutxienez 3.200 emakume eta haur oraindik ere jihadisten esku daude, Sirian gehienak, Siriako Indar Demokratikoen ahaleginak eta lorpenak gorabehera. Kurduak dira indar horien buru, eta ehunka emakume eta haur libre uztea lortu dute, Siriako iparraldean eta ekialdean 2020ko martxoan artean ere EIk okupatuta zeuden zenbait eremu askatuta.

Sei urte igaro dira, eta oraindik hobi komunak aurkitzen dituzte tartean behin, EIk hildako yazidi ugari lurperatuta dauden hobiak; 35 aurkitu dituzte dagoeneko, baina kalkulatua dute 80 baino gehiago izango direla segur aski.

Xengalera, orain arte, 26.000 pertsona inguru itzuli ahal izan dira, 966 familia inguru, Xengalgo Administrazio Autonomo Demokratikoko Kontseilu Betearazleko kopresidente Riham Hiçok BERRIAri jakinarazi dionez. 200.000 pertsona, berriz, desplazatuta daude oraindik, Iraken mendeko Kurdistango esparruetan gehienak.

Berreraikitze lanak

Zailtasunak zailtasun, itzuliak diren yazidiak bizimodua berregiten hasi dira, autogobernu egitura batzuk sortuz, eskualdeko azpiegitura publikoak berreraikiz %80 suntsituta geratu ziren, baita etxe batzuk berreraikiz ere %70 geratu ziren suntsituta. EIren mertzenarioek izugarrizko kalteak egin dizkiete, halaber, eskualdeko leku historikoei eta kultuguneei.

«Pexmergek gu abandonatu eta YPGk eta PKK-k erreskatatu ondoren, ikasi eta erabaki dugu nork bere burua defendatu behar duela, eta, ondorioz, ezinbestekoa dela guk geuk gobernatzea geure burua. Beraz, batetik, Sinjarko Administrazio Autonomo Demokratikoaren Kontseilua (MXDS) sortu dugu, eta, bestetik, autodefentsako herri unitateak osatu eta entrenatu ditugu: YBS (Xengalgo defentsa unitateak), YJS (Xengalgo emakumeen unitateak) eta Ezidxan Asayis barne segurtasun indarrak», esan du Hiçok, egunean elektrizitatea eta Internet duten tarte bakanetako batean egindako elkarrizketa batean.

Hala ere, orain egitura horiek mehatxatuta daude, Bagdadeko gobernu zentralaren eta Kurdistango eskualdekoaren artean 2020ko urriaren 9an sinatutako akordio baten ondorioz; akordio horren arabera, Polizia federala, segurtasun nazionaleko agentziak eta agentzia sekretuak bakarrik arduratu ahal izango dira eskualdeko segurtasunaz. «Beste erakunde armatu guztiek Xengaldik irten behar dute», dio akordioak.

Riham Hiçoren arabera, hitzarmen hori «2014ko abuztuaren 3ko sarraskiaren» segida da, eta hauxe gogorarazi du: «PDK eta Irakeko armada Xengalen egon ziren abuztuaren 3a baino bi egun lehenago. Baina Estatu Islamikoa iritsi zenean, biek ihes egin zuten, eta yazidiak babesik gabe utzi zituzten, genozidioaren mende. Irakeko Gobernuak krimen bat egin zuen Xengaldik erretiratzean. PDK-k ez zuen krimen bat egin bakarrik: traizio bat ere egin zuen. Horregatik ez dugu onartzen haiek erabakitzea Xengalen etorkizuna».

Hiçok nazioarteko potentziek akordio horretan egindakoa kritikatu du, eta nabarmendu du «akordio hau AEBek eta NBEk gainbegiratuta» egin zela: «Gure ustez, indar horiek konspirazio horren konplize dira, eta baztertu egin nahi dituzte Xengalgo biztanleak eta gure eskualdearen etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituzten egiturak, libreki aukeratuak. Gainera, hitzarmen hori ez da eztabaidatu herritarrekin, eta, beraz, ez da onartua izan». Presidentekideak gogora ekarri ditu PDKren 2017ko martxoko erasoak, hiriaren kontrola hartzeko PDKren ahalegina, eta 2020an turkiarrek eskualdean egindako aireko erasoak. «PKK kanporatzeko aitzakian, Turkia Xengali erasotzen ari zaio oraindik ere, eta PDK-k eta gobernu zentralak isilik jarraitzen dute», esan du Hiçok.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.