Gerra Ukrainan. Turkia

Turkia, gerrako bitartekari interesatua

Ukrainarekin eta Errusiarekin dituen harremanez baliatu nahi du Ankarak, Mendebaldearekin negoziatzeko. Moskurentzat, zigorren eragina arintzeko tresna bat da Ankararekin duen lotura

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan eta Errusiako Vladimir Putin, Sotxin. V. P. / EFE.
Istanbul
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ukrainako gerraren lehen sei hilabeteetan, Turkiak rol nabarmena izan du nazioarteko beste eragileekin alderatuta, bere interesen arabera jokatu baitu, inguruko herrialdeen ekintzekin bat egin gabe. Nahiz eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide den eta Europa duen bazkide nagusi merkataritza arloan, ez dio zigorrik ezarri Errusiari: ez dio Turkiako aire eremua itxi, eta errusiarrek baimena dute herrialdean sartzeko; ez hori bakarrik, Turkiak estutu egin ditu Errusiarekin zeuzkan merkataritza harremanak. Bestalde, Bayraktar droneak saltzen dizkio oraindik ere Kievi —gailuok, gainera, oso ongi funtzionatu dute Errusiako indarren aurka—, eta Ankarak etengabe defendatu du Ukrainaren lurralde osotasuna.

Ikusi gehiago:Yevgeniya Gaber, Ukrainako Parlamentuko aholkulari ohia: «Oraingoa da Errusiak Ukrainan izan dezakeen presentziarik handiena»

Harreman diplomatikoen oreka joko horretan, Turkiak pauso bat egin du aurrera, eta gatazkako bitartekari nagusietako bat bilakatu da. Martxoan, Ankarak diplomazia lanak egin ondotik, Errusiako eta Ukrainako ordezkari zenbait bildu ziren Turkian, bi aldiz, su etenaren inguruan hitz egiteko, nahiz eta bilkura horietako batek ere ez zuen fruiturik eman. Berriki, baina, Ankarak, NBE Nazio Batuen Erakundearekin batera, funtsezko rola jokatu du Ukrainako zerealak garraiatu ahal izateko korridore humanitario seguru bat ezartzeko negoziazioetan, Istanbulen egoitza bat sortu baitu Ukrainarekin eta Errusiarekin batera zerealen garraioa monitorizatzeko.

Irabazteko asko

Baina zer lortu nahi du Turkiak hain modu aktiboan bitartekari arituta? Hakan Gunes akademikoa aditua da Turkiako eta Errusiako kanpo politikan, eta, haren arabera, eskualdean duen posizio paregabeaz eta Ukrainarekin eta Errusiarekin dituen harremanez baliatu nahi du Ankarak, kezkagarri zaizkion auzien inguruan negoziatzeko Mendebaldearekin. «Turkiak espero du Mendebaldeak pauso positiboak emango dituela, nahiz eta oraindik ez den izan halakorik. Besteak beste, espero du AEBek Turkiaren aurkako politikak leuntzea, Ankarak onartu egin baitu Finlandia eta Suedia NATOn sartzea», adierazi du Gunesek. «Adibidez, Washingtonek ez zion F-35 gerra hegazkinik saldu nahi Ankarari; orain, ordea, hizketan ari dira, ea tratua egiten duten F-16 ehiza hegazkin batzuen inguruan, zeinak ezinbestekoak baitira Turkiako armadarentzat», gehitu du Gunesek. Akademikoaren ustez, Mendebaldeak men egiten badie Turkiaren eskaeretako batzuei, Ankarak gehixeago egingo du Errusiaren kontra, eta gehiago sostengatuko du AEBen eta Europaren jarrera.

Bestalde, Turkiak harreman ona zuen bai Moskurekin eta bai Kievekin gerra hasi baino lehen ere, eta komeni zaio bi lotura horiei eustea. Are, gatazka piztu baino lehen, misil antiaereoen sistema bat erosi zion Errusiari, zeina arriskutsutzat jotzen baita NATOren aireontzientzat. Gainera, Ankararentzat beharrezkoa da aurrerantzean ere harreman egonkorrak izatea Moskurekin beste zenbait eremutan, hala nola Libian, Sirian eta Kaukason, bi herrialdeek direnak eta ez direnak egin baitituzte lurralde horietan daukaten eraginari eusteko elkarren arteko harremanei kalte handirik egin gabe. Halaber, Turkiak Ukrainatik inportatzen du herrialdean kontsumitzen den gariaren eta ekilore olioaren %50, eta urtero hango kostaldera jotzen duten turista errusiar eta ukrainarrek biziarazten dute Turkiako ekonomia. «Nahiz eta Errusia tarteka haserretu egiten den Turkiak Kievi asko laguntzen diolako ekipamendu militarrari dagokionez, Moskuk ere etekina ateratzen dio Ankararekin duen harremanari, Mendebaldeak ezarritako zigorren eragina arintzeko tresna bat baita lotura hori, baina baita Kievekin komunikatzeko bide bat ere», xehatu du Ogul Tunak Turkiaren eta eremu postsobietarraren kanpo politikan aditua da Tuna. Ukrainaren eta Errusiaren arteko oreka joko horri eutsiz, zera ere lortu nahi du Ankarako gobernuak, Turkiako ekonomiak zigorren eta akordioak etetearen ondoriorik jasan behar ez izatea. Duela urte bat baino gehiagotik, Turkia krisi ekonomiko larri batean sartua da: datu ofizialen arabera, inflazioa ia %80 da, eta, ekonomialari batzuen arabera, %170. «Beranduenez hamar hilabeteren buruan, hauteskunde orokorrak egingo dira Turkian. Recep Tayyip Erdogan presidenteak nolabaiteko egonkortasun ekonomikoari eutsi behar dio ezinbestean. Baldintza horietan, diru sarrerak eskuratu nahi ditu Turkiak, edonondik datozela ere. Elkarlanean aritzeko prest dagoen edozeinen laguntza onartzen du», zehaztu du Gunesek.

Reutersen arabera, Turkiak lehen baino bi aldiz petrolio gehiago inportatu du Errusiatik azken hilabeteotan, eta sistema bat ezartzea adostu du Errusiako gasaren parte bat errublotan pagatzeko. Gainera, Turkiako bankuak lanean ari dira Errusiako txartelekin ordaintzeko modua emango duen sistema bat abiarazteko, Visa eta Mastercarden alternatiba gisa, errusiarrek ezin baitituzte erabili azken horiek, zigorrak direla eta. Neurri horrek larritasuna eragin du Mendebaldeko hiriburuetan, eta hizpidera ekarri dute Ankarari zigorrak ezartzea, baldin eta ikusten badute zigorrak saihesten laguntzen ari zaiola Errusiari. TUSIAD Turkiako enpresarien elkarte nagusiak adierazi duenez, Wally Adeyemo AEBetako Altxorraren idazkariordeak gutun bat bidali die, eta, hartan, esan die balitekeela Turkiako enpresei ere zigorrak ezartzea harremana izanez gero zigorren bat duten Errusiako entitate edo norbanakoekin. «Hori gertatzen bada, litekeena da kalte handia eragitea Turkiako ekonomiari. Politikan, Turkiak berriz pentsatu beharko du nola bideratu Ukrainaren eta Errusiaren arteko oreka jokoa, nahi eta nahi ez, eta baliteke horrek Ankararen eta Moskuren arteko harremanak zailtzea», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.