Energia eolikoa

Aztertzen ari dira 43 parke eoliko egiteko eskariak

Oraingo parkeen potentzia 1.520 megawattekoa da denera; proiektu guztiak eginez gero, halako bi litzateke. Hamarkada batez, geldi egon da sektorea, baina, 2021etik, berpiztu egin da

JESUS DIGES / EFE.
mikel p ansa
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gaur egun 44 parke eoliko ari dira lanean Euskal Herrian. 1.400 errota edo poste inguru dira, lurrekoak guztiak, eta mendietan zein landa eremuetan daude. 1.520 megawatteko potentzia dute guztien artean. Baina administrazioa 43 parke eoliko gehiago instalatzeko eskariak tramitatzen ari da orain; 1.450 megawatt gehiago erantsiko lituzkete parke berriek eta, beraz, Euskal Herriko indar eolikoa orain halako bi litzateke aurki, eskari berriko parke guztiak eraikiko balira. 27 proiektu berri tramitatzen ari da Nafarroako Gobernua; beste hamar Eusko Jaurlaritza; eta beste hiru badira, gutxienez, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioan —50 megawattetik gorako instalazioak han tramitatzen dituzte—; Statkraft enpresak iragarritako biak gehitu behar zaizkie horiei. Baina izango dira proiektu berri gehiago, energia eolikoaren sektorea indarra hartzen ari baita 2021etik.

Proiektu horiek oso egoera diferenteetan daude, eta ez dute guztiek aurrera egingo; batzuk egitasmoak besterik ez dira oraingoz, beste batzuek badituzte ekonomia sailen baimenak, baina ingurumen baimenak ez; beste batzuk tramiteak bukatzen ari dira. Lehen ere bazterrean geratu izan dira proiektu asko. Esaterako, Nafarroan, Enerfinek eraiki nahi zituen hiru, eta Sacyrrek jarri nahi zituen beste hiru. Aixeindarrek Arkamun eta Iturrietan (Araba) eraiki nahi zituenak ere bertan behera gelditu dira. Ikusteko dago, beraz, 43 parke horietatik zenbat eraikiko diren.



Nafarroan, 30 eskari

Nafarroan hasi ziren eraikitzen lehenak —Erreniegakoa 1996an hasi zen lanean—, eta 39 parke eoliko daude gaur egun. 2019tik, 36 parke sortzeko eskariak jaso ditu Nafarroako Gobernuak. Horietatik bederatzi baztertu dituzte; beraz, 27 eskari daude indarrean. Eta 27 horietatik, zortzik badute Industria Departamentuaren oniritzia. Erriberan jarri nahi dituzte horietatik gehienak: Tutera, Buñuel, Cabanillas, Corella, Larraga, Miranda Arga... aldean. Ingurumen Departamentuak zortzi horietatik bosti eman dizkie baimenak orain arte. Enerfin enpresarenak dira horietatik lau, eta Nordexena bat. Ez da jakina Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioan zenbat eskari tramitatzen ari diren, baina Nafarroan badira beste hiru parke jartzeko proiektuak, behintzat. Hortaz, 30 proiektu aztertzen ari dira orain bertan Nafarroan.

EAEn, beste hamahiru

Konparazioz, beste herrialdeetan ia ez da parke eolikorik. Araban badira bi; Bizkaian, beste bi; eta Gipuzkoan, beste bat. Baina hori ere laster alda liteke, hiru probintzia horietan ere proiektu berrien oldea iritsi da eta: hamahiru parke eoliko eraikitzeko eskariak mahaiaren gainean dituzte instituzioek. Araban eraiki nahi lituzkete horietatik sei; Gipuzkoan beste bost; eta Bizkaian beste bat eraikitzeko proiektu bat bada. Horiez gain, bada beste proiektu bat Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) arterako.

Ipar Euskal Herrian ez da parke eolikorik; 2016an, Oztibarren (Nafarroa Beherea) zortzi errota jartzeko proiektu bat izan zen, baina bertan behera utzi zuten.

Hamarkada batez, etena

Sektore eolikoa zeharo geldirik egon da 2010eko hamarkadan. Nafarroak, EHN Energia Hidroelectrica de Navarra enpresa publikoaren bidez, dirutzak inbertitu zituen 1995etik aurrera; gerora, Accionak bereganatu zituen parke publiko gehienak,; 2010etik aurrera, ia ez da berririk eraiki.

Hegoaldeko beste hiru probintzien bilakaera ez da oso desberdina izan. EEE Energiaren Euskal Erakundeak Eolicas de Euskadi enpresa sortu zuen, Iberdrolarekin, eta 1999an eraiki zuten lehen parkea, Elgeakoa; 2003an, Oiz eta Urkillakoak; 2005ean, Badaiakoa; eta 2006an, Luzuerokoa (Accionak). Geroztik, hamasei urtez, batere ez. 2007an EEEk Eolicas de Euskadiren bere partea saldu zion Iberdrolari. Duela bi urte, enpresa bat sortu zuten, atzera, haize errota gehiago jartzen hasteko: Aixeindar.

Hiru probintzia horietan instalatutako parke eolikoek 153 megawatteko potentzia dute denera; tramitatzen ari diren proiektu guztiek aurrera eginez gero, 400 megawatt gehiago izango dira. Nafarroan, 1.370 megawatteko potentzia dute denera, eta martxan diren proiektu berriek —guztiak eraikiko balira— 1.050 megawatt gehiago ekarriko lituzkete.

Lurralde planik gabe

Parke eolikoek soilik ez, berriztagarrien sektore guztiak hartu du abiada 2021 hasieratik. Nafarroan, energia berriztagarriak baliatzeko ehun proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte bi urteotan. Administrazioak, energia krisiaren testuinguruan, presaz ari dira berriztagarriak sustatzen, baina, berez, ez dute zehaztua parke eolikoak non jar litezkeen. Eusko Jaurlaritza lurralde plan sektorial bat lantzen ari da horretarako; 2023ko udan bukatu nahi du. Nafarroako Parlamentuak martxoan onartu zuen Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea, eta urtebeteko epea eman zion gobernuari, energia berriztagarrien azpiegiturak non ezarri ahalko diren zehazteko. Horiek gabe ari dira tramitatzen eta erabakitzen eskari berriak.

Sustatzaile handiak

Tramitatzen ari diren parke eolikoen atzean, enpresa eta inbertsio funts handi batzuk daude. Elecnorren filial Enerfinek zortzi proiektu ditu martxan. Agrowindek, beste lau —Saudi Arabiako Alfanar taldeak erosi du berriki enpresa hori—. Enel italiarrak, beste lau. Enhol taldearen Eolica Navarrak, beste bi. Nafarroan, horiek guztiak. Aixeindarrek beste bi proiektu ditu, Araban. Blacstone funtsak, Euskal Haizie enpresaren bidez, beste bi eraiki nahi ditu Araban. Grupo Capital Energy Madrilgo enpresa ari da beste zazpi sustatzen. Statkraft Norvegiako enpresa publikoak beste bi eraiki nahi ditu.

Berritze lanetan

Nafarroan mugimendu gehiago ere badaude parke eolikoen arloan. Kalkulatzen da parke eolikoek 20-25 urte irauten dutela. Berritu egin behar dira gero, eta Nafarroako parke eoliko asko adin horretara iristen ari dira. Serralta eta San Gregorioko parke eolikoak —Cabanillas inguruan— 1998an hasi ziren lanean, eta obretan daude orain: 51 haize errota ziren lehen, baina kendu egingo dituzte, horien ordez bederatzi jartzeko. Lehengo 51 errota haiek 30 megawatt inguruko potentzia zuten; orain jarriko dituzten bederatzi errotek, berriz, %30 gehiago: 40 megawatt inguru.

1990eko hamarkadako haize errotak txikiagoak ziren, eta potentzia apalagokoak. 660 edo 850 kilowatt izan zitzaketen, eta 40 metro luze. Oraingoek 3.000 edo 4.000 kilowatt edo gehiago izan ditzakete, eta ehun metrotik gora. Errota gutxiagorekin energia gehiago sortzen da, beraz. Nafarroako Gobernuak aztergai du Montes del Cierzoko parke eolikoa berritzeko eskaria ere, ebatzi gabe oraindik —gaur egun, 86 errota edo poste dira, 33,5 megawatteko potentziarekin guztira; 70 errota gutxiagorekin potentzia lehen halako hiru izatea nahi dute: 99 megawatt—. Eta, datozen urteetan, ugaritu egingo dira parkeak berritzeko eskariak.

Bide beretik, errotak desmuntatu eta birziklatzeko lana ere sortuko da, eta Nafarroako Erriberan halako zentro bat jartzeko asmoa dute Iberdrolak eta FCCk.

Kezka eta oposizioa

Proiektu horiek ez dira oposiziorik gabe aurrera egiten ari. Gipuzkoako Mendiak Aske taldea sortu berri da, herrialde horretako proiektuen kontra egiteko. Azkoitia, Azpeiti, Bergara, Elgoibar, Soraluze, Urretxu, Usurbil, Zestoa, Zizurkil eta Zumarragako taldeak biltzen ditu oraingoz. Arabako Mendiak Aske taldeak urteak daramatza, berriz, herrialde horretako proiektuei aurka egiten. Nafarroan ere mugitu dira herritarrak: Leozko parkearen kontra 3.000 sinadura bildu zituzten, eta Aldaneko parke berriaren kontra, 5.000 —atzera bota zuten hori—. Sustrai Erakuntza fundazioak ehun helegite baino gehiago jarri ditu, bi urteotan Nafarroan aurkeztu diren berriztagarrien proiektuen aurka. Talde horren esanetan, tramiteak errazten eta azkartzen ari dira administrazioak. Ekologistak Martxan taldeak, berriz, salatu du Nafarroan 8.000 hegazti hil direla haize erroten eraginez 1998tik 2021era bitartean —sai arreak eta saguzarrak, batez ere—.

Udalak kontra; eta alde

Alderdi politikoen artean ere ezinegona sortu dute parke eolikoen proiektu berriek. Gipuzkoan, Urretxuko udalak mozio bat onartu du herrian jarri nahi dituzten bi parkeen kontra; EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bat egin dute. Elgoibarren ere berdin, Kortazarko proiektuaren kontra: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek babestu dute parkearen kontrako mozioa. Bizkaian jarri nahi duten parke eolikoaren aurka agertu dira Artzentales, Galdames, Gueñes, Sopuerta eta Zallako udalak. Azpeitian, aldiz, Statkraft enpresaren proiektua aztertzeko prest agertu da udala (EH Bildu).

Ezinegona sortu du proiektu berrien oldeak, baina udal askori diru sarrerak ere ematen dizkiete parke eolikoek, eta denak ez dira kontrakoak. Uxuen (Nafarroa) parke eoliko bat eraikitzeko proiektuaren barruan, lankidetza hitzarmena izenpetu dute udalak eta Capital Energy enpresak: 250.000 euroren diru sarrerak hitzeman dizkio enpresak udalari, urtero. Tuterako Udalak, berriz, urtean 200.000 euro jasoko ditu Corral del Molino parke eolikotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.