Koronabirusa

Hiru astean bikoiztu egin da ZIUetako gaixoen kopurua

Hegoaldeko ospitaleetan 162 pertsona daude ZIUetan, eta denera, 936 gaixo ospitaleratuta. 1.497 positibo atzeman dituzte; egindako proben %8,83. Nafarroan bost pertsona hil dira, eta Gipuzkoan, bat

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Mugatua izan ohi da ospitaleetako oheen kopurua, eta, izurritearen transmisioa handia bada, gainezka egiteko arriskua dago. Ospitaleetako egoerari erreparatzea, beraz, ezinbestekoa da. Hego Euskal Herrian, ospitaleak betetzen hasiak dira. Hiru astean bikoiztu egin da ZIU zainketa intentsiboetako unitateko gaixoen kopurua, eta, atzoko datuak oinarri hartuta, gaur-gaurkoz, 162 pertsona daude ospitaleratuta eremu horretan. Hain zuzen, urriaren 14an erregistratuzen kopuru horren erdia: 81 pertsona. Ospitaleetako gela arruntetan ere egoera ez da nolanahikoa, eta 774 gaixo daude ospitaleratuta. Beraz, guztira, 936 pertsona daude Hegoaldeko ospitaleetan.

Ignacio Garitano Osakidetzak izurritearen jarraipena eta kontrola egiteko duen planaren koordinatzailea da, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako eta ZIUetako egoera izan zuen oinarri atzo arratsaldean eginiko agerraldian. Haren arabera, egoera epidemiologikoa «larria» da, eta kutsatzeek goranzko joera erakusten dute, nahiz eta lehen olatuan baino «motelago» izan. Jakinarazi zuen ZIUetan 268 ohe daudela erabilgarri, eta egun duten okupazioa %38koa dela. Hain zuzen, 104 ohe daude hartuta. Uste du datozen egunetan ikusi beharko dela neurri murriztaileek zer eragin izan duten.

Positiboei dagokienez, oro har, goranzko joera erakutsi dute azken astean, baina asteburuarekin batera behera egin dute atzemandako kasuek; ohiko joera da. Atzo emandako datuak oinarri hartuta, Hegoaldean 1.497 positibo atzeman zituzten, aurreko egunean baino 92 gutxiago. Horretarako, 16.957 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta egindako proben %8,83k eman zuten positibo. Kasu gehienak Nafarroan erregistratu zituzten; guztira, 525 izan ziren positiboak. Hain zuzen, han dago intzidentzia tasarik handiena ere: bi astean 100.000 biztanleko 1.131 positibo egon dira. Eremurik kaltetuenak Iruñerria eta Tutera ingurua dira.

Bizkaian ere egoera larritzen hasia da. Joan den astean gainditu zuen 500eko intzidentzia tasa, eta oraintxe 587koa da. Gainera, 520 positibo erregistratu zituzten, eta Durango, Ermua eta Zornotza dira eremu gorrian dauden eremuetako batzuk. Hain justu, 900eko intzidentzia tasa gainditua dute. Gipuzkoan, positibo gutxiago atzeman zituzten (368), baina intzidentzia tasarik handiena duen lurraldea da oraindik, Nafarroaren ondotik: 948 positibo daude 100.000 biztanleko. Gainera, milako intzidentzia tasa gainditu duten lekuak ere hainbat dira, hala nola Azkoitia, Bergara, Hernani eta Zumaia. Horietako batzuetan baheketak egin dituzte, edo egiten ari dira. Azkenik, Araban erregistratu da positibo gutxien, eta baita intzidentzia txikiena ere. 64 positibo erregistratu zituzten atzo, etatasa 452koa da. Agurain da eremu gorrian dagoen leku bakarra.

Hala ere, gogoan izan behar da Eusko Jaurlaritzak soilik 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herriak hartzen dituela gogoan eremuen banaketan, baina herri txikiago batzuetan intzidentzia tasak ere handiak direla.

Kutsatutakoen adin tarteari dagokionez, batez ere 40 eta 64 urte arteko herritarrak kutsatzen dira gehien. Ondoren, 19 eta 39 urte arteko gazteengan erregistratzen dira kasu gehienak, eta 0 eta 18 urte artekoengan gero. Datuen arabera, 80 urtetik gorakoak kutsatzen dira gutxien.

Nafarroan, bost hildako

Nafarroako Gobernuak hildakoen berri eman zuen. Jakinarazi zuenez, beste hiru pertsona hil ziren herenegun COVID-19aren ondorioz: 69 eta 88 urte arteko hiru gizonezko. Hala ere, erantsi zuen aurreko egunetako beste heriotza batzuen berri ereizan zutela, eta, beraz, azken eguneko hiru heriotzei beste hiru gehitu behar zaizkiela. Beraz, beste sei pertsona hil dira Nafarroan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere zahar etxeetako egoeraren berri eman zuen, egunero egin ohi duen eran. Jakinarazi zuenez, pertsona bat hil zen atzo Donostiako egoitza batean, eta beste zortzi positibo atzeman dituzte. Beraz, gaur-gaurkoz, Gipuzkoako egoitzetako egoiliarren artean 114 kasu daude; besteak beste, Beasainen, Hondarribian, Zumaian eta Errenterian. Hala ere, bada berri pozgarriagorik; izan ere, nabarmendu zuten gaixo zegoen egoiliar batek koronabirusa gainditu duela.

Bizkaiko egoitzetan, berriz, ez da heriotzarik izan azken lau egunetan, eta bigarren olatuan 81 egoiliar hil dira, Bizkaiko Foru Aldundiak ohartarazi zuenez. Haren arabera, oraintxe zahar etxeetako 49 egoiliar daude positibo emanda, hala nola Bilbon, Fikan, Portugaleten, Durangon eta Leioan; hain zuzen, guztira, zazpi zahar etxetan. Are, langileen egoera ere oinarri izan dute, eta gaineratu 89 langilek eman dutela positibo, eta beste 61 bakartuta daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.