«Alokairu eskuragarriak» bultzatuko ditu Jaurlaritzak

21.000 eta 39.000 euro arteko errenta dutenentzat izango dira. Promotoreei 18.000 eta 45.000 euro arteko diru laguntzak emango dizkiete

Etxebizitza batzuk eraikitzeko lanak, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak etxebizitza promozio pribatuak bultzatuko ditu, betiere 21.000 eta 39.000 euro arteko errentak dituzten familia unitateentzako «alokairu eskuragarriak» baldin badira. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak atzo iragarri zuen neurria, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Arriolak adierazi zuen titulartasun publikoko lursailak 12.000 eurotik beherako errenta duten familia unitateentzat —Etxebiden izena emandako familien %56— izango direla aurrerantzean ere, baina gehitu zuen 21.000 eta 39.000 euro arteko errentak dituzten unitateek ere «zailtasunak» dituztela egun merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko: «Baliabide gutxien dituzten taldeen lehentasunari eusteaz gain, ateak ireki behar dizkiegu beste sektoreei».

Hori dela eta, «titulartasun pribatuko lurzoruak» mugitu nahi ditu Jaurlaritzak, Arriolaren hitzetan, tarteko errentak dituzten unitate horientzat. Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emanda dauden 7.000 unitatek betetzen dituzte baldintza horiek, sailburuaren datuen arabera.

Hala, Jaurlaritzak 18.000 eta 45.000 euro arteko diru laguntzak emango dizkie promotoreei errenta tarte horretan dauden familientzat eraikitzen duten etxebizitza bakoitzeko. Alokairu kontratuek gutxienez hogei urtekoak izan beharko dute, eta, halakoetan, 18.000 euro emango zaizkie sustatzaileei. 50 urteko kontratuak sinatzen dituzten promotoreei, bestalde, 45.000 euroko diru laguntzak emango dizkiete. Kontratuen luzapenei dagokienez, hamar urte luzatzean beste 12.000 euro emango zaizkie, eta, hogei urtez luzatuz gero, 24.000 euro.

Arriolaren arabera, neurria hilabetearen amaieran sartuko da indarrean, eta promotoreen artean «onarpen zabala» izatea espero du.

Etxebizitzak, printzipioz, Etxebide zerbitzuan izena emana duten familia unitateei adjudikatuko zaizkie. Hala ere, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, adjudikazioa egitean ez badago eskatzaile nahikoa eraikitako etxebizitza guztietarako, errenta maila horretan dauden baina Etxebiden izena emana ez duten familiei ere zabaldu ahalko zaie eskaintza. Azken neurri horrekin ere etxebizitzak geratzen badira adjudikatu gabe, Alokabidek «Bizigune programaren baldintzekin eta kanonarekin» alokatuko dituela iragarri zuen Arriolak.

Alokairu mugatuak

Kontratuetan, baina, alokairuek gehienezko prezio bat izan beharko dute. Donostian, Bilbon eta Getxon (Bizkaia), 21.000 eta 30.000 euro arteko errenta duten familiek hilabetean gehienez 7,5 euro ordaindu beharko dituzte eraikitako metro koadro bakoitzeko, edo udalerriko batez besteko prezioaren %75, AME Alokairu Merkatuaren Estatistikaren datuetan oinarrituta. 30.001 eta 39.000 euro arteko errenta duten unitateei, berriz, metro koadroa gehienez 8,5 euro kobratu beharko diete, edo udalerriko batez besteko prezioaren %85.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gainontzeko udalerrietan, lehen errenta tarteko unitateek metro koadroko 7 euro ordainduko dituzte gehienez, edo batez besteko prezioaren %70. Bigarren errenta tarteko familiek, berriz, metro koadroko 8 euro edo merkatuko batez besteko prezioaren %80.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.