Koronabirusa. Eragina ekonomian

Merkatua diruz bete dute banku zentralek, sistemak porrot ez egiteko

EBZ motz geratu dela uste dute burtsek, eta haietako askok inoizko egunik okerrena izan dute

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea, atzo, Frankfurten. ARMANDO BABANI / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
2008ko krisiaren ikasgaia ikasi dutela erakutsi nahi dute banku zentralek. Koronabirusari aurre egiteko neurriek finantza sektorearen funtzionamendua gerarazi aurretik, diruz beteko dituzte merkatuak. Europako Banku Zentralak 120.000 milioi euroren erosketak agindu ditu zor publikoan eta pribatuan, eta nahi beste likidezia agindu die bere eremuko bankuei. AEBetako Erreserba Federalak, berriz, 1,35 bilioi euro baliatuko ditu Altxorreko bonoak erosteko, «ezohiko mugimenduak» ikusi dituelako merkatu horretan.

Fed-en erabakiak arnas pixka bat eman zien AEBetako burtsei, eta zabaldutakoan galdutakoaren zati bat berreskuratu zuten. Baina gutxi iraun zuen aireak, eta Europako merkatuen amiltzen jarraitu zuten. Historikoa izan zen jaitsiera Europako burtsetan. Inoizko erorketarik handiena izan zuten Milango burtsak (-%16,9), Madrilgo Ibexek (-%14),Parisko CACek (-%12,3), eta kontinenteko enpresa indartsuenak biltzen dituen indizeak, Eurostoxx 50ek(-%12,3).

Europako burtsen amiltzea bizkortu egin zen arratsaldean hasieran, Christine Lagardek EBZren Frankfurteko egoitzan hitz egin ahala. Merkatuek ulertu zuten motz geratu zela Lagarde, eta neurri gogorragoak eskaini behar zituela euroguneari gainera etor dakiokeen atzeraldia arintzeko. Lagardek garrantzia kendu zion burtsen berehalako erreakzioari, eta epe erdirakoak axola zitzaizkiola esan zuen.

Eskaera estatukideei

«Shock handi bat jasaten ari gara», aitortu zuen EBZko buruak, baina argi utzi zuen krisiari aurre egiteko eginahal handienak estatu kideei dagozkiela, eta berriro eskatu zien aurrekontuak eta zerga politika erabiltzeko krisiaren kalteei aurre egiteko. Alemaniak, Espainiak, Italiak eta beste estatukide batzuek funts bereziak iragarri dituzte osasun gastuei aurre egiteko, enpresa txikiei eta ertainei finantzaketa errazteko, eta sektore batzuen geldialdiaren ondorioz lana galduko dutenei laguntzeko.

EBZk, bere aldetik, ez zuen interes tasa ofiziala aldatu —zeron daude 2016az geroztik—, eta bere horretan utzi zuen bankuek EBZn dirua gordetzeagatik ordaindu behar duten interesa, %0,5ekoa. Horren ordez, iragarri zuen indartu egingo duela zorra erosteko programa. 2019ko urtarrilean eten zuen pentsatuta bere lana eginda zuela, baina urte horretako azaroan berriro martxan jarri behar izan zuen, ikusita hazkundea oso motela zela. Gaur egun hilero 20.000 milioi euroren zor publiko eta pribatuak erosten ditu merkatuetan; orain beste 120.000 milioi euro gastatuko ditu urtea amaitu bitartean. Lagardek aipatu duenez, nahiko zor izango da erosteko, euroguneko estatu batzuk zorpetu egin beharko dutelako «osasun gastu gehigarrei aurre egiteko».

Bestetik, bankuei nahi beste likidezia bermatzen dieten TLTRO programak zabalduko ditu.

Erabakiak «aho batez» hartu dituztela zehaztu zuen Lagardek. EBZ zatituta dago, ekonomiari eusteko ezohiko neurriak babesten dituztenen eta neurri horiek bertan behera uztea defendatzen dutenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.