Albistea entzun

Agus Hernan. Foro Sozialeko bozeramailea

«Legealdian irekirik den aukeraren leihoa baliatu behar dugu»

Espetxe politika norabidez aldatzeko lehen faseak bi urte iraun du. Bigarrena hasi berri, Agus Hernanek arrisku gisa ikusten du Auzitegi Nazionalaren eta fiskaltzaren jokabidea.
IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko abuztuak 1

Irlandan, Stormonteko akordio nagusitik eratorri ziren gatazka konpontzeko neurri eta politikak. Euskal Herrian, aldiz, «ez da egon akordio nagusirik», Agus Hernan Foro Sozialeko eledunaren arabera (Irun,1962). Beste bide bat hartu da. Konponbidearen prozesua behetik gorako eskailera batekin alderatzen du Hernanek: poliki-poliki, gai nagusi bakoitzean —ETAren armagabetzeak, biktimak, memoria, torturak eta presoen auziak— kontsentsuak eraiki, eta gorantz egin. Presoen kasuan, eskaileran gora, lehen fasea gainditu berri da: «Azpimarratu nahiko nuke preso guztiak gaur egungo posizio politikoa kontuan hartu gabe hurbildu dituztela». Bigarren faseari heltzeko atseden tokira heldu da eskailera. Erronkak eta zailtasunak zein diren azaldu du.

Bigarren fase horri begira, zer helmuga jarri dituzue?

Zazpi jarri ditugu, baina batez ere hiru dira erabakigarriak. Batetik, Frantziak egindako zigorren batuketa dago, eta 50 presori eragingo die. Bigarrenik, 119 preso inguru hirugarren gradura iragateko bidean dira: idatziak egin dituzte jada, egindako kaltea onartu dute, ETAko biktimei begirako enpatia erakutsi dute, eta asko erantzukizun zibila ordaintzen ari dira. Hirugarrenik, 7/2003 legearen arabera zigortutako presoen auzia dago.

Hori al da zailtasun nagusia?

Bai. Bi korapilo nagusi ikusten ditugu eta bien artean zailena, 7/2003 legeari dagokio. Egoera oso konplikatua da. EPPK-ko kideen erdiak daude egoera horretan. Gaurko datuen arabera, legedi hori aplikatuta, azken presoa 2056an aterako litzateke. Datu horren berri duten eragile politiko instituzional guztiek diote hori ez dela posible. Hori beste modu batera konpondu behar da.

Funtsezkotzat jo duzu konponbidearen aldeko borondate hori. Non datza?

Euskal Herrian kontsentsu zabala dago. Bi gobernuek, alderdi politikoek eta sindikatuek borondatea dute. Espainiako Kongresuaren %55en babesa dago, eta Madrilgo gobernuak gaia aztertzeko borondatea du.

Auzitegi Nazionalean dago beste zailtasun nagusia. Egoera blokeatzeko arriskua dago?

Bai. Urriaren 1ean, EAEk espetxe eskumena izango du, eta aurretik ere hasi gara antzematen. Espetxe zaintzako batzordeak aldeko txosten bat proposatu dio, aho batez, Euskal Herriko kartzela batean dagoen preso bati. Fiskaltzak errekurtsoa jarri, eta Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehen aretoak atzera bota du. Distantziak distantzia, Katalunian gertatutakoaren pareko agertoki batera goaz. Lan egin dezagun horretara ez ailegatzeko.

Errekurtsoetan, lehen areto horrek du azken hitza. Foro Sozialak bultzaturiko Behatokiak egoera aztertu du. Ikerketaren arabera, zein da haren jarrera?

Magistratua ezaguna da. Prozesuak blokeatzen ari da, sistematikoki. Hori lortzeko, garrantzitsua da fiskaltzak errekurtsoak jartzea ere. Ibilbide horretan parte hartzen duten eragileen artean, espetxe zaintzari dagokio prozesuaren analisi kritikoagoa egitea, normalean; epaileek, aldiz, presoen eskubideak bermatzeko jarrera positiboagoa izan behar lukete. Hemen, alderantziz gertatzen da.

Legezkoa al da areto horrek orain presoei egindakoagatik damutu daitezela eskatzea?

Legean agertzen ez den zerbait eskatzea kezkagarria da. EPPK-k behin baino gehiagotan esan du prest daudela ibilbide horretan urratsak egiteko, aldi berean bermatzen bada horrek ondorioak izango dituela. Horregatik, kezkagarria da orain, bat-batean, legean agertzen ez diren puntuak edo subjektiboki interpretatutakoak oinarri gisa hartzen hastea. Gure ustez, esparru juridiko bat markatu behar da, eta horren barruan preso bakoitzak ikusiko du zer ibilbide egiten duen. Preso bakoitzari dagokio zer urrats egin erabakitzea. Marko hori definitu behar dugu.

Txostenak egiaztatu du fiskalak presoen aldeko espetxe zaintzaren erabaki ia guztiei jartzen diela helegitea. Madrilek, hortaz, esku har dezake jarrera horretan?

Fiskaltza egitura hierarkikoa da. Guk txostena igorri diogu Dolores Delgado Estatuko fiskal orokorrari. Espero dugu arretaz irakurriko duela, eta hierarkia horren barruan neurriak hartuko dituela. Hala ere, jabetzen gara gaia konplikatua dela. Ulertu behar dugu gauza batzuk errazak diruditela eta haientzat ez direla hain errazak. Ikusi besterik ez dago zer garrantzia eman dioten gai honi zenbait alderdik, biktimak eta komunikabidek, batik bat azken hamar hilabeteetan. Presio handia egin dute, eta ez dago eztabaida normalizatu baterako aukerarik.

Zeri erantzuten dio horrek?

Konponbidearen kontrako agenda duen lobby bat dago atzean. Nafarroan, agenda horrek aldaera propioak ditu, eta indar handia dute. EAEn, agenda horrek pisu txikiagoa du, eta, Madrilen, handiagoa. Indarra dute, eta mugitzen ari dira, interes politiko jakin batekin. Madrilgo gobernuaren aurkako estrategia baten barruan erabiltzen da gaia. Dena den, aldi berean, konponbidearen aldeko agenda duten eragile asko daude, baita Espainiako Estatuan ere.

Konponbidearen kontra direnek argudiatu ohi dute espetxe arloko urratsak biktimen aurkakoak direla.

Presoak edo biktimak: Espainiako iritzi publikoan urteetan planteatu da ideia hori, bi elementu horiek kontrajarriak balira bezala. Biktimak eta presoak, bi gaiak konpondu behar dira. Gure ustez, elkarren osagarri dira. Biktimen gaia eta presoen gaia konpontzen baditugu izugarrizko ekarpena egingo diogu bizikidetzari.

Lehen faseak bi urte iraun du. Bigarrenari dagokionez, eperik jartzen duzu?

Ez. Ematen du Pedro Sanchezek legealdia amaituko duela. Lehenik, Kataluniako mahaiak lurralde eztabaidari egonkortasuna ematen dio; bigarrenik, Europako Batasuneko funtsak daude; hirugarrenik, 2023ko bigarren seihilekoan Pedro Sanchez izango da EBko lehendakari. Dena den, nahikoa da Murtzian tximeleta batek hegalak astintzea Madrilen ekaitza sortzeko. Politika likido honetan, kontuz ibili behar dugu, baina legealdi honetan irekirik dagoen aukeraren leiho hori baliatu behar dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Idoia Mendia, atzo. ©PSE-EE

PSEk «legediaren» balioa goraipatu du

Edurne Begiristain

Mikel Unzalu PSEko legebiltzarkide zena oroitu dute. Estatutua goretsi du Mendiak
Isabel Rodriguez eta Olatz Garamendi, atzo, Madrilen. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Beste bi transferentziari buruzko proposamena egingo du Madrilek urrian

Gotzon Hermosilla

Bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak dira Jaurlaritzari eskualdatu beharreko eskumenak. Transferentzia aurten itxi nahi dute
Ehunka lagunek egin dute bat Arrasaten, Sare-ren deialdiarekin

Ehunka lagun Arrasaten, euskal presoen eskubideen aldeko bilkuran

Iñaki Agirre - Jon Ordoñez Garmendia

Eguerdian euskal presoen eskubideen aldeko 50etik gora bilkura egin dira Euskal Herrian, Sarek atzo bertan behera utzi zuen martxaren ordez. Ertzaintza Voxen bilkuraren aurka protestan ari ziren antifaxistei oldartu zaie Arrasaten, eta taberna batean zegoen gizon bat zauritu du.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Otegi: «XXI. mendean burujabetzak estatu izena du»

Edurne Begiristain

EH Bilduk Konferentzia Politikoa egin du gaur goizean Donostian, aurrera begirako erronkak zehazteko. Lan politikoaren, hezkuntza proposamenaren eta plan feministaren inguruan bozkatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna