Aiora Zabala.
PENTSALDIAN

Plastikoak agurtzeko ituna

2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ingurumen politikaz aritzean zaila da gerra eta gasa saihestea egunotan. Errusiarekin lotutako erabaki ekonomikoek trantsizio energetikoa astinduko dute. Auskalo zein norabidetan. Gasarekiko menpekotasuna gutxitzeak ikatza zein energia berriztagarriak bultza ditzake. Azken horiek ez omen dira aski izango ultraeskuindar eta inperialisten grina belikoa, edota Europaren berrarmatzea asetzeko. Baina beste zerbaitez mintzatu nahi dut, albiste on batez.

Nazioarteko hitzarmen batek plastikoen kutsadura ezabatzeko itxaropena handitu berri du. 175 herrialdetako ordezkariek erabaki historikoa hartu zuten hilaren hasieran: plastikoak murrizteko ituna 2024. urterako garatzea. Lorpen galanta da. Klima eta bioaniztasunaren itunak aspalditik daude, baina basoei buruzko bat, adibidez, luzaro eztabaidatu izan da, eta ez da erabakirik hartu.

Plastikoen arazoaz hainbat kontu entzun eta ikusi dugu. Haren geruza geologiko batek markatuko du Antropozenoa, eta munduan plastisfera sortu da (plastikoaren gainean hazten diren organismoena). Amatxik gaztetan plastikoa ezagutu ez zuen arren, gaur elikagaien zorroan, mugikorrean eta hau gordetzen duen sakelako oihalean dago. Puskak eta partikulak ingurumenean bukatzen dute (zabortegian edo toki okerragoetan), hainbat urtez degradatu gabe iraunez. Mikroplastikoak non bilatu, han aurkitu dituzte: Pirinioetako airean, Artikoan, plazentan... Plastikoa non eta nola dagoen geroz eta gehiago dakigu, baina osasunean duen eraginei buruzko ikerketa urria da oraindik.

Plastikoa murrizteko mundu mailako ituna 2024rako garatzea espero da. Legez loteslea izango da, eta plastikoen bizi ziklo osoa barne hartuko du, ekoizpenetik zaborrera. Bi ezaugarriak esanguratsuak dira. Loteslea izanik, klimaren eta bioaniztasunaren itunak baino indartsuagoa izango da. Hortaz, merkurio kutsadura kentzeko Minamatako hitzarmenaren antza du, eta batzuen aburuz, ozonoarekiko egon zen kemena ere (gogoratu Montrealgo protokoloaren ondoren ozono zuloa konpondu zela).

Bizi zikloaren harira, plastikoen kutsadura murrizteko bi estrategia bultzatzen dira. Batetik, plastikoaren ekoizpena eta beharra gutxitzea, ekodiseinua, material desberdinak eta kontsumitzaileen jokabideak tarteko. Bestetik, zaborra kudeatzea, ekonomia zirkularra bultzatuz (birziklatzea, berrerabilpena eta abar). Hori batzuei komeni zaie, ekoizpen moduak dauden bezalatsu mantentzea ahalbidetzen baitu. Baina erabateko zirkulartasuna utopikoa da, ekonomia entropikoa baita; materialen eta energiaren kalitatea eraldaketekin gutxitu ohi da.

Adostu berri diren lau orri hauek negoziazioa ireki besterik ez dute egiten. Bidean hainbat zehaztasun eztabaidatu beharko dira: plastikoak noizko murriztu, zein heinean, zeintzuk debekatuko diren, zergak eta laguntzak nola esleitu, ekosistemetandagoen plastikoa nork bildu,biodegradagarritasuna nola erregulatu, eta abar. Baina ingurumenari buruzko albiste onakhalakoak dira; aurrerapenak ez dira bonba bat bezain astingarriak.

Datorren itunak hainbat eragileren ahaleginak norabide berean bideratuko ditu. Kimika, petrolio eta manufaktura-industrientzat eta salmenta sektorearentzat seinalea da, baita errausketarentzat ere; alternatiben bilaketa biziagotu behar duten seinalea.

Berrogeita hamar bat urtean bazter guztietara zabaldu diren bezala, plastikoak (gaur erabiltzen ditugun moduan) arin desagertzeko bidean daude. Gure ondorengoek eta planetak eskertuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.