Bizimoduaren garestitzea. Interes tasen igoera

Interesak izozkailutik atera dira

Sei urtez zerotik behera egon ondoren, Euriborra positiboa da berriro, EBZk asmoa baitu tasak igotzeko. Hipoteka eguneratu behar duten herritarrak jada hasi dira aurretik baino gehiago pagatzen

Interesak izozkailutik atera dira.
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak izozkailuaren atea ireki du. Inflazio handiari aurre egiteko interes tasa ofizialak uste baino lehenago igoko dituela onartuta, zeropetik atera du herritarrei zuzenean eragiten dien interes nagusia, Euriborra. Sei urtez zero azpitik egon ondoren, positiboa da berriro apirilaren 12az geroztik, eta goranzko joeran darama azken astea.Berri ona da bankuentzat —kexu dira interes tasa apalen ondoren beren negozio arruntak ez duela etekin handirik ematen—, baina txarra maileguak ordaindu behar dituzten herritarrentzat eta enpresentzat, fakturak igoko baitzaizkie.

Azken bi hilabeteetan hipoteka berrikusi dutenek jada antzeman dituzte lehen igoerak —Euriborra, negatiboan egon arren, gorantz zihoan jada—, baina nabarmenagoak izango dira aurrerantzean, Euriborra bizkorrago ari baita orain gora egiten. Bihar jakingo da ofizialki apirileko batezbestekoa zenbatekoa izan den, baina ia ziurtzat jo daiteke positiboa izango dela. Atzo %0,118ko kotizazioa izan zuen, eta, horri esker, hilabeteko batezbestekoa +%0,005era heldu da. Apirileko datua erabiliko da maiatzean berritu beharreko hipoteketan.

De Guindos efektua

Azken egunotako igoera Luis de Guindos EBZko lehendakariordeari lepora dakioke, neurri batean. Joan den astean, Bloomberg-i emandako elkarrizketa batean, De Guindosek onartu zuen EBZk agian udan bertan iragarriko duela lehen tasa igoera, %0tik %0,25era, nahiz eta azpimarratu ezer ez dagoela erabakita, eta dena ekaineko datu makroekonomikoen menpe dagoela.

Baina EBZko buruen komentarioak ez dira inoiz alferrikakoak, eta De Guindosen hitzetatik ondoriozta daiteke banku zentrala merkatuak prestatzen ari dela interes tasen igoerarako, ez ditzaten bat-bateko erreakzioak izan. Hala ulertu dute, De Guindosek hitz egin zuen egunean Euriborra %0,017tik %0,084ra igo baitzen. Urrun geratzen ari da abendukoa, inoizko txikiena, —%0,518ra jaitsi zen, EBZk iradoki ondoren interes tasak ez zirela handituko 2023ra arte gutxienez—.

Baina Ukrainako gerrak areagotu egin du udatik zetorren prezioen igoera, erregai eskasia izateko beldurra zabaldu baitu. Apirileko bileran bertan onartu zuen Christine Lagardek inflazioaren goranzko arriskua asko handitu zela, energia %45 garestitu zelako.

Horren ondorioz, interes tasen igoera atzeratzen ari ziren usoek —Lagarde barne— ezin diote jada aurre egin belatzen presioari. Zenbat igoko diren, hori beste kontu bat da; %0,5 diote zuhurrenek, baina merkatuak hasi dira %0,75 deskontatzen. Laboral Kutxa ez da ausartu kopururik ematera, baina aitortu du «igoera progresiboa eta biguna» espero duela, «datu historikoetara hurbiltzeko».

«Ez da traumatikoa»

Baina nolako garestitze erreala dakar horrek herritarrek pagatzen dituzten hipoteketan? «Zuhurtzia osoz, egoera oso ziurgabea delako», Laboral Kutxak uste du urte amaieran Euriborra %0,5era helduko dela, eta %1era 2023an. Eta adibide batekin azaldu du zer alde izango lukeen hipoteketan: 100.000 euro mailegatu dituena —hogei urtean itzultzeko— 449 euro ordaintzen ari da orain, eta 482,5 pagatuko lituzke Euriborra %0,5era iritsiko balitz; hau da, 33,5 euro gehiago hilean, eta 402 gehiago urtean. Euriborra %1era helduz gero, berriz, 506ra helduko litzateke kuota. Kopuru horiek handitu edo txikitu egingo dira oraingo kuota handiagoa edo txikiagoa bada.

Kutxabankek urrunago begiratu du: urtebete barru %1,5ean espero du Euriborra, eta %1,75ean 2024 amaieran. Historikoki «maila apalak» direla nabarmendu du, baina krisi bat dela eta bestea dela, badira hamar urte ez dela heltzen maila horretara—2012ko urtarrilean, %1,837—.

Edonola ere, bezeroei ezarriko zaien igoera «ez da traumatikoa», Laboral Kutxaren arabera, eta hori bera uste du Kutxabankek ere: «Ez da itzelezkoa, kontuan hartu behar baita nondik datorren, sei urte daramatzagulako tasa negatiboetan». Oraingoz hilean euro batzuk gehiago izango dira, baina kontuan hartu behar da erregaia, elikagaiak eta oinarrizko beste zenbait produktu ere garestitu direla. Okerragoa izango da baldin eta, analista batzuek uste duten moduan, 2023 amaieran Euriborra %2,5era iristen bada. Hala bada, azken urtean 470 euro ordaindu dituen familia batek 750 inguru euro ordaindu lituzke hilean, eta 3.300 gehiago urtean.

Mailegu aldakorrak

Euriborra berriro positiboan egoteak beste aldaketa bat ekar diezaioke maileguen merkatuari. Izan ere, azken urteetan finantza erakundeek tasa finkoetara jo dute, Euribor txikia izanda oso gutxi irabazten baitzuten tasa aldakorreko maileguekin. Horrela, Laboral Kutxak eta Kutxabankek iaz emandako hamar mailegutik zazpi izan ziren tasa finkokoak.Mondragon taldeko finantza erakundeak jarraitu egingo du aurten bere bezeroei halako maileguak eskaintzen, baina onartu du «poliki-poliki» halakoak gutxiago izango direla, Euriborra erreferentzia gisa duten tasa aldakorrekoen mesedetan. Historikoki, aldakorrekoak izan dira erabat nagusi Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian, berriz, tasa finkokoak.

Azken urteetan, Euriborra negatiboan egonda, bankuek asko jaitsi dituzte tasa finkoko maileguen interesak, baina azken asteetan gorantz egin dute horiek ere. «Euriborra negatiboa izatea ezohikoa den bezala, ez da normala tasa finkoa %1etik behera edo haren inguruan izatea», justifikatu du Laboral Kutxak. «Epe luzeko maileguen interesek baldintzatzen dituzte tasa finkoak, eta horiek ere gora egin dute, uste baita tasa oso txikien epea amaitzen ari dela eta egoera normal batera itzultzen ari garela. Baina tasa finkokoetan eskaintzen ditugun irabazi tarteak duela hilabete batzuetakoak dira; beraz, ezin dugu esan baldintzak gogortu direnik». Kutxabankek, berriz, tasa aldakorrekoak merkatu egin ditu azken egunotan.

Berankortasunarekin arazorik ez dute espero Kutxabankek eta Laboral Kutxak, eta biek arrazoi bera eman dute: Hego Euskal Herrian hipoteka ez ordaintzeko arrazoi nagusia lanik gabe geratzea da, eta oraingoz ez da espero langabezia handitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.