Fernando Alonso Abad aske utzi, eta zortzi preso gerturatu dituzte

Erredakzioa
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Fernando Alonso Abad euskal presoa baldintzapean aske gelditu da, 24 urte presondegian eman ondotik. Espainiako hainbat presondegitan egon da orain arte, eta hirugarren graduan eman ditu azken hilabeteak, Martutenen (Gipuzkoa). Apirilean onartu zioten erregimena malgutzea, baina, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, geroago gauzatu zen. 1996an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Andoni Murga Zenarruzabetiarekin batera, ETAko kidea izatea leporatuta.

Horrez gain, bi euskal preso Euskal Herriratu eta beste sei gerturatzeko erabakia hartu du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak: Jose Antonio Borde Gaztelumendi, Ibai eta Mikel Xabier Aiensa Laborda, Itziar Alberdi, Juan Jesus Narvaez, Karmelo Lauzirika, Jose Juan Garcia Gonzalez eta Aitor Esnaola Dorronsoro dira. Horiekin, 85 dira dagoeneko Pedro Sanchez Espainiako presidente denetik gerturatu edo Euskal Herriratu dituzten euskal presoak. Orain arte batera argitaratu duten mugimendu kopururik handiena da atzo iragarritakoa.

Lauzirika eta Garcia Gonzalez dira Euskal Herrira ekarriko dituzten bakarrak, Zaballako espetxera (Araba). Gainerakoak inguruko presondegietara mugituko dituzte, baina Euskal Herritik kanpo egongo dira, hala ere. Aiensa Laborda anaiak, Narvaez eta Alberdi Logroñora (Errioxa) gerturatuko dituzte. Lehen biak, Lugotik (Galizia), eta beste biak, Estremeratik (Madril). Esnaola, berriz, Ocañatik (Gaztela-Mantxa) Soriara (Gaztela eta Leon) mugituko dute, eta Borde Gaztelumendi, Coruñatik (Galizia) espetxe berera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.